Nafarroako enpresek Israelekin eta haren konplize direnekin dituzten harremanak etetea. Horixe da Lantokiak Palestinaren alde izeneko kanpainaren xedea. Yala Nafarroa plataformak sustatu du, zenbait eragilerekin batera: LAB, CGT, Solidari eta Steilas sindikatuak, Giza Eskubideen aldeko Abokatutza, Nafarroako Osasungintza Su Etenaren Alde, Palestinaren aldeko suhiltzaileen kolektiboa eta Irakasleok Palestinarekin.
«Gure asmoa da Nazio Batuen Erakundearen eta nazioarteko auzitegien aginduari men egitea, eta erakunde horiek Israelen konplize gisa seinalatutako enpresekin harreman komertzialak apurtzea. Hori dela eta, ekinbide honek dei egiten die langile guztiei, kanpaina beren lantokietara eraman dezaten», azaldu dute kanpainaren antolatzaileek, gaur Iruñeko Plazara gunean egin duten aurkezpenean. Antolatzaileen izenean hitz egin dute Mabel Pascualek (LAB), Jaxin Gomezek (Yala Nafarroa), Maura Rodrigok (CGT-LKN), Ane Apezetxeak (Steilas) eta Manuel Ruizek (Solidari).
Sustatzaileen ustez, azken asteotako su etena «aringarria» izan da, «baina ez dugu ahaztu behar Israelek segitzen duela nazioarteko legedia eta zuzenbide humanitarioa urratzen, eta gizateriaren aurkako gerra krimenak egiten dituela sistematikoki». Agerraldian adierazi dutenez, Israelek Gazan hildakoak 75.000 eta 190.000 izan daitezke, The Lancet aldizkari zientifikoaren arabera. «Jardun hori genozida da erabat: ospitaleen eta eskolen aurkako jazarpena, osasun langileen eta pazienteen erailketa, jendea indarrez desplazatzea eta gero bonbardatzea, elikagaiak eta ura sartzea eragoztea...». Uste dute krimen horiek ezin direla zigorrik gabe gelditu, eta «boikota, protesta eta grebak» direla egoera aldarazteko biderik eraginkorrena.
Horiek horrela, proposatu dute Israel «bakartzea», herrialdeek harekin izan ditzaketen lotura guztiak apurtuz. «Orain arteko konpromisoa hedatu behar da enpresa eta lanbide guztietara, gerra hemen hasten baita, Israelen interes komertzialen bidez», esplikatu dute. Langileen klase betebeharra ere badela nabarmendu dute: «Ezin dugu onartu gero eta militarizatuago dagoen mundu bat, zeinean gerra soilik baita tresna bat, aberatsenek segi dezaten aberastasuna pilatzen, klase apalenak txirotzen eta hiltzen dituzten bitartean».
Hori lortzeko, agiri bat prestatu dute, eta hainbat lantokira igorriko dute. Idazki horretan, Nafarroako enpresei eskatzen zaie salerosketa eta harreman komertzial oro eten dezatela lau multinazionalekin: Teva, Axa aseguruak, Carrefour eta HP. Agiria yalanafarroa.com webgunetik deskargatu daiteke, gainera, edonork bere enpresara eraman dezan, «hala bere kabuz, nola Enpresa Batzordearen bitartez».
Eta zergatik egin nahi diote boikota lau multinazional horiei? Agerraldian ere eman dute horri buruzko azalpena: «Uste dugu lau horiek egokiak direla helburua betetzeko: Israel bakartzea zuzenean eragiten ahal dugun esparruetan, hango enpresei eta ekonomiari presio eginez». Hortaz, langileei dei egin diete Palestinaren aldeko kausaren goraldia aprobetxatzera.
 
     
    