Joxemi Zumalabek eta Bizilurrek herri mugimenduen «korapiloak» aztertu dituzte liburu batean

Euskal Herriko herri mugimenduen inguruko «hausnarketa kolektibo» baten emaitza plazaratu dute, horien eraginkortasuna eta dituzten arazoak aztertu ostean.

Joxemi Zumalabe Fundazioko eta Bizilur Elkarteako kideak gaurko aurkezpenean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Joxemi Zumalabe Fundazioko eta Bizilur Elkarteako kideak gaurko aurkezpenean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paula Marques
Bilbo
2026ko azaroaren 4a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joxemi Zumalabe fundazioak eta Bizilur elkarteak jakintza kolektiboan sinesten dute eta pentsatzen dute herri mugimenduek etengabeko hausnarketa eta autokritika ariketa batean egon beharko luketela. Hori dela eta, bi urte eman dituzte Euskal Herriko herri mugimenduen eraginkortasunari buruzko hausnarketa egiten. Hausnarketa kolektiboaren ostean, Herri mugimendua(k). Eraginkorra(k) ote? izena duen gogoeta prozesuaren emaitzak bildu dituzte, eta gaur aurkeztu, Bilbon. Emaitza hiru euskarritan argitaratuko dute: liburu bat, aldizkari bat eta lau ataleko dokumental bat. Gaur arratsaldean prozesuaren emaitzak aurkeztuko dituzte eta ikus entzunezkoa proiektatuko dute Bilboko Kafe Antzokian.

Joxemi Zumalabe fundazioak Euskal Herriko zein nazioarteko gizarte eraldaketaren alde lanean aritzen diren herri ekimenak, taldeak eta mugimenduak laguntzea du xede, eta azken hausnarketa honekin Euskal Herriko herri mugimenduen inguruko hainbat gai jarri dituzute mahai gainean, hala nola: eraginkortasun politikoaren esanahia, mugimenduen antolaketa, militantziaren baldintzak eta zaintza, formakuntza, komunikazioa eta borroken arteko aliantza. Izan ere, fundazioko kideen arabera, herri mugimenduek funtsezko zeregina izan dute eta dute jendartearen eraldaketan, baina azken boladan aldaketak eman dira. «Mugimendu horiek jarduten duten testuingurua aldatu egin da», azaldu dute. Horrek galdera estrategiko bat mahai gainean jarri duela kontatu dute: «Zer esan nahi du gaur egun eraginkorra izateak, eta zer baldintza behar dira eraldaketa politikoa sustatzen jarraitzeko?». Galdera horretatik abiatu zuten hausnarketa.

Helburuetako bat mugimenduek dituzten arazo edo korapiloak zehaztea eta horiei irtenbidea emateko tresnak garatzea izan da. Horretarako, bi fase egon dira prozesuan: «Hasierako fasean hainbat tailer eta metodologia zabalaren bidez saiatu gara herri mugimenduaren korapiloak identifikatzen. Ondoren, bigarren fasean, arazo horiei konponbidea topatzen saiatu gara». Hala, eragiteko gaitasuna mugatzen duten 40 korapilo baino gehiago identifikatu zituzten tailerretan. Hala ere, bostera mugatu zituzten horiek, premiei erreparatuz: militantzia ereduen bilakaera eta autoestimu iraultzailearen galera; Euskal Herriko herri mugimenduen zuritasuna; formakuntza integralaren falta; hutsuneak kanpo komunikazioan; eta plangintza errealistak egiteko eta borrokak uztartzeko zailtasunak.

Korapilo horiek ikuspegi baikor batetik aztertzearen beharra nabarmendu dute. Izan ere, analisiaren asmoa izan da dituzten erronkak mahai gainean jartzea, eta ez autokritika egitea. «Norabide horretan tresnak garatu ditugu, aurkeztutako bitartekoetan eskuragarri egongo direnak», azaldu dute.

«Gogoeta eta material horiek ahalik eta kolektibo eta militante gehienengana iristea nahi dugu, hausnarketa kolektiboa zabaltzeko eta etorkizunean ere eraginkortasun politikoa lantzeko tresnak eta elkarguneak sortzen jarraitzeko»

Fundazioak eta elkarteak nabarmendu dute proiektua aurrera eramateko ezinbestekoa izan dela elkarlana. Izan ere, askotariko eragile eta militanteekin batera egin dute lan eztabaida, tailer, elkarrizketa eta elkarlan saioetan. «Hamar tailer egin dira zortzi herri eta hiritan, 150 militante baino gehiagok parte hartu dute, hemeretzi elkarrizketa egin dira eta jarraipen bilerak antolatu dira», zehaztu dute. Horrez gain, jarraipen batzorde zabal batek ere lagundu du prozesuan, hainbat herri mugimenduk osatu dute hura, eta eragileen ikuspegi, jakintza eta esperientzia anitzak txertatzeko balio izan du.

Hausnarketaren emaitzak hiru euskarritan jaso eta argitaratu dituzte. Lehena liburu bat da: bertan prozesuan landutako analisia, eztabaidak eta ondorioak biltzen dira. Bigarrena, herri mugimenduko hemeretzi militanteren ahotsak, ibilbideak eta hausnarketak biltzen dituen aldizkari bat da. Hirugarren euskarria lau ataleko dokumental bat dela azaldu dute: «Prozesuko gogoetak eta galderak ikus-entzunezko formatuan zabaltzeko beste bide bat eskaintzen du».

Hiru edukiak bi urteko ibilbidearen emaitza izateaz gain, eztabaidarekin jarraitzeko gonbidapena ere badirela esplikatu dute. «Gogoeta eta material horiek ahalik eta kolektibo eta militante gehienengana iristea nahi dugu, hausnarketa kolektiboa zabaltzeko eta etorkizunean ere eraginkortasun politikoa lantzeko tresnak eta elkarguneak sortzen jarraitzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA