Alegiatik Amezketara (Gipuzkoa) doan errepidetik joanez gero, luizi batzuen arrastoa ikusten da ezkerraldeko magalean. Bat; hiru; bost. Lurraren hondar koloreak kontrastea egiten du belarraren berdearekin. Orain hartxintxarrek eta hautsak osatzen duten lurra adaxkaz betetako lokatza zen ekainean. Euria lurrarekin elkartzean sortutako lokatz marroi eta likidoa, asfalto beltz eta lehorraren arrailetatik sartzen. Gelditu gabe, dena zikintzen. Bi hilabete geroago, lehor dago errepidea.
Ikusi gehiago
Naturak gogor astindu zituen ekainean Tolosaldea eta Goierri eskualdeetako (Gipuzkoa) eta Nafarroako Pirinioetako herri batzuk. Kaleak lokatzez beteta eta garajeak urak hartuta zeudela esnatu ziren bizilagunak ekainaren 14an. Gauean botatako euri zaparradaren ondorioz, errekek gainezka egin, eta zenbait herritan menditik behera jausi zen ura, bidean topatzen zuen guztia eramanez. Gipuzkoako Alegia, Amezketa, Ataun eta Ikaztegieta herriak izan ziren kaltetuenetariko batzuk. Denbora igaro da urak lau herriak hartu zituenetik, eta, ia dena normaltasunera itzuli bada ere, oraindik egitekoak falta direla esan dute alkateek.
1
Garbi bai, bukaturik ez
Bi hilabeteren ostean, garbi daude Alegiako eskolako ataria eta Amezketako eta Ikaztegietako errepideak. Ataungo erreka ere bere neurrira itzuli da. Orokorrean, euriak lau herrietan eragindako kalteak konponduta daude. Dena dela, alkateek oraindik ez dute atseden hartu.
«Ubideen eta kanalen garbiketan zentratu gara, baina oraindik ez dakigu zer egin ateratako lurrarekin», azaldu du Regina Sorarrain Alegiako alkateak. Gehitu du, halaber, lantegi batek kalte handiak dituela oraindik, baina pribatua denez, udalak ezin duela esku hartu. Arazo bera du Ikaztegietako Udalak: Txara eta Larrunbe Txiki baserriak izan ziren kaltetuenak. «Kaltetutako bi baserriak pribatuak dira, udalak ezin du askorik egin», azaldu du Alba Garmendia Ikaztegietako alkateak. Konponketa lanak egiteko zailasunak nabarmendu ditu Garmendiak. «Jabeak ezin dira konpontzen hasi jakin arte foru aldundiak emango duen diru laguntzaren barruan toki pribatuak sartzen diren edo ez». Bi hilabete igaro eta gero, jabeak baserriak konpondu ezinik daude.
Amezketak uholdeak gertatu eta hurrengo egunetan konpondu zituen luiziek eragindako kalteak. «Aste hartan bertan egin ziren konponketa gehienak, eta, orain, azterketa sakonagoa eskatzen dutenak falta dira», esan du Mikel Arteaga Amezketako alkateak.
Ataunek hasierako itxura badu ere, lanak ez dira bukatu. Datorren urtera begira jarri da Martin Aramendi alkatea: «Errekako harri lubeta berregin behar dugu, eta hori garestia da. Espero dugu datorren urtean data hauetarako egina izatea».
2
Etorkizunera begira
Ez da lehen aldia Alegian uholdeak izan dituztena. Udaletxeko sarreran dago 1983ko uholdeak noraino iritsi ziren erakusten duen marmolezko xafla: 2,60 metro. Ekainean, ordea, menditik etorri zen ura. «Bederatzi hilabetean bi aldiz gertatu da, eta berriro gerta liteke. Horri zer irtenbide eman jakin behar dugu, eta, horretarako, foru aldundiarekin ari gara lanean», azaldu du Sorarrainek.
Arteagak eta Aramendik ere adituen eskuetan utzi nahi dituzte protokolo berriak. Garmendiak, berriz, eskualdean lantzeko gai bat izan litekeela uste du: «Eskualdean lantzeko gaia izan daiteke, agian etorriko direlako horrelako gehiago. Foru aldundiari eskatu genion, besteak beste, herri bakoitzak bere protokolo berezia izan ordez, denetan bera izatea, horrelakoei aurre egiteko».
3
Kanpoko laguntzak
Hondamendia gertatu eta ordu gutxira jarri zen harremanetan Gipuzkoako Foru Aldundia kaltetutako herriekin. Lau alkateei «ondo» iruditu zaie foru aldundiaren partetik jasotako laguntza. «Egoerari ondo erantzun zitzaiola uste dut, bai udalaren partetik, bai aldundiaren partetik», esan du Arteagak. Sorarrain ados dago. «Ataunera hiru aldiz etorri ziren egoera baloratzera», azaldu du Aramendik. Halere, laurek zerbaiten falta sumatzen dute: diru laguntzak.
«70.000 euroren kalteak baloratu ditugu. Ezbeharrak guztiz desorekatu digu aurrekontua»
MARTIN ARAMENDIÂ Ataungo alkateaÂ
Ekainean foru aldundiak bilera bat egin zuen herrietako ordezkariekin, egoera aztertu eta konponbideak jartzeko. Bileran, aurreratu zien diru laguntza jasoko zutela, hondamendi eremu izendatu edo ez erabaki bitartean. Dirua jasotzeko, herriek izandako kalteen datuak aurkeztu beharko zituzten. Lau alkateek harro esan dute datuak aurkeztu dituztela. Diru laguntza, ordea, ez da iritsi. «70.000 euroren kalteak baloratu ditugu. Ezbeharrak guztiz desorekatu digu aurrekontua», adierazi du Aramendik. Beste hiru herrien kalteak ere handiak dira, kontuan harturik udal txikiak direla.
«Beti nahi izaten da gauzak azkarrago egitea, baina pentsatu nahi dut foru aldundia datuak jasotzen ari dela eta horrek denbora behar duela», ondorioztatu du Sorarrainek. Beste hirurek ere ulertzen dute ondorioak aztertzea eta baloratzea ez dela erraza. Baina, era berean, Garmendiak diru laguntzaren nondik norakoak jakin nahiko lituzke, toki pribatu batzuk egoera «arriskutsuan» baitaude. «Teknikoki konpontzeko zailak diren eremuek erantzun bat behar dute ahalik eta azkarren; udazkena dator, eta harekin euria. Orain da lan egiteko garairik aproposena», nabarmendu du, bi baserriei erreferentzia eginez.
4
Kalteak nonahi
Bi hilabete igaro dira jada, baina alkateek ez dute ahaztu gau hartan sentitutakoa. Sorarrainek «estuasun handiz» gogoratzen du gau hura. 22:00etan alarma laranja ezarri zuten, baina ordurako lehen ezbeharrak gertatuak ziren. «Frontoian dantza emanaldi bat zegoen, baina, denboralearen neurria ikusita, bertan behera utzi behar izan genuen ekitaldia bukatu gabe», gogoratu du. «Berehala erabakiak hartzen eta deiak egiten hasi ginen».
Egun argitan, hondamendia ikusi zuten. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, Alegian 108 litro bota zituen metro koadroko. Alkateak azaldu duenez, Larraitz auzoa eta industriagunea izan ziren kaltetuenak, baina euriteak utzitako ondorioak herri osoan antzematen ziren: «Hainbat bidetan luiziak zeuden, inoiz luizirik izan ez den lekuetan, eta eskolako sarrera lokatzez beteta zegoen, Larraizko kaleak eta herriko garajeak bezala». Goizean goiz, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari batek deitu zion, baita Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuetako arduradun batek ere, egoerari buruz galdetzeko eta laguntza bidaltzeko. Urak eragindako kalteek, ordea, oztopatu egiten zuten Alegiara laguntza iristea, luiziengatik hainbat errepide itxita zeudelako.
«Herria seinalerik eta argindarrik gabe zegoen, eta errepidea, urak hartuta»
MIKEL ARTEAGA Amezketako alkatea
Alegiatik Amezketara doan errepidean hamabi luizi gertatu ziren. «Zirrara handiz» bizi izan zuen hondamendiaren gaua Arteagak. Euri asko ari zela eta, kalera jaitsi, eta orduan ikusi zuen: «Herria seinalerik eta argindarrik gabe zegoen, eta errepidea, urak hartuta». Larrialdietara deitu zuten, baina haiek gainezka zeuden. Udalak, orduan, ziurgabetasunari eskutik hartu, eta egoera zein zen zehazki jakin gabe, trafikoa itxi eta zauriturik ez zegoela ziurtatu zuen.

Antzera gertatu zen Ikaztegietan. Herritar asko Alegiako frontoian zeuden dantza emanaldia ikusten. Emanaldia bertan behera gelditu eta autoa hartu zutenean ohartu ziren euritearen larritasunaz. «Etxera bueltatu ezinik ibili ziren asko, bide berriak hartu nahian», kontatu du Garmendiak. Handik gutxira, errepideak urez estalita eta luiziek trabatuta zeuden.
Goizaldean, baina, ohartu ziren kalte gehiago egon zirela. «Hertell eta Xubero lantegietako eraikinak hondatu zituen denboraleak, eta Txara eta Larrunbe Txikia baserrietara joateko bideak ere suntsitu zituen». Bi baserriak konpontzeko prozesua motela izaten ari da: «Txarako konponketak bideratu badira ere, Larrunbe Txikirako bidea konpontzea konplexua eta garestia da, ibaia baitago tarteko».
«Teknikoki konpontzeko zailak diren eremuek erantzun bat behar dute ahalik eta azkarren; udazkena dator, eta harekin euria. Orain da lan egiteko garairik aproposena»
ALBA GARMENDIAÂ Ikaztegietako alkatea
Etxean zegoela entzun zuen zaparrada Aramendik. «Berehala pentsatu nuen bazetorrela zerbait», adierazi du. Handik minutu gutxira, euriak berea egin zuen Ataunen ere. Errekak gainezka egin zuen, luizi batzuk eraginez, eta urak zeraman hondakinak bidean utzita.
5
Eskuz esku, auzolanean
Txarrenari ere onena atera omen dakioke. Ekainean jazotakoa da horren adibidea. Euriteak sorturiko luiziek eta lokatzak oztopatu egin zuen herrietara laguntza bidaltzea, hala nola Alegiara eta Amezketara. Hori dela eta, auzolanean jardun zuten hasieran.
Alegiako Udalak mezu bat bidali zien gauean herritarrei, eta goizean goiz, bizilagunak, etxean zituzten baliabideekin, laguntzeko prest agertu ziren. «Betiko iltzatuta geratuko zait irudi hori: herritarren erantzuna izugarria izan zen», esan du alkateak, hunkituta. Hala, erratzak eta palak eskuan, lanari ekin zioten. «Guk baliabide teknikoak bagenituen ere, eskuak behar ziren, eta herritarrek atsedenik gabe egin zuten lan».
«[Hondamendiaren inguruan] Herritarren erantzuna izugarria izan zen»
REGINA SORARRAIN Alegiako alkateaÂ
Amezketan eta Ataunen ere auzolanean aritu ziren. Amezketan, goizean foru aldundira deitu zuten, baina, errepidearen egoerarengatik, ezin jakin noiz iritsiko ziren. Horregatik, herria mobilizatu zen: «Baserritar batzuekin eta zerrategiko traktoreak eta makineriaren laguntzarekin, errepidea ireki genuen». Ataunen goiz horretan bertan laguntzeko prest agertu ziren zenbait bizilagun, eta igandean hogei bat lagun bildu ziren. «[Garbiketa] enpresei eta auzotarrei eskertzekoa da, larunbata eta igandea izanik, erakutsi zuten prestasuna», adierazi du alkateak.
Lehortu da kaleko lokatza; baretu dira errekak; garbi daude harri eta lurrez estalitako errepideak. Egitekoak falta badira ere, gorde dituzte armairuan erratzak eta palak. Baina kosta egingo da ahaztea kolpe batez dena lokatzez bete zeneko gau hura.