Argindar dorrea zintzilik eta zubirik gabe Larrunbe Txiki baserrian

Ekaineko uholdeak guztiz suntsitu zuen Ikaztegietako Larrunbe Txiki baserriko sarbidea. Bi hilabete igaro eta gero, berdin jarraitzen du. Jabeek ez dute erantzunik jaso, eta «etsitzen» hasiak dira.

Ikaztegietako Larrunbe Txiki baserria gaur egun, uholdeak gertatu eta bi hilabetera. LARRUNBE TXIKIKO BASERRIA
Ikaztegietako Larrunbe Txiki baserria gaur egun, uholdeak gertatu eta bi hilabetera. LARRUNBE TXIKIKO BASERRIA
2025eko abuztuaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eurite handia eta kazkabarra nonahi. Hala izan zen ekainaren 14ko gaua Ikaztegietan (Gipuzkoa). Lehen begiratuan, ekaitzak urez hartu zituen errepideak. Hurrengo goizean, ordea, kalteak handiagoak ziren: luiziak eta herrigunetik kanpoko belardietan hondamena. Larrunbe Txiki baserrirako bidea eta baserria bera izan ziren kaltetuetako batzuk.

Baserriaren ondoan dagoen errekak gainezka egin zuen, eta suntsitu egin zuen baserrira iristeko zubia. Are gehiago, baserria errota izandakoa denez, erreka etxe barrutik igaro zen, bidean topatutako hondakinak utzita. Hori guztia gutxi balitz bezala, uholdeak ondoan dagoen Ibedrolako argindar dorrearen oinarria hondatu zuen. Errekaren ibilguaren erdian eta zuhaitzen adarren artean dago dorrea, kableetatik zintzilik. «Arriskutsua da dorrea dagoen lekuan egotea», esan du Larrunbe Txikiko Imanol Maizek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainean jakinarazi zuen diru laguntza emango ziela euriteen ondorioz kaltetuak izan ziren herriei. Oraindik ez du zehaztu, ordea, kalte ordainak leku pribatuetako kalteak ere barne hartzen dituen ala ez. Jakin ezean, Maiz eta familia ezin dira hasi konponketa lanak egiten, garestiak baitira. «Konponketek baserri guztiak baino gehiago balio dute».

Maiz Ibedrolarekin jarri zen harremanetan, eta, teknikari batek dorrearen egoera aztertu ondoren, dorrea aldatzeko kontratua sinatu zuten. Egunek aurrera egin dute, baina, eta dorrea lehengo leku berean dago. «Auzoak argindarra duenez, Ibedrolarentzat ez da presazkoa». Kontratuaren erreklamazioa bidali zien, eta Maiz aho bete hortz gelditu zen energia enpresaren erantzuna ikusirik: «Esan didate momentu honetan stockean ez dutela horrelako dorrerik».

Familiak berak jarritako ohol batzuek eta zurezko eskailera batek egiten dute zubi lana baserrira iristeko. Nola edo hala, atera dituzte baserri barruko hondakinak, baina ez dakite zer egin haiekin: «Ezin ditugu trasteak garbigunera eraman ez badugu biderik».

Prozesua luzatzen ari da. «Baserrian bizi ez garenez, hasieran ulertzen genuen gure kasua ez zela lehentasuna. Baina denbora igaro da, eta ez dugu erantzunik jaso», kexatu da Maiz. «Etsitzen hasiak gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.