Ez da zaila ulertzea hautagai baten aholkulari taldearen atsekabea bere bezeroa gidoitik atera eta bat-batean izandako burutazio baten ondorioz hanka sartu duela ikusten duenean. Hauteskunde kanpainak zorrotz prestatu ohi dira: hizpideen aukeraketa, gaiak plazaratzeko moduak, lehiakidearen eraso potentzialak zerrendatzea eta horiei aurre egiteko estrategiak garatzea, hizlariek erabiliko duten tonua erabakitzea.... asko dira alderdiek kontuan hartzen dituzten aldagaiak, baina dena ezin da kontrolpean eduki.
Nola aurrekusiko zuen EAJko aholkulari taldeak Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek Athleticen ereserkia ozen kantatuko zuela Barakaldoko mitin batean, dena emanda eta emozio puntu batekin ere bai, noiz-eta inkesten arabera jeltzaleek arriskuan dutenean Gipuzkoan bigarren diputatua lortzea? Zintzo kantatu zuen Pradalesek bere futbol taldearen ereserkia, baina «Athletic, Athletic, zu zara nagusia» oihukatzen den zatia aldatu eta «Euskadi, Euskadi, zu zara nagusia» lau haizeetara zabalduz.
Handik ordu batzuetara bideo bat zabaldu zuen Pradalesek sare sozialetan, «umorearen garrantzia» azpimarratuz, «baita kanpainan ere», eta Reala, Alaves, Osasuna eta Baiona animatuz. Konpondu ote du realzale askok umorez hartuko ez zuten ateraldi hori? Laster jakingo da.
Alavesen zaleen artean, berriz, zorte handiagoa izango du Pradalesek akaso, Gasteizen egindako performancea dela eta. Herenegun, hitza zuela, aterki beltz bat zabaldu eta Zeledonen itxurak hartuta, haren abestiaren hitzak gogoratu zituen gaztelaniaz, Zeledonen etxea eta EAJk defendatzen duen euskal etxea lotuz. Publikoa abesten hasi zen orduan. «Hori, hori!», animatu zituen lehendakariak, baina abestu gabe, kantu hori ez baitu ezagutzen Athleticen ereserkia bezain ondo.

Ikurrin 'fake' bat
Bada kontsolamendurik Pradalesentzat, ordea: ez da kanpaina honetan hanka sartu duen bakarra. Izan ere, irrist egitea klasiko bat da hautagaien artean. PP aditua da kanpainak hondoratzen, esaterako. Bukatu berri dena ikurrin fake bat zabalduz abiatu zuen. Marra berdeak bere tokian ez dituen ustezko ikurrin handi baten aurrean hor azaldu da Alberto Nuñez Feijoo botoa eskatzen PPrentzat, sareetan. «Pentsa zer dakiten gure herrialdeari buruz», erantzun zion PPren bideoari Maribel Vaquero hautagai jeltzaleak, eta hanka sartze hori berehala zigortu. Hura ere nola edo hala konpontzen saiatu behar izan zuen PPk, eta ohiko susmagarri batengana jo zuen: adimen artifizialaren huts bat izan omen zen ikurrin horren diseinu traketsa.
Kanpainak sinboloz bete ohi dira, edonola ere, eta ikurrinaren auziak segida izan zuen egun batzuetan. Aitor Estebanek «gure amamek jositako benetako ikurrina» astindu zuen Irunen; Pedro Sanchezek, berriz, Espainiako bandera, oihal gorri-horia «espainiar guztiena dela» azpimarratzeko; eta Irene Monterok Espainiako Errepublikarena, «benetako ezkerraren bandera» hura dela adierazteko.
EH Bilduk ere ikurrin uholde bat atera zuen kalera azaroaren 14an, Bilbon egin zuen manifestazio nazionalean. «Kanpaina baten barruan egindako inoizko ekitaldi politikorik handiena» izan zela ziurtatu zuen Idurre Bideguren senatarigaiak. Martxaren egunean, Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka jokatu zuen, San Mamesen, eta euskal sinbologiaren Meka bihurtu zen hura ordu batzuetan.

Galiziarrak Eibarren
Baina, esan bezala, PP da trebeena estropezu egiten kanpaina bat hasten denean, eta Feijook Rajoyren ateraldi ahaztezinak ekarri zituen gogora Eibarko bizilagunei hala esanda: «Gaztelaniaz hitz egingo dizuet ez dakidalako euskaraz; galizieraz egin dezaket, baina galiziar gutxi daude hemen». Bizilagunei hitz egin ondoren, alkatearen txanda. «Ba ote daki gizon honek nora etorri den?», galdetu zuen Jon Iraolak sare sozialetan. Eibarren 2.000 galiziar inguru bizi izan ziren XX. mende bukaerara arte, eta, gaur egun, mila inguru dira galiziera ulertzen eta hitz egiten dutenak.
Espainian ere, eskuin muturraren izugarrikeriekin lehiatu nahi horretan, PPkoak behin baino gehiagotan labaindu dira. Ester Muñoz eledunak «ez dizu inork ere botoa emango» esan zion haserre Pedro Sanchezi bideo batean, eta udako abestietako bat izan daitekeena sorrarazi zuen, kontuan hartuta sare sozialetan han-hemen zabaldu dela Pedro Sanchezen gozamenerako: Yo sà te voy a votar (Nik bai, emango dizut botoa).
Baina PPko presidentegai Feijook izan du estropezurik handiena, eta telebistako eztabaida batean izan da, milioika ikusleren aurrean. «Eta zu, isilik», bota zion herenegun Fronte Zabaleko Bartzelonako zerrendaburu Ada Colauri, barru-barruko matxismoa islatzen duen esamolde mingarri hori erabilita. Inkesta gehien-gehienek aurreikusten dute PPk eta Voxek osatuko dutela gobernua Espainian; ez balitz halakorik gertatuko, politologoek lana lukete azaltzeko zenbaterainoko eragina izan duen Feijook emakume bati egindako gutxiespen publiko horrek.