Manteroekin Bat plataformak mobilizatzera deitu du astelehenerako Bilbon, azken egunotan kaleko saltzaileen aurka Polizia egiten ari den sarekadak eta atxiloketak salatzeko. Protesta 18:00etan izango da, Zamudioko Atarian, Aski da manteroen aurkako eraso polizial arrazistekin elopean.
Atzo bertan, Arriaga antzokiaren parean kalean saltzen ari ziren bi lagun atxilotu zituzten udaltzainek, bortizkeria erabiliz. Adaxka Kultur Elkarteak sare sozialetan zabaldu duen bideoan ikus daiteke:
Eta gaur berriro ere.
— Adaxka Kultur Elkartea (@AdaxkaKE) August 1, 2025
Utzi manteroak bakean! pic.twitter.com/YporS2VyPy
Azken asteetan Polizia behin baino gehiagotan aritu da Bilbon kaleko salmentan diharduten pertsonen aurka. Asteazkenean, Bilboko udaltzainek kaleko saltzaile bat atxilotu zuten Alde Zaharrean, Somera eta Zamudioko Atearen arteko bidegurutzean. Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikusten da kaleko saltzaile bat lurrean etzanda eta udaltzain bi haren gainean jarrita, atxilotzeko asmotan.
Bilboko Udaltzaingoaren beste eraso arrazista bat!
— Adaxka Kultur Elkartea (@AdaxkaKE) July 30, 2025
Pertsona bat modu oldarkorrean izan dute lurraren kontra, grabatzen ari ziren auzokideei "payaso" deituz.
Deskontrolatuta eta inpunitate osoz dabiltza.
Auzoak era honetako jokaerak gogor salatzen ditu.
Elkartasuna kidearekin! pic.twitter.com/F2h9mWCLUt
Erne-ren salaketa
Erne sindikatuak, berriz, salatu du atzo Bilboko udaltzain bati eraso egin ziotela Nafarroa kalean. «Merkatari txikien babesean, legez kanpoko salmenta saihestuz, gero eta handiagoa da udaltzainek aurre egin behar dieten indarkeria eta errespetu falta». Ertzainen sindikatuak Bilboko Udalari eskatu dio «akusazio partikular gisa aurkezteko, gertakari horien eta udaltzainei egindako eraso edo atentatu guztien aurrean».
Bilboko Udalak, bestalde, jakinarazi du, atzo, udaltzainak Ripa kalean zeuden kaleko saltzaile batzuk atxilotzera joan zirenean, horietako batek udaltzain bati atzamarra hautsi ziola. Bilboko Udalak babesa adierazi die udaltzainei, eta gaitzetsi egin du haiekiko eta haien lanarekiko jokabide «oldarkorra edo errespetu falta».