Jone Goirizelaiak eta Miren Larrionek legebiltzarkide karguei uko egin diete, eta, hemendik aurrera, udal politikan arituko dira buru-belarri, EH Bilduk ohar batean jakinarazi duenez. Hemendik aurrera, Goirizelaiak eta Larrionek Bilboko eta Gasteizko Udaletan egingo dituzte euren lan instituzionalak, hurrenez hurren. Iragan maiatzeko hauteskundeetan herritarrekin hartu zuten konpromisoari jarraituta hartu dute erabakia, eta bat dator EH Bilduk udalgintzaren alde egiten duen apustuarekin, koalizioak azaldu duenez.
Goirizelaiaren eta Larrionen ordezkoak, berriz, Diana Urrea eta Ibon San Saturnino izango dira, hurrenez hurren. Diana Urrea (Armenia, Kolonbia, 1987) EH Bilduko legebiltzarkidea izan zen joan den legealdian. Turismoan diplomaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko masterra egina du EHUn. Ibon San Saturnino (Gasteiz, 1975), berriz, Arabako EH Bilduko arduradun politikoa da gaur egun, eta, aurretik, arlo instituzionaleko buru ere izan zen. Arkitektoa da San Saturnino, eta eskubide sozialen aldeko eta arrazakeriaren aurkako herri mugimenduko kidea ere izana da.