Gaur 40 urte bete dira Herrera de la Manchako espetxean Joseba Asensio Kirruli hil zenetik, tuberkulosia zela eta. Zeldako ohean hilda topatu zuten kartzelako funtzionarioek. Bada, Egiari Zor elkarteak urteurren hori probestu du aldarrikatzeko Asensio bezalako biktimek aitortza behar dutela. Asensioz gain, beste 35 euskal preso hil dira azken hamarkadetan Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako espetxeetan, eta bisitak egitera bidean zihoazen beste hamasei senide ere hil dira, ia denak trafiko istripuz.
Horiez gain, Egiari Zor elkarteak gogorarazi du beste bi kondenatuk beren buruaz beste egin zutela espetxealdia saihesteko. Elkarteak uste du heriotza horiek guztiek zerbait dutela antzeko: «Guztietan erabakigarria izan da salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa». Are, nabarmendu dute «gobernuek hartutako erabakien emaitza» izan dela salbuespen politika. Hori dela eta, uste dute «erantzule zuzenak» dituztela heriotza horiek, eta erantzukizuna hartzeaz gain onartu behar dutela «gatazka politikoan pentsatu zutela pertsona batzuk heriotzaraino eraman zitzaketela».
Egiari Zor-ek, horrez gain, kritika egin die «memoria publiko bat eratzeko beharraz mintzo» diren sektoreei, uste baitu ez dituztela aintzat hartzen «indarkeria instituzionalak eragindako heriotzak»; are, «inoiz gertatu ez balira bezala» egiten dutela uste dute. Legea ere bide horretan dagoela gehitu dute, «ez duelako haien kasuistika jasotzen».
Hori dela eta, aldarrikatu dute ez dutela etsiko gatazkaren biktimak aitortzeko legea aldatu arte, «lekua izan dezaten zuzeneko indarkeria adierazpenek ez ezik presoen eta haien familien aurka zeharka eragindako bortxa adierazpenek ere»: «Gertatutakoaren memoria ezin da mugatu ikuspegi partikular eta alderdikoiekin zerikusi handiagoa dutenen interesetara».
Erasoa oroigarriari
Duela gutxi, maiatzaren 29an, jakinarazi zuten Joseba Asensio Kirruli-ren oroigarria margotu zutela gauez. Ez hori bakarrik, haren izena duen herriko tabernaren kristal bat ere hautsi zuten, eta ondoan jarrita egon ohi diren Iñigo Cabacasen omenezko loreak ere lapurtu zituzten. Inguruko paretetan mezu faxistak eta svastika naziak ere margotu zituzten.