2.539 boto jaso ditu Juaristik EH Bilduren barne hauteskundeetan (botoen %75,61); Lopez de Lacallek, aldiz, 733 (%21,83). Horiez gain, 86 boto zuri eman dituzte barne prozesuan izena eman dutenek. Denera, beraz, 3.358 lagunek parte hartu dute Europako bozetarako EH Bilduren hautagaia aukeratzeko prozesuan, aplikazio digital baten bidez eta presentzialki.
Azken datu hori nabarmendu du, hain zuzen, EH Bilduk: "Mugimenduaren barne bizitzari egindako ekarpena". Parte hartzeko aplikazioan izena eman zeudenetatik, ia erdiek eman dute botoa (%43,63).
Beste prozesu bat ere egin dute Nafarroako hauteskundeetarako zerrenda osatzeko. Emaitzak aintzat hartuta, ondorengoek osatuko dute zerrenda: Adolfo Araiz, Laura Aznal, Maiorga Ramirez, Patricia Perales, Miren Aranoa, Txomin Gonzalez, Arantza Izuriaga, Patxi Zamora, Miren Zabaleta, Joseba Gines, Esther Korres, Carlos Arellano, Dabid Anaut, Blanca Unzue eta Andres Etxenike.
EH Bilduri dagozkion erabakietan "oinarriek hitza eta erabakia" izan dezaten, halako prozesuetan sakontzeko asmoa dutela esan dute.