Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Soziala eta 2030 Agendako idazkaria izango da hemendik aurrera Jonan Fernandez. Departamentu berria da, eta Lehendakaritzaren menpe egongo da. Haren egitekoen artean egongo dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako politikek bat egitea NBE Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendarekin. NBEk 2015ean onartu zuen garapen jasangarrirako 2030 Agenda, eta helburuen artean ezarri zuen, besteak beste, pobreziaren aurkako borroka, aldaketa klimatikoaren aurkako neurriak, hezkuntza, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta ingurumena. Politika horiek Jaurlaritzako helburuekin txertatzea izango du xedetzat Fernandezek.
Eusko Jaurlaritzaren berregituraketaren ondorioz, memoria eta bizikidetza gaiak Berdintasuna, Justizia eta Politiketako Sailaren esku geratu dira, eta, beraz, aurrerantzean Jonan Fernandez ez da izango Bake eta Bizikidetzako idazkari. Idazkaritza hori desagertu da, baina gobernuan jarraituko du Fernandezek, Trantsizio Soziala eta 2030 Agenda departamenduko buru.