Egun seinalatua izaten da Euskararen Nazioarteko Eguna. Ugariak izaten dira euskararen aldeko mobilizazioak eta adierazpenak. Halatsu dator aurten ere. Erakunde askok plazaratu dituzte euskararen aldeko mezuak, eta bi mobilizazio nagusi egingo dira bihar. Baionan izango da lehena: Euskal Konfederazioak EEP Euskararen Erakunde Publikoaren parean batzera deitu ditu euskaltzaleak, elkarretaratze bat egiteko; hizkuntz politika eraginkorrak egiteko baliabideak eskatuko dituzte. Arratsaldean, Bilbon, Gukak antolatutako manifestazioa abiatuko da:Â Bilbon euskaraz bizi nahi dugu, erdalduntze makina gelditu! leloa ozenduko dute. Protesta horien lorratzari segika helduko da larunbatean EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek Durangon egingo duen manifestazio nazionala ere.Â
Ekitaldi instituzional ugari ere egingo dira. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, eguerdirako egina du deia: Ajuriaenean izango da ekitaldi nagusia.
Euskararen alde adierazpenak egiteko batu egin dira hainbat erakunde. Mezu bateratua atera dute, adibidez, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Euneizek. Unibertsitateak euskararen indargune izan gaitezen goiburua jarri diote. «Euskal Herriko unibertsitateok funtsezkoak gara euskararen garapenaren eta transmisioaren haria ez eteteko», azaldu dute. Eta bide horretan ahaltsuak izan daitezkeela onartu dute. «Unibertsitateko kolektibo guztietan handiagoa da euskaldunen portzentajea gizarte osoan baino, eta hori baliatu behar dugu». Besteak beste, kanpotik datozen ikertzaileei «harrera linguistiko egokia» egiteko eginkizuna dutela adierazi dute. «Euskara gurean errotzeko eta ikerketa egiteko tresna paregabea dela sentiarazi behar diegu bertan prestatzen diren profesional eta ikertzaileei, eta baita kanpotik datozenei ere».Â
Helburu horrekin bat eginda, Euskararen Egunarekin lotutako ekitaldiak ere iragarri ditu biharko EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Aditzera eman dutenez, hogei ekitaldi baino gehiago egingo dituzte, campus guztietan.Â
Erakunde artekoa
Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordean batzen dira hainbat erakunde: Eusko Jaurlaritza; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioak; Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalak; Euskal Udalen Elkarte Eudel; eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitate UEMA. Adierazpen bateratua plazaratu zuten lehengo astean, eta Euskara, zugan, nigan, gugan leloaren inguruan ardaztu dute. «Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek zaildu egiten du komunitatearen indarra eta zentzua», azaldu dute, eta euskararen bilakaeran horrek dituen ondorioez ohartarazi dute: «Hiztun komunitatea ez da berez mantentzen. Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da. Horregatik, orain da garaia. Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bidea berriak jorratzeko garaia».
Adierazpen horretan UEMArekin hitzartutako hainbat konpromiso jaso dira, eta mankomunitateko udalek bat egingo dute horiekin. Ardatzak hiru dira: udal politiketan euskara erdigunean jartzea, hizkuntza politiketan atzerapausorik ez egitea eta euskarak behar duen jauzian udalek «dagokiena» egitea.Â
ELAk ere atera du ohar bat Euskararen Egunaren harira. Mobilizatzera deitu du: «Euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoak bat egin du alderdi abertzaleen apalaldi politikoarekin, eta, esandakoarengatik, euskaldunok pairatzen duten egiturazko zapalkuntza gainditzeko mobilizazioak sustatzea da bide eraginkor bakarra». Horretarako bidea abiarazia du LAB sindikatuarekin batera: funtzio publikoko langileak mobilizatzera deitu dituzte administrazioaren euskalduntzean atzerapausorik ez dutela onartuko esateko. Bi protesta egingo dituzte: abenduaren 16an Iruñean, eta abenduaren 17an Gasteizen.Â
EH Bilduk eta EH Baik ere batera atera dute oharra. Aldarrikapenekin: «EH Bilduk eta EH Baik Euskal Herrian indarrean diren estatus juridikoak eta hizkuntza politikak agorturik daudela adierazten dugu. Unea da beraz euskararentzat estatus berri bat adosteko eta gauzatzeko. Berdintasunezko aterpe juridiko berri bat eraikitzeko, euskararen garapena oztopatu nahi duen desofizializazioari murru bat jartzeko eta XXI. mendean behar dituen politika publiko eraldatzaileak eskubide osoz martxan jartzeko, kanpo esku-hartzerik gabe».Â