Jon Sarasua euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Mikel Zalbideren lekua hartuko du, hura euskaltzain emeritu bilakatu baita. Sarasuak irakaskuntzan eta ikerkuntzan egin duen ibilbidea azpimarratu du euskararen akademiak.

Jon Sarasua euskaltzain oso izendatu dute, Iruñean egin duten bilkuran. EUSKALTZAINDIAK UTZIA
Jon Sarasua euskaltzain oso izendatu dute, Iruñean egin duten bilkuran. EUSKALTZAINDIAK UTZIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko irailaren 25a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hautagai bakarra zen, baina gainerako euskaltzainen babesa behar zuen. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu du Jon Sarasua, gaur goizean Iruñeko udaletxean egin duten osoko bilkuran. Mikel Zalbideren lekua hartuko du, hura euskaltzain emeritu bilakatu baita. Euskaltzain osoek egin duten bozketan, gehiengo osoa erdietsi du Sarasuak, Euskaltzaindiaren arautegiak eskatzen duen bezala. Ohar batean, Sarasuak irakaskuntzan eta ikerkuntzan egin duen ibilbidea azpimarratu du euskararen akademiak.

Uztail bukaeran izendatu zuten Sarasua euskaltzain oso izateko hautagai. Izan ere, bi hilabete lehenago Zalbide emeritu bihurtu zen, 75 urte bete baitzituen Donostiako hizkuntzalariak. Maiatzean bertan zabaldu zuten hautagaiak aurkezteko epea, eta hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek: Sarasua bera. Gaurko izendapenaren ondotik, zortzi hilabeteko aldia izango du euskaltzain oso berriak sarrera hitzaldia prestatzeko, eta epe bera izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Geroago, harrera ekitaldia egingo dute.

Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen Sarasua, 1966an, eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da. Hezkuntza arloan egin duen ibilbidea gogoratu du Euskaltzaindiak. «Kooperatibagintza arloan, munduko ekonomia sozialaren arloan, munduko hizkuntza gutxituen arloan eta euskal kulturgintzaren arloan hainbat graduondoko eta masterren sustatzailea izan da Sarasua, 2007. urtetik 2026ra, eta Garabide elkarteko zuzendaritza taldeko kidea da 2006tik», adierazi dute. Horrez gain, nabarmendu dute dozena liburutik gora eta ehunka artikulu argitaratu dituela, bakarka edo elkarlanean.

Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 2021eko azaroan. Akademiaren sustapen batzordeko kidea da 2021etik, eta Euskararen Gogoetagunearen koordinatzailea 2022az geroztik. Mintzola proiektuaren zuzendaria ere bada, Eñaut Agirrerekin batera, eta herri kulturgintzari buruzko ikerketa proiektuaren eratzaile eta haren arduraduna 2025etik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA