Irailaren 8an, Josu Zabala Erasun Irungo (Gipuzkoa) gaztearen hilketaren 50. urteurrena izango da; 1976ko egun hartan tiroz hil zuen Guardia Zibilak, Hondarribian (Gipuzkoa). Uztailean, Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortu zuen, onartu baitzuen arrazoi politikoengatik hil zutela. 1976ko irailaren 11n, hilketatik hiru egunera, Donostiako 24. Zinemaldia ospatu zen, eta hainbat gertakarik markatu zuten aldi hura; izan ere, Euskal Herrian eta Donostian erreakzio ugari eragin zituen Zabalaren hilketak.Â
Orain, gertakari guztiak biltzen dituen txostena argitaratu du Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak. Hartan Zinemaldiaren 24. aldiko gertakaririk nabarmenenak jaso dituzte.
Horrez gain, gertatutakoa oroitzeko, hainbat zinema jaialdik El desencanto pelikula berreskuratu dute: aurtengo Malagako Zinemaldian (Espainia) proiektatu zuten filma, eta Donostiakoak ere iragarri du proiektatuko duela aurten.
1
Erreakzioak
Zabalaren heriotzak eragile eta gizarteko sektore askoren erreakzioak ekarri zituen. Horietako batzuk jaso dituzte GEBehatokiaren txostenean. Adierazpen guztiek badute ezaugarri komun bat: Espainiako Estatuak Euskal Herrian eta bertako herritarren aurka erabili zuen «errepresio bidegabea» salatzen dute.
Profesionalen elkargoek, adibidez, «herriaren subiranotasunaren aurka» erabilitako indarkeria salatu zuten: «Tratu jasanezin hau herria bere eskubide eta askatasunen eske modu baketsuan mobilizatzen ari den honetan gertatu da. Nola esplikatu, orduan, estatu indarkeriaren gorakada? Gobernuak hausnartu egin behar du egoera honek eragiten duen gorrotoaren eta indarkeriaren inguruan».
Hondarribiko herriaren izenean, berriz, gutun bat zabaldu zen, besteak beste Poliziaren jarduna kritikatzeko: «Ustezko demokrazia egoerari eusteko ahalegin bat besterik ez da, eta ez zaio uko egin Euskadiko herriaren edozein adierazpen erreprimitzeko bitarteko basatiagoak erabiltzeari, nahiz eta manifestazio hori baketsua izan». Areago, Zabalaren hilketa «Euskadiren askapen sozial eta nazionalaren aldeko borrokak» jasandako «errepresio gogorraren barruan» kokatu zuten, eta eskaera bat egin zieten herritarrei: «Batetik, Hondarribiko herriari gertatutakoa argitu dezala eskatzen diogu. Bestetik, Euskadiko gainerako herriei gertatutakoaren berri ematea, udalaren jarrera argitzea, Zabalaren familiarentzako pentsio bat ezartzea, eta gertakari horiek egin dituztenei erantzukizunak eskatzea».
ETAk ere komunikatu bat atera zuen urte hartan: «Gertaera sumingarri honek agerian uzten du, beste behin ere, Suarezen gobernua leiala zaiola Fraga eta Ariasek gure herriaren aurka aurretik eraman zuten politika errepresiboari. Erailketa honek ez du euskal langileriaren borondatea hautsi; bai, ordea, gure presoentzat askatasuna aldarrikatzeko eragingarri gisa funtzionatu. Era berean, indar errepresiboen desegitea exijitu behar dugu, eta Zabalaren bizitzari amaiera jarri diotenen karrera odoltsua geldiarazi». Antzera mintzatu zen Koordinakunde Abertzale Sozialista: «Gertatutakoak balio behar du Euskal Herriaren egungo aldarrikapenen alde borrokatzeko, Euskadi independente, bateratu, sozialista eta euskalduna eraikitzeko».
2
'El desencanto'
Josu Zabala hil zutenetik sei egunera, irailaren 13an, lehenengo gertakaria eta garrantzitsuena iritsi zen: Elias Kerejeta zinema ekoizleak El desencanto dokumentala kendu zuen lehiaketatik. Proiekzioa kentzeko arrazoiak plazaratu zituen gutun batean: «Protesta gisa, Euskal Herria jasaten ari den errepresio bortitzaren aurka, eta beste behin modu tragiko eta beldurgarrian gauzatu diren azken gertakarien aurka, El desencanto filmaren errealizazioan parte hartu genuenok aho batez erabaki dugu filma kentzea Donostiako 24. Nazioarteko Zinemalditik».
Filma kentzeko erabakiak eztabaida sortu zuen euskal gizartean, baina baita babes eta atxikimendu handia ere. Horren adibide da Gipuzkoako 29 herritarrek sortutako batzorde bat. Kide batzuk ezagunak ziren: besteak beste, Eduardo Txillidak eta Juan Maria Bandresek parte hartu zuten, eta Kerejetaren erabakia publikoki onetsi: «Amnistiaren Aldeko Batzordeak positibotzat jo du erabaki hori, gertatu denarengatik herriari egindako elkartasun adierazpena baita».Â
3Â
Egunkariak eta osoko bilkurak
Irailaren 11n, Donostiako Udalak ezohiko eta premiazko osoko bilkura egin zuen. Gai nagusia hau izan zen: Zabalaren hilketaz geroztik hirian gertatzen ari zena eta Poliziaren indarkeriaren erabilera.Â
Bilkura egin ostean, ebazpen testua argitaratu zuten, eta hiru puntu nagusi nabarmendu dituzte GEBehatokiaren txostenean. Alde batetik, elkartasuna adierazi zieten Irungo eta Hondarribiko udalei eta herritarrei. Bestetik, gaitzetsi egin zuten herritarrek gauzatutako protesta baketsuen harira Poliziak erabilitako errepresioa. Eta, azkenik, Espainiako erregeari hiru puntu helarazi zizkioten: «Udal Korporazioaren kezka sakona, gertakari horiek herrian sortzen ari diren antsietate larria, eta Euskal Herriak pairatzen dituen izaera bereko arazoei neurri politiko hutsak presaz aplikatzeko beharra».
Horrez gain, El PaĂs egunkariak Zinemaldiko beste gertakari bat jaso zuen kronika baten bidez irailaren 15ean: hamalau kazetarik jaialdia utzi zuten. El desencanto pelikularekin gertatu zen bezala, haiek ere ohar baten bidez azaldu zituzten erabakiaren arrazoiak: «Ikusirik jaialdiak ez duela bat egin Hondarribiko biktimei Euskal Herri osoan egindako elkartasun adierazpenekin, eta aintzat harturik ordena publikoko indarrek sistematikoki egindako indarkeriazko errepresioare salaketatik aparte geratu dela, behean sinatzen dutenek, aipatzen diren argitalpenen kolaboratzaileek, jaialditik erretiratzea erabaki dute, eta erabaki horren berri eman dute beren egunkari eta aldizkarietan».
4Â
Poliziaren oldarraldiak eta kazetarien protesta
Osoko bilkura hartan egon ziren herritarrak Zinemaldiaren inauguraziora joan ziren, Fernando de Otazu alkateordearekin eta Javier Maria Agote zinegotziarekin batera. Viktoria Eugenia zinema aretora joan ziren protesta egitera, eta Poliziak inguratu egin zituen. Oldartzen hasi ziren; Otazu alkateordea jipoitu zuten, herritar ugari zauritu, eta kalte materialak eragin.Â
Poliziaren indarkeriak ekarri zuen laugarren gertaera, eta Zinemaldian eragin zuzena eduki zuen: Pedro Crespo, Alfonso Sanchez eta Joaquin Llena kazetariek, Pedro Maso eta Pilar Miro zuzendariek eta Ramiro Oliveros, Monica Randall eta Amparo Soler Leal aktoreek, jaialdiaren inaugurazioaren gauean, protesta egin zuten Zinemaldiaren jauregiaren inguruan. Polizia indarkeriaren ondorioz, eskatu zuten «Zinemaldia sail bakoitzerako hautatutako filmak erakustera mugatzeko». Istilu guztiak ikusita, Zinemaldiko zuzendariek erabaki zuten bertan behera uztea lehen saioetako gala eta lehen gaueko inaugurazio afaria.