Irlandan, Ingalaterran eta Belgikan izango da datozen egunetan Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduko kidea, besteak beste Jonathan Powell, Bertie Ahern eta Gerry Adamsekin biltzeko, eta Europako Parlamentuan ere izango da.
Etzitik aurrera hasiko ditu bilerak. Ahern Irlandako lehen ministro ohiarekin batzartuko da orduan, Dublinen. Astelehenean, berriz, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren kabineteburu izandako Jonathan Powellekin bilduko da, Londresen. Ahern eta Powell 2011ko urriaren 17an Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzian izan ziren —bukaerako adierazpeneko sinatzaileetako izan ziren—, eta, EH Bilduk prentsa ohar batean adierazi duenez, Otegik "esker ona" helaraziko die "euskal gatazka politikoaren konponbidean izan duten inplikazioagatik". Powellek bitartekari lanetan segitzen du.
Astelehenean bertan, hitzaldi bat eskainiko du Westminsterren Otegik, Erresuma Batuko parlamentuan. Diputatu ugarik iragarri dute bertan izango direla. Aurretik, datorren larunbatean, Sinn Feinen urteroko batzarrean parte hartuko du, Dublinen, eta Gerry Adams eta Martin McGuinessekin bilduko da. Adams ere Aieteko agiriaren izenpetzaileetakoa izan zen.
Asteartean Bruselan egongo da, Europako Legebiltzarrean, "bake mezuaz gain, herri gisa Euskal Herriari dagozkion eskubideak errespetatzeko mezua emateko", koalizioaren oharrak dioenez. "Europako Batasunean justizia sozialean oinarrituriko estatu berri baten sorreraren defentsa" ere egingo du. Friendship taldearen 10. urteurren ekitaldian hitzartzea egingo du. Asteazkenean izango du azkeneko ekitaldia, Bruselan.