Kaleko saltzaile baten defentsan aritu zen emakumeak berretsi du ez zituela udaltzainak jo

Epaiaren zain gelditu da Bilbon kaleko saltzaile baten atxiloketa eragozten saiatu zen emakumearen kontrako epaiketa. «Poliziaren gehiegikeria arrazistak» amaitzeko eskatu dute epaitegiaren aurrean.

Bilboko epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko ekainaren 3a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Epaiaren zain gelditu da 2023ko abuztuan Bilbon kaleko saltzaile baten atxiloketa eragozten saiatu zen emakumearen kontrako epaiketa. Alde biek eutsi egin diote orain arteko jarrerari: akusazioak atentatu eta lesio delituak egotzi dizkio emakumeari, eta hura zigortzea galdegin du; fiskalak urtebeteko kartzela zigorra eskatu du, eta Bilboko Udaltzaingoaren akusazio partikularrak, berriz, hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra, 3.000 euro baino gehiagoko kalte ordainez gain. Emakumeak, berriz, berretsi du ez zituela udaltzainak jo, eta haren abokatuak absoluzioa eskatu du. Epaiketa amaitu aurretik, azken adierazpena egiteko aukera eman diotenean, argi mintzatu da emakumea: «Epaiketa honetan neu izan naiz egia esan duen bakarra».

55 minutu iraun du epaiketak. Hiru udaltzain lekuko gisa joan dira, eta esan dute emakumeak «ukabilkadak eta ostikadak» eman zizkiela udaltzainei, baina kontraesanak egon dira haien adierazpenen artean. Auzitegi mediku bik ere deklaratu dute: esan dute udaltzainetako batek burezurreko traumatismo txiki bat zeukala, eta ez dute jakin esaten hura ostikada baten ondorioz izan ote zen; izan ere, udaltzainek behin eta berriro esan dute emakumeak ostikada bat eman ziola buruan udaltzainari. Edonola ere, auzi medikuek argi azaldu dute «objektu gogor batekin emandako kolpe batek» eragin zuela traumatismoa; defentsak nabarmendu du hori ez datorrela bat ostikadaren bertsioarekin, atxiloketa gertatu zenean emakumeak sandalia arin batzuk baitzituen jantziak.

Istilua gertatu zenean Bilboko Kale Nagusian zebilen emakume batek ere deklaratu du lekuko gisa; hark ere ez du berretsi udaltzainen bertsioa, eta zalantza egin du ustezko ostikada «kaleko saltzaileak» eman ote zuen. Bi bideo ere jarri dituzte ikusgai, froga gisa; horietako bat da 2023ko udan sare sozialetan bolo-bolo ibili zena, eta han ez da ageri emakumeak buruan ostikorik eman zionik udaltzainari.

Defentsako abokatu Jose Maria Trujillok esan du bere ustez emakumearen bertsioa berretsita gelditu dela epaiketan, baina ez du horren inguruko balorazio gehiago egin nahi izan.

2023ko abuztuaren 9an, 20:45 aldera, Bilboko Kale Nagusian zebiltzan bi udaltzainek kaleko salmentan ziharduten hamabost bat gazterengana jo zuten, El Corte Ingles saltokiaren inguruetan. Saltzaile gehienek alde egin zuten, baina haietako bat harrapatu zuten udaltzainek, eta, hura atxilotzen ari zirenean, inguruan zeuden zenbait herritar atxiloketa galarazten saiatu ziren. Hortik aurrera jazotakoaren inguruan bertsio bat baino gehiago daude: udaltzainek diote atxilotua askatzen ahalegindu zen emakumeak udaltzainak jo eta iraindu zituela, eta emakumeak ukatu egin du hori. Azkenean, andrazkoa atxilo eraman zuten.

Elkartasuna kalean

Epaiketa hasi aurretik, elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean, Manteroekin Bat plataformak deituta, emakumeari elkartasuna adierazi eta «Poliziaren gehiegikeria arrazistak» amai daitezela eskatzeko. Hasieran, epaitegiaren sarreran jarri dira, Manteroekiko elkartasuna ez da delitua, poliziaren gehiegikeriarik ez leloak idatzita zeuzkan pankarta batekin; ertzainek handik bidali dituzte, eta aurreko espaloian jartzeko agindu, baina, ikusi dutenean espaloi hori askoz estuagoa zela eta elkarretaratzea han egitea arriskutsua zela ikusi dutenean, baimena eman diete protesta epaitegiaren ondoan egiteko, sarbidea ez oztopatzeko baldintzarekin.

Plataformakoek salatu dute kaleko saltzaileen kontrako gehiegikeriak «gero eta ugariagoak, ohikoagoak eta neurrigabeagoak» direla Bilbon. Esan dutenez, poliziek, salgaiak ez ezik, eskuko telefonoa, giltzak, pasaportea eta dirua ere kentzen dizkiete, eta ez dago kendutako gauzen erregistrorik. Behin baino gehiagotan atxilo eraman dituzte, eta, gaua polizia etxean eman ondoren, epaitu egiten dituzte.

Plataformako kideek bilerak egin dituzte Bilboko udal gobernuko ordezkariekin, eta, haien kezkaren berri emateaz gain, proposamen zehatzak ere egin dizkiete horrelakoak berriro gerta ez daitezen, baina «administrazioaren isiltasuna eta jazarpen handiagoa» izan da erantzuna. «Arduradun politikoen ihesbideen aurrean», Bilboko Udaleko osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko dutela iragarri dute.

Elkartasuna adierazi diote epaitu duten emakumeari, eta erantsi haien ustez epaiketak «gobernu taldearen eta Bilboko Udaltzaingoaren arduradunen aurka» izan beharko lukeela, Poliziak erabilitako «basakeria eta indarkeria» direla eta. «Elkartasuna ez da delitua, ezta kaleko saltzaile izatea ere», berretsi dute.

Plataformak salatu du horrelako jokabideek «egiturazko arrazakeria» betikotzen dutela, eta iragarri dute «elkartasunez antolatzen» jarraituko dutela aurrerantzean ere: «Agerian utziko dugu kaleko saltzaileak Bilbon nozitzen ari diren jazarpena eta judizializazioa».

Elkarretaratzea amaitzear zegoenean, emakumea eta haren abokatua agertu dira, eta txaloka eta «elkartasuna ez da delitua» oihukatuz hartu dituzte han bildutakoek, biak eraikinera sartu diren arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.