Kaleratzeak Stop plataformak salatu du Gipuzkoako zortzi familia etxegabetze arriskuan daudela

Hurrengo astean bozkatuko dute Espainiako Kongresuan ezkutu sozialaren dekretua onartu ala ez. Onartzen ez bada, litekeena da «ehunka familia» bizilekurik gabe geratzea Euskal Herrian.

Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldeak gaur egindako agerraldia, Donostian. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldeak gaur egindako agerraldia, Donostian. JON URBE / FOKU
Julen Urrestarazu
Donostia
2026ko otsailaren 13a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hurrengo astean bozkatuko dute Espainiako Kongresuan ezkutu sozialaren dekretua onartu ala ez. Onartzen ez bada, kaleratuak izateko arriskuan geratuko dira 50.000 familiatik gora. Bada, Rosa Garcia Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformako kideak azaldu duenez, PPk, Voxek eta JxCk aurka bozkatuko dute ziurrenik, eta, ondorioz, litekeena da «ehunka familia» bizilekurik gabe geratzea Euskal Herrian, Garciak esan duenez: «Alderdi horiek etxejabe handien eta txikien etxebizitzaren negozio espekulatiboa babesten ari dira».

Plataformako kideek agerraldia egin dute gaur goizean, Donostian. Azaldu dutenez, Gipuzkoan zortzi familia daude bizilekurik gabe geratzeko arriskuan; familia horietako zazpi pertsona egon dira agerraldian. Horietako lauk etxegabetze agindua zutela adierazi dute, baina epaileak bertan behera utzi ziela iaz; egoerari bere horretan eusteko, ezkutu sozialaren dekretua onartu behar dute. Hala ere, lau horietako batek, Enrique Jimenezek, etxegabetze agindua jaso du: martxoaren 5erako. «Gizarte zerbitzuek frogatu zuten familia zaurgarri bateko kidea nintzela, baina epaileak erabaki zuen ez nintzela zaurgarria». Errenterian (Gipuzkoa) bizi da, emaztearekin eta seme adingabearekin batera.

Jimenezek La Caixari ordaintzen zion hipoteka 2006tik, baina hilabete batean huts egin zuen, eta ez zen gai izan zor osoa ordaintzeko: «La Caixak bere eskubidea du, baina ezkutu sozialak babestu egin beharko ninduke, zaurgarria naizelako».

Egoera hori ikusita, herritar guztientzat «bizitoki duin eta iraunkorreko alternatiba» bermatzeko exijitu dio Garciak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari. Gehitu du, halaber, egoera zaurgarrian bizi diren pertsona asko tentsio handiko udalerrietan bizi direla, hala nola Donostian, Irunen eta Errenterian (Gipuzkoa).

Ezohiko luzapenei kasurik ez

Agerraldian izan diren beste lau pertsonek ere etxegabetze demanda jaso dute, eta horienak indarrean jarraitzen du. Errentak ez ordaintzeagatik edo kontratuak amaitu zaizkielako jarri dizkiete demandak; halere, Garciak nabarmendu du Etxebizitza Legean jasotako ezohiko luzapenak eskatu dituztela. 

Carmen Floresek bere egoeraren berri eman du: Errenterian bizi da, semearekin, eta haren bizilekuko jabeak Flores etxegabetu nahi du, alokairuaren kontratua amaitu zaiolako. Etxejabearen tratu txarra salatu du: «Esan zidan joateko lagun batekin trasteleku batera bizitzera».

Floresek argitu du lana egiten duela eta etxe bat ordaindu dezakeela, baina etxebizitzen prezioak altuegiak iruditzen zaizkio: «Lehen, bi logelako etxe bat alokatzeko 700 edo 800 euro inguru eskatzen zizkizuten. Orain, ordea, 1.100 edo 1.200 euro. Gutxieneko soldata 1.200 eurokoa bada, zer dirurekin ordainduko dugu?», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.