Parisko Dei Auzitegiak maiatzaren 13an erabakiko du Josu Urrutikoetxearen kontrako euroagindu eskaerari buruz. Defentsako abokatua eta fiskaltza bat etorri dira, eta Espainiako Auzitegiko Nazionaleko epaileari informazio gehigarria eskatzea galdegin. Besteak beste, ezbaian jarri dituzte akusazioaren epeak, eta Urrutikoetxearen osasun egoera aipatu. Epaileak ez badu ontzat ematen informazioa eskatzea, posible da maiatzean bertan ebaztea euroagindu eskaerari buruz.
Santiago Pedraz epaileak Urrutikoetxearen kontrako beste euroagindu bat aurkeztu zuen abendu hasieran, herriko tabernen auzian haren kontra egindako akusazioa zabaldu ondotik, eta hura atxilotu eta preso sartzeko eskatu. Urrutikoetxea bere kasa aurkeztu zen fiskaltzaren aitzinera, eta epaileak aske utzi zuen, kontrol judizialpean; funtsean, aitzinetik zegoen egoera berean. Saioa behin baino gehiagotan atzeratu ondotik, asteazken arratsalde honetan aztertu dute kasua Parisen.
Defentsak eta fiskaltzak kasuari buruzko planteamenduak aurkeztu dituzte Dei Auzitegiaren aitzinean, eta ados jarri dira ezin dela bi aldiz gauza bera epaitu. Izan ere, 2002tik 2019rako aldia aipatzen du Pedrazek Urrutikoetxea ETAko zuzendaritzako partaide edo gutxienez etakide izan zela errateko. Alta, Urrutikoetxeak jadanik baditu epealdi horri loturiko bi epaiketa Frantziako Estatuan. 2011-2013 epealdiari dagokiona 2021ean ebatzi zuten, eta 2002-2005 epeari buruzkoa apirilean epaituko dute.Â
Akusazioa ezbaian
Gainerakoan, fiskaltzak ontzat eman du Espainiak aurkeztutako euroaginduaren txostena. Izan ere, euroaginduen forma baizik ez da aztertzen, edukian sartu gabe. Defentsak, haatik, nabarmendu du huts bat baino gehiago daudela. Pedrazek hautatutako epeetan egin dute azpimarra beste behin, epaimahaiari ohartarazita ETA erakundea 2018an desagertu zela —2002-2019 aldia aipatzen du Pedrazek—. Akusazioaren kalifikazioa ere ezbaian jarri du, etakide izan ala zuzendaritzakide izan ez baita zigor bera ezartzen: 12 urterainoko zigorra du lehenak, eta 15 urterainokoa bigarrenak.Â
Eztabaida sutsua izan da gai horien inguruan, eta epaimahaiak ere ez du argi ikusi akusazioaren kalifikazioa, auzi saioan egon zirenen hitzetan. Epeez bestalde, fiskaltzari galdetu dio ea zer eremutan leporatzen dioten Urrutikoetxeari etakide izatea. Urrutikoetxeak abokatuen bidez azaldu du munduko edozein lekutan etakide izatea zigortzen duela Espainiak.
Pedrazek hautatutako epeetan egin dute azpimarra beste behin, epaimahaiari ohartarazita ETA erakundea 2018an desagertu zela —2002-2019 aldia aipatzen du Pedrazek—
Azken atala Urrutikoetxearen egoerari buruzkoa izan da: haren osasuna eta familiarekin lotura atxikitzeko aukera. Izan ere, Europako hainbat artikuluk babesten dituzte auzipetuak arlo horietan euroagindu bat tartean delarik. Espainiari galdetu diote argitu dezala zer baldintzatan atxikiko luketen Urrutikoetxea epaileak hara bidaltzea onartuko balu.Â
Urrutikoetxearen aldeko erabaki bat ere hartu du epaimahaiak, urtarrilaren 14an Baionako Auzitegitik Pedrazekin egin zuen bideokonferentziari dagokionez. Espainiako epaileak bukatutzat eman zuen luze gabe, eta Parisen jasoa gelditu zen egun hartan izan zuen jarrera. Epaileak ontzat eman du bideokonferentzia hori kontuan ez hartzea. Ezin jakin ea erabakian eraginik izanen duen, baina baliteke erakustea Pedrazek prozedura arauak behar bezala errespetatu gabe egin duela euroagindu eskaera.
Pedrazen arrazoiketa
Euroagindu eskaeran, Pedraz epaileak eskatu zuen bide emateko herriko tabernen auziarekin lotuta aitzinetik egina zuen eskaera bati. Auzitegi Nazionalak 2002an ireki zuen 35/02 auziko sumarioa, herriko tabernen auzikoa, eta epaiketa 2013an hasi zen. Ororen buru, urtebete eta hiru hilabete eta urtebete eta hamar hilabete arteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten hogei laguni, «erakunde terrorista bateko kide» izatea leporatuta. Bakar bat ere ez zen espetxera joan.
Horren zantzuak antzeman litezke Pedrazen azken eskaeran: izan ere, Urrutikoetxea akusazio zabalago baten pean auzipetuta, gainerako auzipetuentzat onartutako ebazpenetik kanpo geldituko litzateke. Hala, Pedrazek ontzat ematen du Urrutikoetxea «ETAko buruzagi gorenetakoa» izan zela, «2002an ihes egin zuenetik atxilotu zuten arte».
Pedrazek ontzat ematen du Urrutikoetxea «ETAko buruzagi gorenetakoa» izan zela, «2002an ihes egin zuenetik atxilotu zuten arte»Â
Horren frogatzat dauzka atxilotu zutenean aurkitutako dokumentuak, hala nola ETAk 2018ko martxoko datarekin argitaratutako Barne Komunikazio Orokorra eta ETAren azkeneko Zutabe aldizkaria. Alta, garai hartan zabalpen handia izan zuten bai batak eta bai besteak, eta hainbat hedabidetara ere iritsi ziren.Â
Ikusi gehiago
Horrez gain, Pedrazen arrazoiketan sartzen dira Espainiako Gobernuko ordezkarien eta ETAren arteko elkarrizketetan parte hartu izana, eta ETAren desegitearen agiria irakurri izana. Deigarria da, elementu horiek berak kontuan hartuta Urrutikoetxea errugabetzat jo baitzuen Parisko Zigor Auzitegiak 2021ean. Epaileek ebatzi zuten ez dagoela nahikoa elementu frogatzeko 2011-2013 aldian ETAko kide izan zela. Halaber, hiru magistratuek adierazi zuten negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarte bateko kide izatearekin. Besterik iritzi dio, antza, Auzitegi Nazionalak.Â
Parisko auziaren zain
Gaur egun, Ipar Euskal Herrian bizi da Urrutikoetxea, libre, baina kontrol judizial zorrotza duela. Haren kontrako bi Espainiaratze agindu daude indarrean.Â
Izan ere, 2019ko maiatzean atxilotu zutenean, Urrutikoetxea Espainiaratzeko lau eskaera egin zizkion Espainiako Justiziak Parisi: bi estradizio —Luis Herguetaren hilketa (1980) eta Zaragozako atentatua (1987)—; eta bi euroagindu —herriko tabernen auzia eta Barajasko 2006ko atentatua—. Frantziako Justizia sistemak ez zuen ontzat eman Barajasko atentatua oinarri zuen euroagindua, eta Espainiak bertan behera utzi zuen Herguetaren auzikoa. Gainerako biak ontzat eman zituen Parisek, eta indarrean daude.Â
Baina, aplikatu ahal izateko, Urrutikoetxeak Frantzian dituen auzibide guziak bukatu behar dira lehenik. Eta bat eskas zaio oraindik,  Parisko Dei Auzitegian epaitu behar baitute «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta, 2002tik 2005era ETAko kide izan zelakoan. Prozedura arazoengatik behin eta berriz atzeratu ondotik, urri hasieran egitekoa zuten auzi hori, baina beste behin atzeratzea erabaki zuen epaileak, Urrutikoetxearen osasuna dela eta. Heldu den apirilaren 9an eta 10ean egitekoa dute.Â