Justizia patriarkala begi bistan

Jasandako bortxaketa eta ondorengo prozesu judiziala salatu ditu Izarok bideo batean. Mugimendu feministak kalera atera du kasua, eta argi utzi indarkeria forma orori aurre egingo diotela, «kolektiboki eta autodefentsa feministaz».

Mugimendu feministak deitutako manifestazioa, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mugimendu feministak deitutako manifestazioa, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urtebete bortxaketa bat jasan zuen Izarok —ez du abizenik eman nahi izan—, Bilbon. Salaketa jarri, eta sistema «patriarkal eta matxista» batekin egin zuen topo. Aurtengo irailean, Instagramen agertzea erabaki du, bideo bat eginda. Babes handia eman diote ordutik, baina baita mehatxuak egin ere. Atzo, mugimendu feministak kalera atera zuen kasua. Manifestazioa egin zuten Bilbon, justizia patriarkala salatzeko eta autodefentsa feministaren alde egiteko.

Salaketa jarri zuenean, neurri prebentiboak ukatu zizkioten Izarori. Ertzaintzak, gainera, kasua filtratu zuen, eta «euskal komunikabide sentsazionalistek», berriz, argitara atera, mugimendu feministak adierazi duenez. Udalak ohar bat atera zuen, eta eskura dituen baliabide guztiak eskaini. «Ez dut dei bat ere jaso», salatu du Izarok.

«Denak okerrera egin zuen gero», kontatu du Izarok bideoan. «Akusatua eta erasotzailea ni neu banintz bezala tratatu ninduen epaileak; batere babesik gabe eta lotsatuta sentitu nintzen». Bortxaketa gertatu eta urtebetera, Izarok aitortu du salaketa jartzean ez zekiela «hori guztia» etorriko zela gerora. Izan ere, Izaroren abokatuak eskatu zuen erasotzaileari pasaportea kentzeko: «Epaileak adierazi zuen harentzat akusatua errugabea zela eta ez zuela onartuko eskaera; horren ondorioz, Malira ihes egin zuen». Justizia bi hilabete geroago ohartu zen erasotzaileak ihes egin zuela. Izarok bideoan adierazi duenez, «sistemaren, erakundeen eta gobernuaren hutsegite batek» eragin dute dena.

Izaroren kasuan indarkeria instituzionala «oso nabaria» delakoan dago Irati Sienra Bilboko mugimendu feministako kidea. Gaitzetsi egin du komunikabideek gertatukoari emandako trataera, baita udalaren jarrera ere. «Birbiktimizazio etengabea» dagoela esan du, eta horri aurre egiteko «oso indartsua» izan beharra dagoela.

Urtea «infernutzat» jo du Izarok. Prozesu judiziala, amaigabea ez ezik, emozionalki gogorra ere izan da, haren hitzetan. Hasieran «nahiko bakartuta» egon zen, etxetik asko atera gabe. Eta «beheraldi asko» izan ditu. «Terapia eginda, hobetuz joan naiz, baina, bide judizialetik albiste txar bat iristen zaidan bakoitzean, beheraldia izaten dut; aurrerantz noa, baina ez guztiz», kontatu du.

«Gune arrotz eta ustela»

Erasotzaileak ihes egin zuela jakin zuenean, bideo bat igo zuen Instagramera. «Ez nuen beste aukerarik: asko haserretu nintzen, eta amorratuta eta triste ere banengoen; dena nahastu zitzaidan». Bideoan aipatu duenez, erasotzaileak hondatu zion bizitza duela urtebete, eta sistema judizialak hondatu dio orain. Ez du ulertzen zergatik eskatzen dieten salaketa jartzeko baldin eta gero «erasotzaile eta errudun gisa» tratatuko badituzte eta «gune erabat arrotz eta ustel» batekin topo egingo badute.

«Mugimendu feministako kideek uste dugu kasuak salatzea bultzatu behar dela, ahal dela behintzat, auzia epaitu, aztertu eta erreparazio bat egon dadin», azaldu du Sienrak. Hala ere, gehitu du askotan «ulergarria» dela ez salatzea: «Ikusita sistema zelan dagoen antolatuta, hau da, erabat patriarkala, klasista, eta arrazista dela eta birbiktimizazioa eragiten duela, ulertzekoa da emakume askok ez salatzeko erabakia hartzea». Ezinbestekotzat jo du «justizia patriarkala» erabat aldatzea, baita punitibismoaren ikuspegitik ere. «Justiziak ez du balioko zama biktimarengan jartzen badu, ezta prozesua emakumearen beharrei egokitzen ez badu ere», zehaztu du.

«Jendeari esango nioke mugimendu feminista ez dezala ulertu urtean bi egunetan kalera ateratzen den mugimendu baten moduan, baizik eta urte osoan horrelako gauzei erantzuteko gai ere baden mugimendu baten moduan»

IRATI SIENRA Bilboko mugimendu feministako kidea

Sienrak gogoratu du bide judiziala ez dela aukera bakarra salaketa egiteko. «Hamaika» modu daudela esan du, eta edozein dela «zilegi». «Kalean» sala daiteke, esaterako. «Lortu behar dugu salatzeko bidea edozein delarik ere erreparazio bat izatea erasoa jasan duenarentzat». Oraingoan, «prozesu judizialak izan duen bilakaera ikusita», erreparazio hori «oso kolokan» egon da. «Ez da inolako erreparazio judizialik egon», gehitu du Izarok. «Jakin izan banu salaketa jarri eta gero hau guztia pasatuko zela, ez nukeen salatuko, argi daukat». Mugimendu feministaren bidez lortu du instituzioetatik jaso ez duen erreparazioa, baita senideen, lagunen eta psikologoaren bidez ere.

Sienraren hitzetan, Izaro «indartsua eta ausarta» izan da, ez baita ohikoa jendaurrean agertzea, eta «publikotasunak berriro biktimizatzeko arriskuan jartzen zaituelako». Hain justu, Voxek bere gorroto diskurtsoa elikatzeko hartu zuen Izaroren bideoa, eta hori salatu zuen gazteak. Orduan jasan zuen eskuin muturraren jazarpena, eta mehatxuak jaso ere bai.

Orain arte, Izarok ate asko jo ditu laguntza eta orientazio eske. June Fernandez kazetariak kasuari buruzko bideo bat egin zuen, eta horrela lortu zuen mugimendu feministak Izarorekin harremanetan jartzea. «Behar nuen berotasuna eman didate, eta ulermena», azaldu du Izarok. Orain arte, «nahiko barrukoa» izan da harremana; sostengu emozionala eman diote Izarori, eta egoera jakinetan zer egin adostu dute. Orain, baina, egoera jendaurrean salatzea erabaki dute.

Duela bi aste, mugimendu feministaren asanblada batera joan zen Izaro, zer gertatua zitzaion kontatzera. «Ez zedin izan sostengu emozionala bakarrik, baizik eta taldean ere salto bat egin zedin, eta hemen dauden erasotzaile guztiak seinala daitezen», adierazi du mugimendu feministako kideak. Argi utzi du oso kasu gutxi ateratzen direla argitara, eta garrantzitsua dela salatzea, erasoren bat jasan dutenek jakin dezaten mugimendu feministan sostengu bat badutela. «Bat ukitzen badute denak ukitzen gaituztela esatea ez da eslogan hutsa: halaxe izaten da», nabarmendu du.

Harreman zuzenik ez

Hain justu, mugimendu feministarentzat «kasu berezia eta berria» da Izarorena, askotan ez dutelako izaten erasoen berri. Komunikabideen bidez eskuratzen dute informazioa, eta orduan aktibatzen dituzte protokoloak. Horrez gain, askotan ez dute harreman zuzenik erasoa jasan duenarekin. Elkarretaratze batera deitzen dute, baina, gero, kontuak ez du segidarik izaten.

«Guk argi daukagu mugimendu feministak ez daukala gaitasunik instituzioek eman beharko luketen laguntza, sostengua eta orientazioa emateko, eta ez dagokiola halakorik egitea», adierazi du Sienrak. Hala ere: «Gutxienez erasoa jasandakoari lagundu ahal badiogu kasua kalera ateratzen, salatzen eta instituzioei gaizki eginak aurpegiratzen... Hori bera garaipen bat da guretzat». Horregatik, «eskertzen» dute daude Izarok haiengana jo izana. Eta Izarok ere esker ona adierazi die. Esker ona elkarrenganakoa da, Sienrak adierazi duenez.

Mugimendu feminista lanean ari da emakume eta neska gazte guztiek jakin dezaten «hor» daudela eta haiengana jo dezaketela, «ez bakarrik salatzeko, baita antolatzeko ere». «Erreparazio prozesuaren parte izan daiteke mugimendu feministan parte hartzea eta zenbait gauzari izenak jartzea, gauzei izenak jartzeak asko laguntzen baitu». Horiek horrela, mugimendu feministara hurbiltzeko deia egin du Sienrak. «Jendeari esango nioke ez dezala ulertu mugimendu feminista urtean bi egunetan kalera ateratzen den mugimendu baten moduan, baizik eta urte osoan horrelako gauzei erantzuteko gai ere baden mugimendu baten moduan», gehitu du.

Elkarretaratze bat ez ezik manifestazio bat ere egin izana «urrats handia» izan da mugimendu feministarentzat. Sienrak azaldu duenez, Izarori egindako erasoak «beste eraso asko biltzen» ditu, eta aukera bat izan da gizartean pedagogia lana egiteko: «Kasu honetan agertu diren indarkeria matxistaren alde asko, ziur asko, beste kasu batzuetan ere izango dira». Horregatik ikusi zuten manifestazioa egiteko aukera. Izarok ere gogoa zuen erakundeak «atzamarrarekin zuzenean seinalatzeko».

Gazteak bizi izan duen ibilbidea irudikatu zuten atzoko manifestazioan. Udaletxean elkartu ziren, eta udalaren «zuriketa morea» eta indarkeria instituzionala salatu zituzten, txapa more apurtu baten irudia erakutsiz. «Instituzioen berdintasun politikak arrakalekin» sortzen direla salatu nahi izan zuten horrela, eta, beraz, ez direla «benetako politika feministak». «Nahiz eta babesa etengabe aipatu, gero jendea abandonatuta uzten dute egiatan zerbait egin behar dutenean», azpimarratu du Sienrak.

«Jakin izan banu salaketa jarri eta gero hau guztia pasatuko zela, ez nukeen salatuko, argi daukat»

IZAROBortxaketa jasan zuen gaztea

Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean gaitzetsi zituzten Izarok jasotako jazarpen mezuak, eta Albiako lorategietan amaitu zuten bidea, epaitegien aurrean hor ere. Ekitaldian, gertatutako guztia salatu zuten, «bat ukitzen badute» denak ukitzen dituztela berretsi, eta autodefentsa feministaren alde egin. «Indarkeriak hamaika forma ditu; ezagutzen ditugu. Baina, argi izan dezatela horiei guztiei aurre egingo diegula, kolektiboki eta autodefentsa feministaz. Kasu bat da, baina hamaika dira. Ez dago bakarrik, ez zaude bakarrik».

Prozesuarekin jarraitzeko, abokatua aldatzea erabaki du Izarok, baina oraindik ez daki zer pauso emango dituen. «Interesgarria da seinalatzea abokatu feminista izango dela oraingoa; hor dago gako garrantzitsu bat, sistema ez baitago ondo prestatuta horrelako kasuetan emakumeak artatzeko, ikuspegi feminista batetik eta erreparazioari begira», esan du Sienrak.

Are, aipatu du egun diru sarrerek baldintzatzen dutela kalitatezko arreta bat jaso ahal izatea. Izan ere, Izarok oraindik ez du erabaki zer egingo duen, dirua behar delako horrelako prozesuetan murgiltzeko. Mugimendu feministako kidearen arabera, bortxaketaren epaiketarako ofiziozko abokatua eduki daiteke, baina jazarpen digitalerako, berriz, abokatu pribatu bat kontratu behar da. «Eta hori ordaintzeko dirurik ez duena babesik gabe geratuko da?», bota du galdera. «Erraza da esatea egoera gainditu behar dudala, baina egitea ez da erraza; norbaiti hori esatea irain bat ere iruditzen zait: eta bizi izan dudan guztia zer?», esan du Izarok. Horregatik ari da aukerak aztertzen, ezin duelako aurrera jarraitu ezer egin gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.