Larunbat goizaldean bi gizonen arteko borroka bat izan zen Gasteizko Alde Zaharrean, Aiztogile kalean. Kaleko jantzitako bi ertzain bertara joan ziren, horietako batek pistola atera zuen, eta gizonetako bati apuntatu zion, Gasteizko Gaztetxeak zabaldu duen bideo batean ikus litekeen moduan. Gasteizko gaztetxeak gertatutakoa gaitzetsi du: «Gaztetxekoek gogor salatzen dugu bart gaueko jazarpen poliziala». Ertzaintzaren barne arazoetako saila gertatutakoa ikertzen ari da, jokaera egokia izan zen jakiteko.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, dei bat jaso zuten, eta kaleko jantzitako poliziak bertara joan ziren. Haien esanetan, bi gizon borrokan ari ziren, eta horietako batek besteari botila batekin eraso egin zion lepoan. Orduan, ertzainak zirela jakinarazi zieten, banantzen ahalegindu ziren, eta ertzainetako batek pistola atera zuen.
24 urteko gizonezkoa atxilotu egin zuten, lesio delitua egotzita. Beste gizona, 25 urtekoa, ospitalera eraman zuten.