Estatuaren indarkeriaren biktimen kasuak ikertzeko garaian Espainiako instituzioek dokumentazioa lortzeko zailtasunak ipintzen dituztela salatu du Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak. Bi kasu zehatz aipatu ditu: Josu Mujika Ayestaranena eta Josu Zabala Erasunena. Josu Zabalaren kasuan, GEBehatokiak azaldu duenez, «epaileak Datuak Babesteko Legea eta Sekretu Ofizialen Legea baliatu ditu artxibo horien eskaerari uko egiteko». Josu Mujikaren kasuan, berriz, «epaitegiak berak egindako ikerketaren ondoren egiaztatu da eskatutako dokumentazioa desagerrarazi egin dutela».
Traba guzti horien ardura, GEBehatokiaren ustez, Espainiako Gobernuak du; hari egotzi dio Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legea betetzeko «kemen politiko falta». Haien esanetan, «estatu sakonak inpunitatea bermatzen jarraitzeko ahaleginari eusten dio».
GEBehatokiak ohartarazi duenez, Estatuaren indarkeriaren biktimei «artxibo ofizialak eskuratzeko eskubidea ukatzen diete, eta horrek biktimizazio berria eragiten die». Jarrera horren errudun egin ditu epaileak, «gehienek Memoria Demokratikoaren 20/2022 Legea aitortzeari uko egiten diotelako». Horretarako, 46/1977 Amnistia legean eta 1968ko Sekretu Ofizialen «lege frankista» babesa hartzen dutela kritikatu dute, eta, horren ondorioz, «kereilak eta haien aurkako errekurtsoak ezesten dituzte, frankismoaren garaiko kriminalak ikertzea eta, hala badagokio, epaitzea eragozteko».
GEBehatokiak azaldu ditu Mujikaren eta Zabalaren auziak argitzeko izan dituzten oztopoak. Biak daude Estatuaren indarkeriaren biktima gisa aitortuak: Josu Mujika judizioz kanpoko exekuzio baten biktima izan zen Madrilen, 1976ko uztailaren 30ean, poliziaren tiroen ondorioz. Josu Zabala, aldiz, Guardia Zibilak hil zuen Hondarribian, 1976ko irailaren 8an.
«Dokumentu judizialak suntsitzea erabaki politiko bat da, erantzukizunak ezkutatzen saiatzeko hartutako erabaki bat»
Mujikaren kasuan, GEBehatokiak 2024an aurkeztu zuen kereila, eta gaur-gaurkoz bide judizialean jarraitzen du, Madrilgo 12. instrukzio epaitegian. Azaldu dutenez, epaileak dokumentazioa eskatu zien gertakarien garaian ikerketa espedienteak ireki zituzten bi organoei: Madrilgo 12. instrukzio epaitegiari eta Madrilgo 6. epaitegi militar iraunkorrari. Haien erantzuna izan da dokumentazioa ez dagoela artxiboetan. «Defentsako Artxibo Nagusi eta Historikoak emandako erantzunean honako hau aitortzen da: ‘292/75 sumarioari dagokion jatorrizko espedientea ez dago artxibo honetan gordetako dokumentu funtsen artean, gure aurkibideak eta inbentarioak berrikusi eta aztertu ondoren’». Bestalde, 91/1975 sumarioaren kasuan, dagokion artxiboak epailearen lehen probidentziari erantzunez adierazi zuen «sumario hori ezin izan dela aurkitu». GEBehatokiaren esanetan, desagertu ez baizik eta «desagerrarazi» dute dokumentazioa: «Dokumentu judizialak suntsitzea erabaki politiko bat da, erantzukizunak ezkutatzen saiatzeko hartutako erabaki bat».
Opakutasunaren beste adibide bat, GEBehatokiaren ustez, Josu Zabalaren kasua da. «Epaileari eskatu genion Coruñako Epaitegi Militarrari aurreko eskaeran emandako dokumentuak eskatzeko. Gure harridurarako, epaileak eskaera ukatu du, honako argudio hauek erabiliz: 'Datuak babesteko legediaren aurkakoa' dela eta 'sekretu ofizialen arloan aplikatzekoa den araudiaren aurkakoa' dela, 'legez mugatuta egon daitekeen informazioa eskuratzea edo zabaltzea ekar dezakeen neurrian'».
Bi kasu horien beste aldean dago Arturo Ruiz Garciarena. Ezkerreko militante espainiar hori eskuin muturreko talde bateko kideek hil zuten Madrilen, 1977ko urtarrilaren 23an. 19 urte zituela. GEBehatokiak azaldu duenez, Espainiako Ministroen Kontseiluak aste honetan bertan kasu hori ikerketzeko polizia txostenak desklasifikatu ditu, eta datozen egunetan familiaren esku jarriko dituzte. «Erabaki hori txalotzen dugu, eta espero dugu salbuespen hutsa ez izatea».