SANFERMINAK

Juan Pedro Domecq-en zezenak ere, oso azkar

Bi minutu eta 23 segundo iraun ditu zazpigarren entzierroak, aurtengo azkenaurrekoak. Adarkaturik ez da izan; bai, ordea, eroriko asko. [YouTube]http://youtu.be/xe4tJeWRXaA[/YouTube]

jon ordonez garmendia
2012ko uztailaren 13a
15:45
Entzun

Aurtengo entzierroak, salbuespenak salbuespen, oso azkarrak ari dira izaten, eta gaurkoak ere bi minutu eta 23 segundo iraun ditu. Geroz eta gehiago nabaritzen da ganadutegietan zezenekin egiten dituzte entrenamenduak, hilabete batzuk lehenago hasita. Korrika egiteko bideak egokitzen dituzte, eta hori nabaritu egiten da gero Iruñeko entzierroko 850 metroetan.

Juan Pedro Domecq ganadutegiko zezenek ziztu bizian burutu dute ibilbidea. Santo Domingoko aldapan aurretik jarri dira bi zezen, eta buruan sartu dira zezen-plazara. Udaletxeko plazan gaur ere lurrean zen korrikalari bat altxatu egin da, eta idiak gainetik pasatu zaizkio; zapaldu egin dute eta ospitalera eraman dute.

Gaur ere adarkaturik ez da izan, baina bai lurrera erori eta kolpea hartuta ospitalera eraman behar izan dituzten korrikalari; aipatutakoaz gain, beste lau.

Adardun taldea, sakabanatuta eta zabalik

Estafetan, sakabanatzeaz gain, adardunen taldea zabaldu egin da, eta aurretik atzera hutsuneak izateaz gain, parez pare zihoazen zezenen artean ere izan dira, adarren aurrean jartzeko aukera emanez. Korrikaldi politak ikusi dira horregatik, batzuek aurrean zihoazen zezen beltzen aurrean, eta beste batzuk, horiek pasatzen utzi, eta atzetik zetoztenen aurrean jarriz.

Taldea zabaltzearen ondorioz, alboetan zeuden korrikalariak ezustean hartu dituzte adardunek, eta erorikoak izan dira. Juan Pedro Domecq-ekoek, ordea, zuzen jarraitu dute aurrera. Segundo gutxi batzuen aldean sartu dira zezenak zezen-plazara, eta idiek eurekin eraman dituzte ukuiletara.

Bihar azken entzierroa korrituko da Iruñean, Torrehandilla/Torreherberos-eko zezenekin.

Uztailak 8. 2:29. Adarkadarik ez. Ganadutegia: Miura.

Uztailak 9. 3:32. Hiru adarkatu. Ganadutegia: Cebada Gago.

Uztailak 10. 2:20. Adarkaturik ez. Ganadutegia: El Pilar.

Uztailak 11. 3:12. Adarkaturik ez. Ganadutegia: Fuente Ymbro.

Uztailak 12. 2:23. Adarkaturik ez. Ganadutegia: Victoriano del Rio.

Uztailak 13 (gaur). 2:23. Adarkaturik ez. Ganadutegia: Juan Pedro Domecq.

Uztailak 14 (bihar). Ganadutegia: Torrehandilla/Torreherberos.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.