Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak atzo eman zuen Jon Olarra euskal presoaren gradu progresioari jarritako helegitearen berri, eta erabaki harekin, behin-behinean eten dute hirugarren gradua, Zubietako espetxeko tratamendu batzordearen onespenarekin adostutakoa. Hain zuzen fiskalak tratamendu batzordearen iritziaren kontra egin duelako, Sare Herritarra kexu azaldu da: «Kezkatuta gaude justizia humanistarekin zerikusirik ez duten jarrera horiengatik». Izan ere, Olarraren progresioaren kontra egiten duen bigarren aldia da.
Olarrari Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak onartu zion hirugarren gradua, hura preso dagoen kartzelako tratamendu batzordeko profesionalek horren alde egin ostean. Baina Sarek salatu du, beste behin ere, presoa zigorra betetzen ari den tokitik «kilometro askotara» dagoen eragile batek oztopatu duela haren progresioa: Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak.
«Ez die jaramonik egiten espetxe barruan egunez egun lan egiten duten profesionalei, eta, zalantzarik gabe, haiek Madrilgo Fiskaltzak baino askoz hobeto ezagutzen dute preso horren bilakaera», erantzun du plataformak.
Bigarren aldia da halakorik egiten duela hilabete gutxian; izan ere, uztailean, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak Olarraren gradu progresioaren kontra egin zuen, fiskaltzaren beste helegite bat zela medio. Zubietako kartzelako tratamendu batzordeak eta Justizia Sailak, baina, berriz ondorioztatu dute Olarrak hirugarren graduan bete beharko lukeela zigorra aurrerantzean. Sailak argudiatu zuen presoak egina duela «espetxe legediak exijitzen duen hausnarketa pertsonala», eta haren jarreran «eboluzio» bat egon dela bermatu daitekeela.
Fiskaltzaren arabera, baina, «azkarregi» da progresioa onartzeko. Hain zuzen, adierazi du bost hilabete soilik igaro direla Espetxe Zaintzako Epaitegiak aurreko progresioa atzera bota zuenetik, eta, beraz, tarte txikia dela bilakaera bat egon ote den zehazteko.
Beste argudio bat zera izan da, Olarrak zigor osoa 2032an beteko lukeela. Fiskalaren iritziz, «luzeegia» da geratzen den epea, baina Sarek kontrakoa iritzi dio, eta legeak ezartzen dituen baldintzak gogoratu ditu: hirugarren gradua eskuratzeko, zigorraren erdia bete behar da, eta hori 2017an egin zuen euskal presoak; beteak ditu baldintzapean aske geratu ahal izateko egin beharreko hiru laurdenak ere. Izan ere, Olarrak 25 urte baino gehiago daramatza preso.
Beste argudio bat «kaltearen erreparazio eskasa» da, fiskalaren hitzetan; zehazki, ezarritako erantzukizun zibiletik «gutxi» ordaindu izana kritikatu du. Horri dagokionez, Sarek erantzun du ordainketa horiek dituen diru sarreren araberakoak izan direla, eta «borondatea» erakutsi duela ordaintzeko. Hala, Sarek uste du helegiteak lotura handiagoa duela «mendekuarekin» justiziarekin baino, eta gehitu du ez duela bat egiten Euskal Herrian «sufrimendu aro bat ixteko beharrarekin» ere.