Euskal Herria mendi baten gisara irudikatu du Arnaldo Otegik. Bada gailur bat, «euskal errepublika feminista, sozialista, demokratikoa, euskalduna»; baina hara iristeko bidean behereko kanpalekuetan geratu behar da maiz, eta oraintxe, estatusari (edo estatusei) buruzko eztabaiden eta negoziazioen bidez, horiek goratu nahi ditu EH Bilduk: «Oinarrizko kanpalekua gailurretik ahalik eta gertuen jarri nahi dugu, gero bidean gora jarraitzeko kanpaleku horretatik».
Ikusi gehiago
Koalizioko idazkari nagusiak metafora horrekin abiatu du Gazte Topagunean egindako hitzaldia. Miren Zabaleta EH Bilduren Nafarroako arduradun politikoarekin batera aritu da, Iñaki Altuna kazetariak gidatuta, Abadiñoko (Bizkaia) kultur etxean. Eta areto nagusia leporaino bete duten dozenaka gazteen aurrean, Otegik argi utzi du estatus politikoaren inguruan ez dutela edonolako akordiorik babestuko: «Akordio bat lortuko denik ere ez dago ziurtatua, baina akordioa sinatuko dugu urrats kualitatibo bat ekar badezake, ez orain bezala geratzeko. Izan ere, zein izan da herri honetako gatazka politikoaren iturria? Gu nazio bat gara, ez gara hiru elkarte autonomo, eta herri honi ez zaio sekula hori aitortu; beraz, aitortza hori lortzea da borroka. Estatus politiko batean nazio izaera onartua bada, harremanak aldatzen dira».
Baina zergatik indartu da estatusari buruzko eztabaida orain? «Burujabetzan beste urrats batzuk egiteko baldintzak sortzen ari dira hiru eremu administratiboetan, erritmo diferenteetan bada ere. Pauso horiek posible izango dira baldin eta indar politiko nagusiekin akordio sendo eta zabalak egitea lortzen badugu», azaldu du Zabaletak. Erantsi du sukalde lan horretan hainbat osagai daudela, hala nola Euskal Herriaren nazio izaeraren eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena. Argi baitu EH Bilduren proiektua «Euskal Herri batu bat» izatea dela, eztabaidak zatiketa administratiboaren arabera jorratu arren: «Hiru subjektu politiko-administratiboetan gehiengoak artikulatu, eta aurrera egin nahi dugu norabide horretan».
«Burujabetzan beste urrats batzuk egiteko baldintzak sortzen ari dira hiru eremu administratiboetan, erritmo diferenteetan bada ere»
MIREN ZABALETA EH Bilduren Nafarroako arduradun politikoa
Ildo horretan, bereziki erreparatu dio Nafarroari, baita ikuspegi historikotik ere. Gogora ekarri du Espainiako Konstituzioa onartzear zenean Hego Euskal Herriak erkidego bakarra osatu behar zuela: «Baina espainiar botereen eta Nafarroako elite frankistaren arteko operazio politiko bat izan zen lurralde zatiketa hori gauzatzeko, eta hiru lurraldeak eta Nafarroa aparteko erkidegoetan jartzeko. Nafarren eta euskaldunen artean kontrakotasun bat sortzen saiatu ziren, nabarrismoaren bidez». Kontakizun eta jarrera haiek nabarmen zabaldu ziren orduan, baina bilakaera bestelakoa izan da azken urteetan: «Orain Nafarroan ere bada gehiengo bat bere burua nabarrismoan kokatu ordez nafartasunean kokatzen duena, Euskal Herriaren proiektuarekin eta euskararekin bat egiten duena».
Eta ibilbide horretako etapa horretan, Zabaletak mundu zabalari begiratu dio, handik datozen arriskuei, «besteak beste eskuin muturraren oldarraldi globalari», eta erronkei ere bai: «nola lortu burujabetza energetikoa eta elikadura burujabetza, adibidez». Abagune egokia da, haren ustez, galdetzeko herri gisa nola erantzun nahi zaion horri guztiari, eta erantzuna behereko kanpalekua igoz egituratzeko. «Lurraldetasunaren inguruko eztabaida inoiz baino biziago dago estatu espainiarrean; izan ere, badago bloke erreakzionario bat, baina baita aukera leiho bat ere».
Gobernuaren lana aztergai
Otegik Espainiako Gobernuarekin lotu du aukera hori. Paradoxa bat aipatu du: «Independentistok, hau da, alde egin nahi dugunok babesten badugu baino ezin da egon gobernu aurrerakoi bat Espainian. Bada, gure beharra badute, gure agendak ere hor egon behar du: auzi plurinazionalari heltzea, gatazka konpontzea... Horretan gaude eta horretan dugu esperantza».
Baina EH Bilduren babesa ez da doakoa; idazkari nagusiak azaldu du hiru eremutan ari dela neurtzen gobernuaren jarduna: espetxe politikan, aurrerapen sozialetan eta auzi nazionaletarako bestelako irtenbideetan. Eta azken horri heltzeko garaia dela uste du: «Espainian, nazio auzia da kontraesan nagusia. Estatuak onartezintzat dauka arazo nazionalei irtenbide demokratiko bat ematea, baina guk uste dugu orain badela arrakala bat bestelako zerbait egiteko. Agian ez daukate gogoeta estrategiko bat horren inguruan, baina badago aritmetika parlamentario bat».
«Espainian, nazio auzia da kontraesan nagusia. Estatuak onartezintzat dauka arazo nazionalei irtenbide demokratiko bat ematea, baina guk uste dugu orain badela arrakala bat bestelako zerbait egiteko»
ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia
Lasai mintzatu da: «Ondo goaz». Eta ikuspegi historikotik: «Herri hau bizirik dago: mendeetan genozidio estrategia bati aurre egin dio, dena planifikatua baitzegoen Euskal Herria desagerrarazteko. Baina bizirik iraun du, milaka euskaldunen borrokari esker». Eta are, estrategia hori iraultzeko aukera ere ikusten du estatus politikoaren inguruko eztabaidan: «Herri hau suntsitzeko martxan jarri dituzten estrategiak izan dira Euskal Herria zatitzea, naziotasuna ukatzea, etorkizuna erabakitzeko eskubidea ixtea, eta gainera, eskumenak gutxitzea. Horietan guztietan norabidea aldatu nahi dugu; zer intentsitaterekin lortuko dugun aldatzea, hor dago negoziazioa».