Jose Manuel Pagoaga 'Peixoto' ETAko militante historikoa hil da

Gaixotasun luze baten ondorioz zendu da. 1962. urtean sartu zen ETAn, hemezortzi urterekin, eta gertutik bizi izan zituen urte haietako gertakari garrantzitsu asko. BVEk haren kontrako atentatu bat egin zuen 1979an, eta larri zauritu zuen.

Jose Manuel Pagoaga 'Peixoto', artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jose Manuel Pagoaga 'Peixoto', artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2025eko abenduaren 14a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaixotasun luze baten ondorioz, azken orduetan hil da Jose Manuel Pagoaga Gallastegi Peixoto. Gazte-gaztetatik militante abertzale izandakoa, hemezortzi urterekin sartu zen ETAn, eta gertutik bizi izan zituen diktadura frankistaren azken urteetako gertakari garrantzitsu asko, baita geroko zenbait ere. 

Arrasateko Musakola auzoko Aranguren baserrian (Gipuzkoa) jaio zen, 1944an. Bederatzi urterekin auzoko eskolatik atera zuten, baserriko lanetan laguntzeko, eta hamalau urte egitear zela lanera bidali zuten tailer batera. Gero, eskola profesionalean aritu zen, eta Maisutza bukatu zuen.

Etxetik jaso zuen kontzientzia politikoa. «Amaren etxekoak abertzaleak ziren, bero-beroak, eta amak 1936ko gerrako kontuak kontatzen zizkidan (...). Bere anaia zaharrena zortzi urtean kartzelan izan zuen gure amak. Hamabi bat urterekin hasi nintzen Iparraldea hitza entzuten; ordura arte parte hori Frantzia zen, eta jakin nuen Iparraldean ere bazela euskara», azaldu zion BERRIAri 2018ko apirilean eginiko elkarrizketa batean: «Gu euskaraz bizi ginen, eta harrigarria egin zitzaidan Iparraldean ere asko hala bizi zirela jakitea. Zirimiriarekin bezala gertatu zitzaidan: konturatu orduko mela-mela egina nengoen, kontzientzia barruraino sartua nuen».

ETAren Zutik aldizkariaren bidez izan zuen aurrenekoz erakundearen berri, eta 1962an sartu zen: «Neuk eskatu nuen. Konturatu nintzen kurtsoko bi lagun misterioaren inguruan zebiltzala. Ni hurbiltzean isildu egiten ziren, eta galdetu nien zergatik, ez al ginen ba lagunak. Azaldu zidaten zertan zebiltzan, eta erantzun nien nolatan ez zuten nirekin kontatu. Minduta sentitu nintzen. Taldean galdetu zuten, eta halaxe sartu nintzen ETAn. Hemezortzi urte nituen».

1964an atxilotu zuten lehenbiziko aldiz, eta hurrengo urtean epaitu. 1968-1971 aldian misiolari bezala egon zen Ekuadorren, eta 1971ko irailaren 8an sartu Iparraldera. Han bizi izan zuen Francisco Franco diktadorearen heriotza eta garai horretan Espainiako Estatuan zabaldutako testuinguru politikoa, eta Peixotok berak Xibertako elkarrizketetan parte hartu zuen 1977an: «Helburua zen Madrilera abertzale guztiak batera joatea, Hegoaldeko lau probintzientzat estatutua, amnistia eta alderdien legalizazioa eskatzeko. Nik uste EAJ Txibertara joan zela begirale bezala, ikustera ea zer ikusten zuen. EAJ ez da mutikotxo bat, gauzak ondo begiratzen ditu, urteak dituen alderdi bat da. Berehala ikusi zen jai genuela Nafarroarekin, ikusten zen alderdi batzuk legeztatzeko tramiteak hasiak zituztela».

Xiberta aurretik, ordea, Madrilekin batzartua zen Peixoto, Genevan. ETAko bi adarretako ordezkaritza bana izan zen han, Espainiako armadako ordezkariekin hitz egiteko. Aurrenik pm-koak, azaroan, eta gero ETAm-koak, abenduan, Jose Luis Ansola Pello Zaharra eta Peixoto bera. Hiru urte geroago, 1979 hasieran, Batallon Vasco Españolek haren kontrako atentatu bat egin zuen 1979an, eta larri zauritu zuen.

ETAtik kanpo, besteak beste, Iheslarien kolektiboko bozeramaile jardun zuen, eta HBren hautagaitzan joan zen Europako Legebiltzarrerako 1987an. 1993ko apirilaren 3an, bere konfinamendua bertan behera utzi zuen epaileak, eta Baigorrira itzultzeko baimena eman zioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.