Josu Unanue hiesaren kontrako borrokaren militante historikoa hil da, Bermeon

2015ean EH Bilduko hautagaia izan zen Bizkaiko ahaldun nagusi izateko.

JOSU IMANOL UNANUE
Josu Unanue, artxiboko irudi batean, 2022an. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko abenduaren 15a
18:30
Entzun

Josu Imanol Unanue hil da (Bermeo, Bizkaia, 1958), bere jaioterrian, duela lau hilabete buruan atzeman zioten minbiziaren ondorioz. Unanue oso ezaguna zen Bizkaiko gizarte mugimenduan: hiesaren kontrako borrokaren aitzindaria izan zen, eta lan handia egin zuen esparru horretan. Politikan ere aritu zen: 2011ko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendan aurkeztu zen Bermeon, eta agintaldi hartan alkateorde ere izan zen; lau urte geroago, berriz, EH Bilduko hautagaia izan zen Bizkaiko ahaldun nagusi izateko.

Itsasoarekin lotura estua zuen familia batean jaio zen Unanue: haren senitarteko asko arrantzaleak ziren edo Bermeoko kontserba industrian lan egiten zuten. Bera ere zortzi urtez aritu zen beharrean itsasoan, eta ikasketekin uztartu zuen.

1985ean hiesa atzeman zioten, eta bi urteko bizi itxaropena eman zioten. Unanue hiesaren kontrako eta gaixoen eskubideen aldeko lanean murgildu zen buru-belarri: 1988an Txo Hiesa elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta 1992an T-4 elkartearen sorreran parte hartu zuen. Urte haietan, kontzientziazio eta dibulgazio lan handia egin zuen.

«Egundoko sufrimendua oroitzen dut», azaldu zion Unanuek BERRIAri 2021ean, hasierako urte haiek gogoan: «Bakardadea da munduan dagoen gauzarik txarrena, eta horregaz hasi ginen denok». 2000. urtean, Txo Hiesa elkartea Bizkaitar Argia izendatu zuten, eta Unanuek jaso zuen saria.

Jarduera politikoa

Urte askoan, irakaskuntzan aritu zen Unanue, batez ere arazoak dituzten gazteekin. 2011n, berriz, zinegotzi hautatu zuten Bermeon, EH Bilduren zerrendan, eta han hainbat ardura izan zituen: Ongizate, Euskara, Herritarren Parte Hartze eta Udal Langileekiko Harremanetako alorretan jardun zuen, eta alkateorde ere izan zen, Idurre Bideguren alkate zelarik. BERRIAri elkarrizketa batean aitortu zionez, agintaldi hura «gogorra» izan zitzaion, besteak beste Bermeoko alde zaharreko zenbait eraikin suntsitu zituen sute bat eta kalte handiak eragin zituen ekaitz bat nozitu behar izan zituztelako, baina «pozik» agertu zen egindako lanarekin.

2015ean, berriz, Bizkaiko ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaia izan zen Unanue. Hurrengo lau urteetan Bizkaiko Batzar Nagusietan aritu zen, EH Bilduren batzarkide taldearen bozeramaile. Garraio publikoaren defendatzaile sutsua zen Unanue, eta, Batzar Nagusietan jardun zuen urte guztietan, autobusa erabili zuen egunero Bermeotik Bilbora joateko.

2019an Bea Ilardiak hartu zuen Josu Unanueren lekukoa Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailetzan. Geroztik, Unanuek EH Bilduri lotuta jarraitu du, eta koalizioaren ekitaldi eta deialdi ugaritan parte hartu du, baina bere lana gizarte arlora bideratu zuen berriro, duela lau hilabete gaixotasuna atzeman zioten arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.