Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak Jon Olarra euskal presoaren gradu progresioaren kontrako helegitea aurkeztu du. Hoi ikusirik, Sare Herritarrak bere «desadostasuna» azaldu du: «Agerian uzten du justiziarekin zerikusi gutxi duen jarrera bat, eta lotura handiagoa du esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoetatik sustatutako mendekuarekin».
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak maiatzaren 19an onartu zuen Olarraren progresioa, esanez haren eboluzioa «positiboa» dela; besteak beste, argudiatu zuen egotzitako delituen erantzukizuna bere gain hartu duela, justizia errestauratiboko programetan parte hartu duela, lan jardueretan ari dela eta aurrez espetxetik irteteko baimenak izan dituela. Hain zuzen, fiskaltzak berak eta epaileek halako urratsen falta argudiatu izan dute beste zenbait progresioren kontra egiteko.
Ikusi gehiago
Oraingoan, baina, fiskalak adierazi du euskal presoaren eboluzioa «positiboa» bada ere hori ez dela nahikoa argudio etxeratze prozesuan aurrera egiteko. Olarrak eginak ditu hirugarren gradua eskuratzeko beharrezko zigorraren hiru laurdenak, baina, fiskalaren esanetan, «urrun» dago zigor osoa betetzeko epemuga: Olarrak 2032an beteko luke 30 urteko kondena osoa. Hala, helegitea aurkezte hutsarekin, behin-behinean eten dute presoaren gradu progresioa.
Hori ikusirik, Sarek gogoratu du hirugarren graduen onespena «espetxeetako tratamendu batzordeak osatzen dituzten profesionalek» kudeatzen dutela, «egoera gertutik aztertu eta ezagutu ondoren». Horregatik, ez du ulertzen Auzitegi Nazionalak, «400 kilometrora dagoen salbuespenezko epaitegi batek», profesional horien erabakien aurka egitea. «Oso larria dela deritzogu».
Euskal presoen eskubideen aldeko plataformaren iritziz, halako erabakien atzean «errebantxa» dago, eta, asmo horren pean, «biktimen mina» erabiltzea egotzi die Madrilgo aktore judizialei. Hain zuzen, Sarek uste du jokabide horrek ez duela balio min hori arintzeko. «Biktimek beren mina aitortzea eta haren erabilera politikorik ez egitea aldarrikatzen dute. Utz ditzagun biktimak bakean», txarretsi dute.
Horiek horrela, Sarek berretsi du «euskal gizarte osoak partekatutako etorkizun baten eraikuntzan» lan egiteko asmoa duela, eta gehitu du bakearen, konponbidearen eta bizikidetzaren aldeko apustua egiten duela plataformak.
Euskal gizarteari ere bidali nahi izan dio mezua, eta eskatu «bakearen eta bizikidetzaren aldeko urratsak» egiten jarraitzeko. Izan ere, plataformak uste du «guztiena» dela bide horretan aurrera egiten segitzeko ardura. Are, gehitu du aurrera egiteko ezinbestekoa dela «espetxe politika humanista bat» baliatzea, «mendekutik urrun eta indarkeria guztien biktimei tratamendu duina emanez». Bide horretan, Sarek agerraldi jendetsu batera deitu du ekainaren 6rako, Arrasaten (Gipuzkoa). Denak etxera lelopean egingo dute.