«Kanpaina» egitea egotzi dio Estebanek Anduezari, bi alderdien arteko xextren harira

Sozialistekin harremanak konpontzeko prest agertu da jeltzalea, eta Madrilera oihartzun bila joatea aurpegiratu dio idazkari nagusiari.

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza eta EAJko presidente Aitor Esteban, iazko azaroan, Forum Europan. LUIS TEJIDO / EFE
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza eta EAJko presidente Aitor Esteban, iazko azaroan, Forum Europan. LUIS TEJIDO / EFE
Iratxe Muxika
2026ko otsailaren 13a
11:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken egunotan bolo-bolo ibili dira EAJren eta PSE-EEren arteko eztabaidak, bertzeak bertze desadostasunak dauzkatelako etxebizitza politikan, Pasaiako portuaren inguruan, eta Ayesaren operazioaren gainean. Horiek horrela, Herri Irratian solasaldi bat egin du gaur Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak, eta jakinarazi du jeltzaleak prest daudela sozialistekin harremanak konpontzeko. Baina Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiari mezuren bat edo bertze bidaltzeko ere aprobetxatu du, eta aurpegiratu dio «ondo lotuta» daukala dena, eta helburu nagusi bakarra duela oinarrian: «Kanpaina egitea».

«Hauteskunde kanpaina batean balego bezala» jokatzen ari dira sozialistak, hala uste du Estebanek, eta PSE-EEren gain utzi ditu egunotako liskarrak. Izan ere, egotzi dio bi alderdien arteko «desadostasunak borroka maila gorenera» eramatea: «Eta ez gaude liskarretarako».

Bide batez, gogorarazi du koalizio bat dagoela EAJren eta PSE-EEren artean, eta koalizio horren ardura dela gobernu akordioa «zorrotz» aplikatzea, baita desadostasunak «modu diskretuan» lantzea ere, jendaurrean zabaldu gabe. Eta azken egunetan errandako ideiari eutsi dio berriz: «Hau guztia su artifizialak baino ez dira, zarata hutsa; ez dago benetako eztabaida sakonik. Lasai hitz egin genezake bi alderdien artean, baina oso ondo egiten dakiena egiten ari da: kanpaina egiten eta zarata ateratzen».

Herritarren beharretara begira jardun behar dutela erran du Estebanek, eta ez, ordea, Madrila begira. «Agenda bat daukagu lanerako, eta hori aurrera ateratzen saiatu behar dugu. Egunero ezin da liskarretan aritu; hori gertatzen da norbaitek Madrilen oihartzuna izan nahi duenean etengabe». EAJko presidenteak zin egin du jeltzaleak herritarren arazoei eta beharrei erantzuten saiatuko direla «aurrerantzean ere».

Eta PSC?

EAJko buruak tiraka segitu du. Jon Insausti Donostiako alkate jeltzaleak delitugileen jatorriari buruzko informazioa jakinaraztea erabaki du aste honetan, eta PSE-EE horren kontra agertu da. Bada, halaxe bota dio Estebanek: «Anduezari galdetu nahi nioke ea kritika hori egiten duenean PSC ere kritikatzen ari ote diren». Kataluniako Gobernuan «gauza bera» egiten ari direla erran dio, eta, hortaz, ez duela ulertzen zer ari diren kritikatzen.

Pasaiako portuari begira ere «argitu beharreko kontuak» dauzkatela jakinarazi du, eta esplikatu «euskal erakundeen kudeaketari esker» egingo dituztela egin beharreko inbertsioak, baina oraindik ez dela horretarako momentua.

Bilduren kontra, zerrendari buruz

Andueza ez da, ordea, Estebanek seinalatutako bakarra izan. Aitzitik, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia jarri du jopuntuan, eta, hark Hego Euskal Herrirako proposatutako zerrenda bateratuaren harira, garbi erran du: «Ez diot ezer sinisten». Izan ere, EH Bilduk EAJri, Sumarri eta Ahal Dugu-ri proposatu zien zerrenda subiranista bat osatu zezaketela elkarrekin, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara «nazio gisa» aurkezteko. Jeltzaleek ez dute hori onartzeko asmorik erakutsi, eta gaur ere ideia hori berretsi du Estebanek: ez duela ulertzen zergatik egin dion uko Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramailearen proposamenari, eta, horren ordez, EAJri egin dion elkartzeko gonbita. «EH Bildu gure kontra aritzen da gau eta egun, beti ari dira gutaz gaizki esaka. Atzerakoiak eta eskuindarrak garela esaten digute; orain zergatik nahi dute zerrenda bateratu bat osatu beren etsaiekin? ERCrekin talde parlamentario bat osatu nahi zuten; orain zergatik esan diete haiei ezetz? Hemen ez dago inor hau sinets lezakeenik».

Jendea «lelotzat» hartzea aurpegiratu dio Otegiri, eta, Anduezarena «kanpaina» bat dela dioen moduan, EH Bilduren jokabidea «itxurakeria hutsa» dela salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.