Jose Luis Geresta, 25 urte erantzunik gabe

Duela 25 urte agertu zen Gerestaren gorpua, Errenterian, tiro batekin buruan. Ertzainen ikerketak ondorioztatu zuen bere buruaz beste egin zuela, baina ikerketan datu «arraro» asko agertu ziren, eta oraindik ere ez dago erantzun argirik.

Jose Luis Gerestaren gorpua, Errenteriako auzo batean agertu zen bezala, 1999ko martxoaren 20an. EGUNKARIA
Jose Luis Gerestaren gorpua, Errenteriako auzo batean agertu zen bezala, 1999ko martxoaren 20an. EGUNKARIA
mikel p ansa
2024ko martxoaren 20a
17:53
Entzun

Gaur duela 25 urte agertu zen Jose Luis Geresta etakidearen gorpua, buruan tiro bat zuela. Errenteriako Zamalbide auzoko (Gipuzkoa) jatetxeko langile batek aurkitu zuen gorpua, sagasti batean, ahoz gora, pistola bat ezkerrean zuela eta tiroa eskuin lokian. 1999ko martxoak 20 zituen, eta larunbat arratsaldea zen. Gerestaren familiak eta ezker abertzaleak hilketa bat izan zela salatu zuten hasieratik. Gorpuaren inguruan nekez eta tantaka agertu ziren datuek galderak besterik ez zituzten ereiten. Baina Ertzaintzaren ikerketak ondorioztatu zuen bere buruaz beste egin zuela, epaileak auzia artxibatu zuen, eta 25 urte geroago galdera horiek argitu gabe daude oraindik ere.

Testuingurua gogoratzea ezinbestekoa da. Lizarra-Garaziko hitzarmenaren garaia zen, alderdi abertzaleek elkarlan bide bat hasia zuten, eta ETAk su eten bat emana zuen. Martxoaren 9an, Gerestaren gorpua agertu baino 11 egun lehenago, zenbait ETAko kide atxilotu zituzten poliziek: Irantzu Gallastegi, Nekane Txapartegi, Sergio Polo eta Kepa Etxeberria. Txapartegi, hain justu, Gerestaren bikotekidea zen.

Zenbait lekukok epailearen aurrean edota abokatuei deklaratutakoaren eta Ertzaintzak egindako ikerketen arabera osatu zuten Geresta non ibili zen 11 egun horietan. Ertzaintzak zabaldu zuenez, martxoaren 14an Andoainen auto gidari bat behartzen ahalegindu zen, beste leku batera eraman zezan; ez zuen lortu. Martxoaren 16an Hernaniko baserri batean bota batzuk lapurtu zituen, eta gerriko poltsa bat galdu zuen; agiri faltsuak agertu ziren hor, Gerestaren argazkiekin. Martxoaren 20an bertan, baserri beraren inguruan, Browning pistola bat agertu zen. Ertzaintzak zera ondorioztatu zuen: «Instrukzioa egiten ibilitako taldeak ondorioztatu du hiru gertaera hauek elkarri lotuta daudela eta denboran ere harremana badutela: Jose Luis Gerestaren ihesaren zati bat dira, martxoaren 10ean Donostia komandoa erori ostean».

Lehengusuaren testigantza

Gerestaren lehengusu bat bizi zen gorpua agertu zen lekutik gertu, 300-400 bat metrora, Zamalbide auzoan. Lehengusu horrek epailearen aurrean deklaratu zuen Geresta etxera joan zitzaiela martxoaren 17an, esanez txip bat zuela haginean, eta poliziak segika zituela.

Hain justu, gorpuari egindako bigarren autopsian —bi aldiz aztertu baitzuten gorpua, familiak behartuta— medikuek ikusi zuten bi hagin atereak eta beste hagin bat tresnaren batekin ebakia zituela, oso mozketa garbiarekin. Auzitegi medikuak egindako azterketan ikusi zuten hil ondoren kendu zizkiotela bi haginak. Ez ziren inon agertu hortz horiek.

Hala deklaratu zuen lehengusuak epailearen aurrean: su etena indarrean zenez ezin zuela arma erabili, eta erabiltzen bazuen borrokan hil zela esango zutela. «Eta tiro batez hilik aurkituz gero, esango dute neure buruari tiro egin diodala», esan omen zion Gerestak lehengusuari.

Asteazken gaua zen, 21:40 inguru. Geresta etxetik atera zenean, lehengusuak bi pertsonaren soslaiak ikusi zituen. Lehengusuak esan zuen bide horrek Zamalbide jatetxera eramaten duela, eta bidean bi pertsona horiek eta Gerestak gurutzatu egin behar izan zutela. Handik hiru egunera agertu zen gorpua, larunbat arratsaldean, metro batzuk harago.

Eta beste egun bat igaro zen gorpua identifikatu zuten arte. Igande eguerdian telefono dei anonimo bat jaso zuten Gara egunkarian: ahots batek adierazi zuen ETAko kidea zela Zamalbiden agertutako hori. Familiak igande arratsaldean berretsi zuen Gerestaren gorpua zela.

Zalantza izpirik gabeko batasuna

Martxoaren 21ean, gorpua agertu eta biharamunean, artean familiak gorpua ezagutu berri zuela, Espainiako Gobernuko eta Estatuko ordezkariek zein alderdi nagusietako ordezkariek ez zuten zalantzarik: Gerestak bere buruaz beste egin zuela esan zuten, besteak beste, Joaquin Almunia PSOEko idazkari nagusiak, Rosa Diez PSE-EEko ordezkariak, Javier Arenas PPko idazkari nagusiak, Jaime Mayor Oreja Espainiako Barne ministroak eta Jesus Cardenal Espainiako Estatuko fiskal nagusiak.

Familiak ez zuen sinetsi suizidioaren hipotesia. «Hori ezinezkoa da Joselu ezagututa», adierazi zuen haren anaia batek, hilaren 21ean bertan egindako prentsaurreko batean. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak «gerra zikinaren beste atal bat» izan zela erantsi zuen.

Ikerketak eta autopsiek, baina, galdera gehiago ekarri zituzten, erantzunak beharrean. Gorpuaz kargu egin zen auzitegi medikuak ez zizkion erradiografiak egin, eta ez zion ahoa aztertu. Familiak izendatutako mediku batek ere ez zuen parte hartu autopsia horretan. Senideek Itsaso Idoiaga medikua izendatu zuten, eta gorpuari beste autopsia bat egin behar izan zioten. Zer ikusi zuen Idoiagak bigarren azterketa horretan? Gerestari ahotik bi hagin atera eta beste bat ebaki ziotela. Lehen medikuak ez zuen ikusi, ahoa aztertu ere ez baitzion egin gorpuari.

Jose Luis Gerestaren hilketaren infoa
Euskaldunon Egunkaria-k 1999ko azaroaren 12an argitaratu zuen infografia hau. EGUNKARIA

Hiru galdera larri

Duela bost urte, Egiari Zor fundazioak hitzaldi bat antolatu zuen Zizurkilen —hangoa zen Geresta—. Hitzaldi horretarako bideo bat grabatu zuen Idoiagak. Bere ikerketan atzeman zituen egitate «arraroak» zerrendatu zituen.

Lehena: Geresta hil zuen bala eskuin lokian sartu eta ezker lokian atera bazen ere, pistola gorpuaren ezkerraldean agertu zela. «Oso arraroa» da hori, medikuaren hitzetan —eskuin eskuarekin tiro bat buruan eman, eta pistolak, lurrean, ezkerrean bukatzea—, ezinezkoa ez bada ere. Egiaztatu zuten pistola lokiaren kontra zegoela jaso zuela tiroa.

Bigarrena: eskuin eskuaren hatz lodia Gerestaren galtzetako patrika baten barruan zegoen. Konbultsioak-eta aintzat hartuta ere, hori gertatzea «arraroa» dela gehitu zuen Idoiagak.

Hirugarrena: ez eskuak, ez pistolak, ez zuten ez odol arrastorik, ez pistolaren tiroaren arrastorik. Idoiagak esplikatu zuen tiro egitean odol eta zelula arrastoak agertzen direla pistolan bertan edota eskuan ere bai. «Eskua oso garbi zuen». Aldiz, Gerestaren patrika batean zapi bat agertu zen, odol eta bolbora arrastoekin, eta susmoa zabaldu zen zapi horrekin garbitu ote zuten pistola. Hatz markarik ere apenas topatu zuten pistolan —ezta gorpuaren ondoan atzemandako txiskeroan eta bestetan ere—.

Gorpua lurrean etzanda zegoen modua ere bitxia zen: ahoz gora, oinak luze, besoak zuzen. «Ahoz gora zegoen etzanda, gorputz osoak lurra ukitzen zuela. Besoak luze zituen, gorputzari itsatsita eta esku azpiak lurrera begira. Hankak erabat luzatuta, inolako flexiorik gabe, ia elkar ukitzen zutela, eta oinak gorantz. Burua ez zegoen jiratuta, zerura begira zegoen».

Ertzaintzak lekuan egindako diligentziek ere sortu zituzten galderak. Argazkien kontua izan zen deigarriena: Ertzaintzak epaileari igorri zion diligentzien lehen txostenean hirurogei bat argazki gehitu zituzten. Argazki horietan, baina, ikusten zen gorpua erabilia izan zela, eta epaileak galdetu egin behar izan zuen ea ez ote zuten gorpua mugitu aurretik argazkirik egin. Ertzainek orduan bidali zituzten argazkietan ikusi zen —gorpua aurkitu eta hilabete inguru geroago— Gerestak hatz bat patrikan sartua zuela.

Galderak asko, baina Ertzaintzak ez zuen zalantzarik agertu ikerketa ixteko: «Instrukzio talde hau honako ondorio honetara iritsi da: Jose Luis Geresta Mujikaren heriotza berak lokian egindako tiro baten eraginez gertatu zen, heriotzan beste pertsonaren baten esku hartzerik gabe». Donostiako auzitegiko epaileak ontzat jo zuen, eta artxibatu egin zuen auzia, 2000ko otsailean, gorpua agertu eta hamar bat hilabete geroago. Besteak beste, epaileak ez zuen esanguratsutzat jo Gerestari haginak norbaitek kendu izana, eta esan zuen heriotzaren edo hilketaren auzia eta haginena bereizi egin behar zirela.

Aitor Ibero abokatuak familia ordezkatu zuen. Duela bost urte, Egiari Zor fundazioak antolatutako hitzaldi berean, gogora ekarri zuen kasua, eta nabarmendu zuen helegitea jarri eta neurri batean arrazoia eman zietela. Izan ere, helegite horri auzitegiek emandako erantzunean, ez zen suizidioaren hipotesia baztertzen, baina zehazten zuen delitugile batzuk bazirela, haginen erauzketaren auziari lotuta gutxienez, eta ezezagunak ziren heinean artxibatu behar zela kasua, baina «behin-behinean». Joan da mende laurden bat harrezkero, eta erantzunik gabe jarraitzen dute galdera askok airean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.