Prozedura akatsak izanik ere, lekukorik agertu ahal ez izanik ere, defentsak auzia gibelatzea galdeginik ere, aitzina eginen du Josu Urrutikoetxearen kontrako auziak, Parisko Dei Auzitegian. Garrantzi berezia du erabaki horrek, zeren behin Frantzian haren aurka diren prozedura judizialak bukatu dituelarik, autoritateek bidea libre izanen baitute Urrutikoetxea Espainiara bidaltzeko; izan ere, beste prozedura batzuk irekiak ditu han.
Gaur goizean hasi da Josu Urrutikoetxearen epaiketa, Parisko Dei Auzitegian, 2002tik 2005era ETAko kide izan zelakoan, hau da, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Goizean hasi dute auzi saioa, eta honen gibelatzea galdegin du Laurent Pasquet-Marinacce Urrutikoetxearen abokatu nagusiak: argudiatu du fiskaltzak ez diela aski goiz dei egin defentsak galdetutako bi lekukori. Hala, arratsaldean deliberatzekoa zuten auzi saioarekin aitzina egin edo ez, baina, BERRIAri jakinarazi zaionez, fiskaltzak aitzina egitea erabaki du, eta arratsaldean segitu dute Urrutikoetxea epaitzen; bihar jarraikiko du auziak.
Fiskaltzaren jarrera erasokorra eta probokatzailea izan dela aipatu dute auzi saioan presente egon direnek.
Lekuko bakar bat
Hiru lekukok deklaratu beharrean, bakar batek baizik ez du deklaratzen ahalko, agian garrantzi gutien zuena aferan. Izan ere, defentsak hiru lekuko galdegin zituen: Gerry Kelly IRAko kide ohi eta Sinn Feineko politikaria, Brian Currin Hegoafrikako abokatu eta politikaria, eta Veronique Dudouet gatazken konponbideak aztertu dituen ikerlari alemana. Hirurak prest agertu dira deklaratzeko, baina, azkenean, Dudouetek baizik ez du deklaratuko, eta, gainera, idatziz. Fiskaltzak erran duenez, auzia aitzina joan ahala erabakiko dute beste bi lekukoek deklaratu behar ote duten. Halere, aferaren ingurukoek uste dutenez, xantza guti dira hitza eman diezaieten.
Kelly eta Currin ETAren desegitera eraman zuten elkarrizketen parte izan ziren: horregatik deitu dituzte lekuko gisa aurkeztera, eta horregatik bereziki garrantzitsua zen horiek biek lekukotasuna eman ahal izatea, Urrutikoetxeak ETAren desegiterako bidean erakundearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketetan ukan zuen «leku zentrala» agerian jartzeko.
Baina fiskaltzak berandu aktibatu zituen prozedurak, eta, beraz, Pasquet-Marinaccek epaileei galdegin die lehentasunezko konstituzio galde bat helarazteko Auzitegi Gorenari; horrek, berez, auzi saioa bertan behera utzi behar luke, delibero bat jaso artean. Eta, nahiz eta aldeko erantzunik ez jaso, hots, prozedura akats bat izan dela baztertuko balitz, abokatuek auzia gibelatzeko eskaera berrituko dute, Currinek eta Kellyk lekukotasunak eman ahal izan ditzaten beste saio batean.
Kasu batean edo bestean, Parisko Dei Auzitegiari leporatu diote lekukoak legalki etorrarazteko epeak ez errespetatu izana. Berez, hala Kerryren nola Currinen kasuan, auzi saioa baino gutienez bi hilabete eta hamar egun lehenago dei egin behar zieten, biak ala biak Europako Batasunaz kanpoko herrialdeetakoak direlako. Defentsak, berriz, urritik geroz aurkeztuak zizkion fiskaltzari zer lekukoren presentzia eskatzen zuten. Halere, atzerapenak tarteko, Kellyk otsailaren 23an jaso zuen deia. «Berandu», abokatuen esanetan. Currini dagokionez, ez dute halakorik jaso izanaren baieztapenik.
2021eko irailean iragatekoa zen berez auzi saioa, baina prozedura akatsengatik gibelatu behar izan zuten; berriz instrukziora bidali zuen sumarioa epaileak. Iazko urrian izan zuten data berria, baina orduan Urrutikoetxea ez zen agertu, ez zegoelako osasunez modu egokian Parisera joan eta epaiketa batean parte hartzeko.
Espainia, esperoan
2004tik 2006ra ETA erakundearen eta Espainiako Gobernuaren artean izan ziren elkarrizketa saiakerekin lotua da Urrutikoetxearen kontrako auzia. 2010ean epaitu zuten lehen aldiz Parisko Zigor Auzitegian, hura bertan egon gabe. Fiskaltzak adierazi zuen Urrutikoetxeak «posizio hierarkikoa» zuela ETAn, eta hura izan zela erakundearen «arduradun politikoa» Frantziako Poliziak 2004an Mikel Albisu atxilotu zuenez geroztik. Bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina fiskalak helegitea aurkeztu zuen, eta, urte berean, kondena zazpi urtera luzatu zuen Parisko Dei Auzitegiak.
Bederatzi urte berantago, 2019an, atxilotu zutenean, bere kontrako epaiketak berriz egitea galdegin zuen Urrutikoetxeak, eta prozedura akatsetan katramilatuak egon dira aferak geroztik. Gaur egun, baldintzapean libre dago Urrutikoetxea, eta Euskal Herrian bizi da.
Beste prozedura bat ere izan da Urrutikoetxearen kontra, hura ere elkarrizketa saiakera batekin lotua baina 2011 eta 2013 bitartekoa. 2021eko ekainean iragan zen epaia, eta urte bereko irailean errugabetzat jo zuen Parisko Zigor Auzitegiak. Epaimahaiak ebatzi zuen ez zegoela nahikoa elementu frogatzeko ETA zeneko kide historikoa 2011-2013 aldian erakundeko kide izan zela. Halaber, hiru magistratuek adierazi zuten negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin.
Frantziako Estatuan haren kontra irekitako prozedurez gain, Espainiaratzeko zenbait agindu ere baditu Urrutikoetxeak. Zehazki, bi estradizio eskaera —Luis Herguetaren hilketa (1980) eta Zaragozako atentatua (1987)— eta bi euroagindu —herriko tabernen auzia eta Barajasko 2006ko atentatua— aurkeztu dituzte haren kontra. Frantziako Justizia sistemak ez zuen ontzat eman Barajasko atentatua oinarri zuen euroagindua, eta Espainiak bertan behera utzi zuen Herguetaren auzikoa. Gainerako biak ontzat eman zituen Parisek, eta indarrean daude. Horrez gain, Parisko Dei Auzitegiak maiatzaren 13an erabakiko du beste euroagindu baten inguruan: 2002tik 2018ra arte ETAren buru nagusietakoa izatea leporatzen diote.
PROZEDURA BERTAN BEHEITI UZTEKO ESKATU DU EH BAIK
Artean auzi saioarekin zer eginen duten jakin gabe, EH Baik ohar bat kaleratu du egoera salatzeko. Zehazkiago, «ulertezintzat» jo du Urrutikoetxearen kontrako auzia, eta prozedura bertan beheiti utz dezatela eskatu du. «Hainbat urte dira Euskal Herriak bakearen bidea hautatu duela, eta auzi hau beste garai batekoa dela uste dugu. Gaur egungo testuinguruak bestelako erantzunak eskatzen ditu, iraganeko eta salbuespenezko logikak gaindituz». EH Bairen irudiko, «ahalegin kolektibo baten ondorioa» da bakea, eta, hortaz, Frantziako Estatuak eta epaileek kontuan hartu beharko lukete gizarteak duen «konponbiderako ardura». Azkenik, euskal preso eta iheslari guztien etxeratzea eskatu du.
Â