Azaroaren 29an Espainiako gorteetarako hauteskundeak izango dira, eta pixkanaka argitzen ari da alderdi batzuek eta besteek zein hautagai aurkeztuko dituzten, baita nor ez den berriz aurkeztuko ere; haietako bat da Jon Iñarritu: iragarri du ez dela EH Bilduren hautagaia izango.
X sare sozialean egin du iragarpena: «Oraingo honetan, ez naiz egongo azaroaren 29ko hauteskundeetarako Euskal Herria Bilduren hautagaien artean». Iñarritu Espainiako Kongresuko eta Espainiako Senatuko hautetsia izan da 2011tik, eta, egun, Kongresuan ari da diputatu. Urteotako errepasoa egin du agurrean: «2011tik euskal herritarrak Senatuan eta Kongresuan ordezkatzeko ohore eta pribilegio izugarria izan ditut. Hamabost urte hauetan, une erabakigarriak bizitzeko eta ikasteko aukera izan dut, beti nire onena ematen saiatuta». Eta gogoan izan du inguruko jendea: «Esperientzia ahaztezinak eta, batez ere, pertsona ezin hobeak daramatzat nirekin: betirako iraungo duten lagunak eta EH Bilduko lankideak; une ahaztezinak izan ditugu elkarrekin. Halaber, beste alderdi batzuetako ordezkariak, erakundeetako langileak, kazetariak eta bidean ezagutu ditudan pertsonak ere oroitu nahi ditut, zorteduna sentitzen bainaiz».
Horiek horrela, eskerrak eman dizkio EH Bilduri, baita Espainiako Kongresuan eta Senatuan ordezkatzeko aukera eman dioten herritarrei ere. Orain, nabarmendu duenez, «oinarrizko militantziara» itzuliko da, baina ez dizkio ateak itxi kargu batera itzultzeari: «Denborak esango du beste ardura batzuetan gure bideak berriro elkartuko diren ala ez; Euskal Herriaren aldeko nire konpromisoak bere horretan dirau».
Iñarritu Aralar alderdiko militantea izan zen, eta Amaiur koalizioa sortzeko lanean aritu zen. Espainiako Kongresuko diputatua eta Espainiako Kongresuko senataria ez ezik, Europako Parlamentuko aholkularia ere izan da.