Amaitu dira negoziazioak, eta Espainiako Gobernuak gaurko bileran onartuko du etxe kaleratzeei aurre egiteko dekretu bat. PSOErengana hurbildu da zerbait PP. Diru mugan jarri dira ados, hedabide zenbaitek zabaldu dutenez: laguntza izango dute etxean urtean 19.000 sartzen diren kasuetan; bankuekin birnegoziatzea erraztuko diete, besteak beste. Orain abian den borondatezko arauak 16.000 euro inguruan du muga; beraz, jende gehiagok izango du babesa. Plan mugatua izango da, halere: jada etxetik botatakoek ez dute babesik izango, ezta «muturreko» egoeran ez daudenek ere.
Azken unera arte, bart gauera arte, aritu dira negoziatzen gobernuko ordezkariak eta PSOEkoak. Hasierako muga izan dute traba azkenean ere: kaleratze batzuk soilik babesteko bidea jarri nahi du PPk, oso mugatua, eta bi urterako soilik; PSOEk, berriz, hipotekei buruzko legeak aldatu nahi ditu, uste baitu hor dagoela arazoa. PPk trabak jarri ditu horretarako.
Zerbait adostu bai, baina eguna mokoka igaro zuten bi alderdiek. PSOEk mozio bat aurkeztu zuen Espainiako Senatuan, bi eskarirekin: berehala hartzeko neurriak etxe kaleratzeei aurre egiteko, eta aldatzeko hipotekei buruzko legeak. Beste alderdien babesa izan zuten sozialistek, baina ez PPrena: «muturreko» egoeran daudenak ez kaleratzeko neurriak bi urtez ezartzea defendatu zuen hark. PSOEk ez zuen PPrekin bat egin.
Hortik aurrera, aurpegiratzeak nagusi. PSOEk PPri: «Atzerapen bat bakarrik ez, sakoneko aldaketak behar dira. Legeak aldatzeko zain daukagu gizartea». Eta PPk PSOEri: «Alderdikeriaz ari zarete. Sentsibilitatea orain erakutsi duzue, oposiziotik; gobernutik herrialdea pobretu duzue. Lezioak justukoak eman guri».
Raxoi, jarrera malguagoarekin
Erdibideko jarrera, malguagoa, agertu du, berriz, Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak. Apenas hitz egin duen orain arte kaleratzeei buruz. Argentinako La Nación egunkariari elkarrizketa bat eman dio, eta nabarmendu du inor etxerik gabe ez geratzeko ahaleginak egingo dituela Espainiako Gobernuak. «Eraginkortasuna behar dugu orain. Hipoteka Legea aldatu behar bada, aldatuko da. Zorrak berriro negoziatzeko modua jarri behar da».
Bi urterakoa da oraingoz aurrera egingo duen aldaketa. Diru aldetik ez ezik —birnegoziatzeko aukera gehienez 19.000 euroko sarrerak dituztenentzat—, beste esparru batetik ere mugatu nahi du PPk kalean geratzeko arriskuan daudenen babesa: adinekoak, ezinduak eta familia ugariak libratu asmo ditu kaleratzeetatik. PSOEk muga zabalagoak proposatu ditu, eta legeak aldatzea. Europako Auzitegiko abokatuak esana du arauek ez dituztela bermatzen herritarren eskubideak.
Kalean, bitartean, gero eta ozenagoa da kaleratzeei aurre egitearen aldeko oihua: larunbatean manifestazioa egingo dute Bilbon, dozenaka eragilek deituta. Gaur Barakaldon (Bizkaia) dute protesta. Bihar da astea Amaia Egañak bere burua hil zuela etxetik botatzera joan zitzaizkionean.
Laguntza publikoa jaso duten bankuak ere ari dira herritarrak etxerik gabe uzten —asteon, Iruñean, Bankiak aurrera segitu du andre baten aurkako prozedurarekin—. Bidezkoa ote den galdetu diote Raxoiri. Bankuei lagunduz herritarrei on egiten zaiela erantzun du: «Ez da hainbeste bankuei laguntzea, herritarrei baizik. Jendearen aurrezkiak seguru egotea kontua, hartzekodunek kobratzea, akziodunei kalte ez egitea».
Kaleratzeen kontrakoa arau mugatua izango da, PPk eta PSOEk jarrera hurbildu arren
Dekretua gaur onartuko du Madrilgo gobernuak, erabateko akordiorik ez izanda ere; diru mugan jarri da ados PSOErekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu