Irakurri serie honetako artikulu guztiak
«Urte luzez egon den borroka feministaren ondorena gara. Eta ondoren hori urtero-urtero ikusten dugu, ez dagokio soilik feministek duela hamar urte sanferminetako erasoaren aurka mobilizatzeko erakutsi zuten gaitasunari. Horrelako borrokek eman baitizkigute aski irakaspen eta aski lorpen». Hamar urte beteko dira datorren astean sanferminetako talde bortxaketa gertatu zenetik. Hamar urte mugimendu feministak kalera ateratzeko deia egin eta hala Iruñeko nola Euskal Herriko karrikak jende olde batek hartu zituenetik. Lide Arrieta Euskal Herriko Gazte Feministetako kidea da, eta gogoratu du eraso hari emandako erantzuna ez zela egun batetik bertzera etorri, «aurretiaz egosten ari zen lan militante feminista» baten emaitza izan zela.
Amaia Zufia ibili zen ordu hartako mugimendu feministan, eta xeheago esplikatu du nola iritsi ziren horraino: «Batetik, mugimendu feministak urteak zeramatzan lanketak egiten, jendeak uler zezan zer zen indarkeria matxista eta nola eragiten zuen eremu guztietan. Bestetik, lanketak egin genituen instituzioekin eta sanferminetako eragile nagusiekin, peñekin alegia». Bi elementu horien emaitza izan zen erasoari erantzun irmoa eman ziona: «Jendarte antolatu bat, instituzioen aktibazioa, eta mugimendu feminista indartsu bat».
«Mugimendu feministak urteak zeramatzan lanketak egiten, jendeak uler zezan zer zen indarkeria matxista eta nola eragiten zuen eremu guztietan»
AMAIA ZUFIA Mugimendu feminista
Dena den, gogoratu du «presio mediatiko eta soziala» egon zela kasu horri lotuta. «Hedabideek bereziki, kasu horri buruz hitz egin nahi zuten, eta horrek mobilizatzeko, adierazpenak egiteko eta erantzun bat emateko presioa eragin zigun». Gizarteak eta komunikabideek zuten interes hori baliatzea garrantzitsutzat jo du Zufiak, baina, aldi berean, gogoratu du horrek arrisku bat zekarrela. «Jendeari pentsaraz ziezaiokeen kasu hori salbuespen bat zela. Eta guk nabarmentzen genuen indarkeria matxista egiturazkoa dela, aurpegi pila bat dituela. Ez dela kale ilun batean munstroek egindako zerbait, baizik eta askotan inguruan gertatzen dela. Eta hor egin behar izan zen lanketa handi bat».
Hamar urte geroago, lanketa hori beharrezkoa da oraindik. Arrieta: «Erasotzailea ez da munstro abstraktu bat, ezta estereotipo arrazistetan oinarritutako norbait ere. Erasotzaileen soslaiari begiratuta, gizonak izatea da ezaugarri komuna, eta, beraz, erasotzaileak gure artean daude, eta horiei erreparatzea dagokigu».
Hala, bortizkeria matxistari aurre egiteko orduan, Arrietak garrantzitsutzat jo du patriarkatua «estrukturala» dela seinalatzea, eta autodefentsa eta bertzelako mekanismo feministak hortik abiatuz planteatzea. «Horrek tresnak ematen dizkigu gizonak guri erasotzeko zilegitasuna duen talde edo klase sozial bateko kide gisa ulertzeko, eta, aldi berean, autodefentsa feminista artikulatzeko erasotzaileen inpunitatearen aurka». Eta esan duenez, erasoei aurre egiteko soilik ez, autodefentsa feministak modua eman dezake zenbait esparru «feministatzeko» ere, «espazio gozagarriak eta feministak izateko».
Besta eremua aldatu
Besta eremua da aldatu nahi dituzten esparruetako bat: «Guk festa egin nahi dugu, ez dugu festa amaiarazi nahi. Festa gizonentzat bakarrik izatea nahi duen egitura suntsitu nahi dugu; patriarkatua, alegia». Arrietak nabarmendu du mugimendu feminista ezin dela izan horren ardura duen eragile bakarra, «izan ere, emakume bati edo sexu-genero disidente bati erasotzen diotenean, herri gisa erantzuteko gaitasuna erakutsi behar dugu». Eta, hortaz, hausnarketa egitera deitu du: «Zer dugu egiteko herri gisa? Zer dute egiteko gizonek? Eraso bat salatzeko elkarretaratzeak iraun bitartean lokala, taberna edo peña tarte horretan ixtea zer? Lanketa horren barruan, gutxienekoa da, eta aurrerapauso bat ere bai». Bide beretik mintzatu da Zufia ere, uste baitu besta giroko erasoei aurre egiteak eguneroko lanketa eskatzen duela: «Ez dakit gizonek zenbateraino egin duten lanketa hori; esango nuke batzuk ez direla hasi ere egin».
«Guk festa egin nahi dugu, ez dugu festa amaiarazi nahi. Festa gizonentzat bakarrik izatea nahi duen egitura suntsitu nahi dugu; patriarkatua, alegia»
LIDE ARRIETA Euskal Herriko Gazte Feministak
Oraindik ere besta giroan erasoei aurre egiteko beharra dagoela jakinda, han-hemenka hasiak dira horiei aurre egiteko mekanismo batzuk martxan jartzen; brigada moreak edo etxeratze kolektiboak, erraterako. Kritiko mintzatu da Arrieta etxeratze kolektiboei buruz, horiek «beldurraren kultura elikatu eta erreproduzitzen» dutelakoan. «Patriarkatuaren alde estrukturala elikatzen dute, eta erasotzailearen ohiko irudia desitxuratu. Gainera, emakumeon bizitzaren eta errutinaren kontrola areagotzen dute, esanez zer egin behar dugun, zer ordutan itzuli behar dugun etxera eta norekin».
Bertze bide bat hartzearen alde egin du Arrietak: «Garrantzitsua da arreta jai eremuan eta, orokorrean, gizonengan jartzea. Hau da, har dezatela ardura eraso egin ez diezaguten, eta ez dezatela baldintzarik sortu inguruko gizonek guri eraso egiteko». Ezinbertzekoa zaio prebentzioari ere erreparatzea, horrek barne hartzen duena aintzat hartuta: «Gune erosoak sortu behar ditugu, gizonik gabeko esparruak, eta espazio publikoa gureganatu behar dugu. Horren adibide da uztailaren 11n eginen dugun Feministok Fest; espazio publikoaren aldarrikapena egiteko abagunea izaten da hori».
Hala, Arrietak berretsi du feministek lanean segituko dutela, baita sanferminak «feministatzeko bidea egiten» ere: «Baditugu tresnak sobran, baditugu aliantzak, baita horiek sortzeko asmoak eta bideak ere. Antolatuta gaude».
Erasotzaileen kontrako «jarrera irmoa»
Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ere urte osoan egiten du bortizkeria matxistaren kontrako kontzientzia zabaltzearen alde. Irene Ruiz antolakundeko kideak esplikatu du bi norabidetan egiten dutela lan: «Batetik, gero eta zabalduago dauden ideia erreakzionario eta matxistei aurre egingo dien indar politiko eta sozial bat eraikitzen. Bestetik, eraso orori aurre egiten, bai erasoa jasan duen emakumea babestuz eta baita erasotzailea bera seinalatuz ere».
Ildo horretatik, Ruizek erran du «jarrera irmoa» izan behar dela erasotzaile guztien kontra, bai tartean bortz ezezagun izanez gero eta baita inguruko norbait izanez gero ere. «Ezin dugu ez ikusiarena egin. Hortaz, guretzat ezinbestekoa da matxismoaren aurkako borrokarekin konprometituta dagoen indar politiko eta sozial bat eratzea, erasoak gertatzen diren bakoitzean erantzunak emateko kalean, eta gizarteari mezu zehatz bat bidali».
Urte osoan bezala, besta giroan ere eraso matxistei aurre egin behar zaie, Ruizek nabarmendu duenez; horren harira, gehitu du emakumeak antolatzeko esparruak ireki behar direla, indarkeria matxistaren kontrako kanpainak abiarazita eta erasotzaileei erantzuteko bitartekoak martxan jarrita.
Sozialismoa eraikitzea helburu
Areago, sistemaren erroetan eragitearen garrantzia nabarmendu du Ruizek. «Gizarte kapitalistak berezkoa du matxismoa, eta matxismoa sostengatu behar du, emakume langileon kontrako zapalkuntza behar baitu aurrera egiteko». Hala, Itaiako kideen irudiko, bortizkeria matxistaren kontrako borrokak eta gizarte kapitalistaren oinarri ekonomikoei eta sozialei aurre egiteko borrokak bat egin behar dute, «sozialismoaren eraikuntzaren» barrenean betiere.
«Gizarte kapitalistak berezkoa du matxismoa, eta matxismoa sostengatu behar du, emakume langileon kontrako zapalkuntza behar baitu aurrera egiteko»
IRENE RUIZ Itaia
Zertaz? Indarkeria matxistak lehentasunezko kezka izateari utzi diolako, eta alderdi politikoek, instituzio kapitalisten barrenean, bortizkeria hori kudeatu bertzerik ez dutelako egiten, Ruizen erranetan. «Ez hori bakarrik: kudeaketa horrek barne hartzen ditu gure aurkako eraso sistematikoak egiten dituzten instituzio batzuk; Polizia, esaterako», kritikatu du Ruizek.
Instituzioen jarrera kritikatzearekin batera, Ruizek nabarmendu du emakumeen aurkako ideiak eta jarrerak zabaldu direla. «Eta, bitartean, ultraeskuina indarkeria matxistako kasuak erabiltzen ari da ideia eta ideologia faxistak zabaltzeko». Ruizek argi du zer bide orri izanen dute horri buru egiteko: «Indarkeria matxistaren aurka kalera atera, eta mobilizatu egin behar dugu. Eta, gainera, indarkeria matxista amaituko duen proposamen politiko bat berreraiki behar dugu, matxismoaren eta faxismoaren aurkako euste horma bat sortu, gero eta jende gehiago matxismoaren aurkako borrokara batu dadin».

