«Hauxe da gure aldia»

'Ekinez independentzia' lelopean, hasiera eman diote 2026ko Gazte Topaguneari, Abadiñon. Ernaik antolatu du jaialdia, eta «gozatzeko, ikasteko eta eztabaidatzeko» aukera izango dute bertaratutako gazteek, gaurtik hasita igandera bitarte.

Gazte Topaguneari hasiera emateko botatako txapligua. JON URBE / FOKU
Gazte Topaguneari hasiera emateko botatako txapligua. JON URBE / FOKU
14789412 kepa
Abadiño
2026ko apirilaren 2a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriaren askapen prozesuan gazteek zer esan eta zer hausnartu badutela aldarrikatuz eman dio hasiera Ernaik 2026ko Gazte Topaguneari. «Datozen egunak gozatzeko, ikasteko eta eztabaidatzeko egunak izango dira», adierazi dute. Izan ere, dantzaldiez eta kontzertuez gozatzeko ez ezik, gazteek dauzkaten erronken gainean hausnartzeko tartea izango dute Abadiñon (Bizkaia) batu diren ehunka lagunek, hitzaldi eta mahai inguruen bitartez.

Egunak goibel samar argitu duen arren, lokatzetan lorratza uzteko prest daudela argi utzi nahi izan dute gaur Euskal Herriko hainbat bazterretatik Abadiñora joandako gazteek. Azken hilabeteetako prestaketa lanen ostean, bertan eman dio hasiera gaur Ernai gazte antolakundeak udaberriro egiten duen topaguneari.

«Euskal Herriko gazteria independentista biltzea eta Euskal Herriaz zein munduaz egiten ditugun interpretazioak partekatzea da Gazte Topagunearen helburua, horiek ikuspuntu ezberdinetatik jorratuz eta, era berean, gazteriarentzako bide orriak planteatuz», azaldu du Amaiur Egurrola Ernai gazte antolakundeko bozeramaileak. Datozen hilabeteetako lan ildoak zehazteko ere balioko die topaguneak. Halaber, Gazte Topaguneak Euskal Herriko hamaika lekutako gazteak «elkartzeko, elkar ezagutzeko eta elkarrekin gozatzeko» parada ematen duela azpimarratu du.

«Euskal Herriko gazteria independentista biltzea eta Euskal Herriaz zein munduaz egiten ditugun interpretazioak partekatzea da helburua»

AMAIUR EGURROLA Ernai gazte antolakundeko bozeramailea

Bide batez, topagunearen antolakuntzan ibilitako jendeari eskerrak eman dizkie Ernaiko bozeramaileak: «Hilabeteetako lanaren ondorioa da, lan militantearen ondorioa». Izan ere, azken asteetan Abadiñoko prestaketa lanetan aritutakoez gain, asko dira azken hilabeteetan herrietan lanean jardun dutenak. Hortaz, Abadiñora joateko deia egin du Egurrolak, «gazteria independentista elkartu, batu, elkarrekin hausnartu eta ekiteko garaia baita».

Aisialdia eta saretzea

Txanporta plazan egin dute harrera ekitaldia, eguerdian, eta ordurako kanpin dendaz beteta zegoen kanpatzeko egokitutako gunea. Antolatzaileek adierazi dutenez, 2.500 lagunentzako tokia dago kanpalekuan. «Saldu ditugun sarrerak kontuan hartuta, gaur 3.500 eta 4.000 pertsona artean batzea espero dugu», gaineratu dute. Ernaiko kideak «pozarren» azaldu dira aurtengo Gazte Topaguneak izan duen harrerarekin. «Gainera, horietako asko gazte-gazteak dira», nabarmendu dute.

Harrera ekitaldia hasi baino ordubete lehenago kanpatzeko gunera sartzeko zain zeuden gazte asko. Haietako bat zen Gari Imaz durangarra; Gazte Topaguneak eskaintzen duen «aisialdi eskaintza paregabeak» erakarrita joan da Abadiñora, lagunekin. Etxea hurbil daukala azaldu du. Baina parranda egiteaz aparte hitzaldietan ere parte hartuko duela aipatu du, «gai interesgarri asko» jorratuko baitituzte.

«Beste behin azpimarratzen dugu ez dugula inolako erasorik onartzen. Espazio hau guztion gozamenerako izatea nahi dugu. Egoten ez badakizu, ez zara ongi etorria»

Ernai gazte antolakundea

Ilaran, haren alboan zen Kattin Madariaga, Arantzatik (Nafarroa) iritsi berria Abadiñora. «Aisialdirako ez ezik, saretzeko aukera ere eman behar du militantziak, eta horretarako ere bada Gazte Topagunea», esan du.

Kanpin denda muntatu eta motxilak bertan utzita, Txanporta plazara abiatu dira gazteak, harrera ekitaldira.

Abadiñarren eskuzabaltasuna

Topaguneari hasiera emateko hitzaldian, lehenik eta behin, abadiñarrei eman dizkiete eskerrak, «Anbotoren eta Astxikiren magalean horrelako berotasunez hartzeagatik», eta zera eskatu dute: «Abadiñok eskuzabaltasunez hartu gaituen moduan, esker onez erantzutea tokatzen zaigu; zaindu eta errespetatu ditzagun herria eta herritarrak».

Jarraian, hurrengo egunetako plana zein den azaldu dute: «Euskal Herrian ditugun erronken gainean hausnartzeko tartea izango dugu guzion artean, hitzaldietan. Gazte bezala askapen prozesuan dugun rolaren inguruan hitz egiteko parada ere hartuko dugu». Hortaz, datozen egunetan gozatzera, dantzatzera, ikastera, parte hartzera eta disfrutatzera deitu dituzte gazteak.

Dozenaka lagun Gazte Topaguneko kanpatzeko gunera sartzeko zain, Abadiñon. JON URBE / FOKU
Dozenaka lagun Gazte Topaguneko kanpatzeko gunera sartzeko zain, Abadiñon. JON URBE / FOKU

Horrekin batera, ohartarazi dute ez dutela «inolako erasorik» onartuko Gazte Topaguneak iraun bitartean: «Gozatzera etorri gara guziok. Egoten ez badakizu, ez zara ongi etorria». Azken urteetan ikuspegi feministatik lan «izugarria» egin dutela azpimarratu dute Ernaikoek, eta horren adibide gisa aipatu dute topaguneetan indarrean den protokolo feminista.

«Pauso bat aurrera egin genuen iaz, eta lehen aldiz arrazismoaren kontrako protokoloa sortu genuen, patriarkatuak zeharkatzen gaituen modu berean zeharkatzen baikaitu kolonialismoak», gehitu dute. Hortaz, Gazte Topagunea «segurua» izango dela bermatzeko bi tresna dituztela azpimarratu dute. «Gozatu datozen egunak, zaindu dezagun herria, eta zaindu dezagun elkar» esanez eta txapligua botaz eman diote hasiera aurtengo Gazte Topaguneari.

Igandera arte

Igandera bitartean, goizez zein arratsaldez, askotariko hitzaldiak eta aisialdi jarduerak izango dituzte Abadiñora joango diren gazteek, zenbait gunetan banatuta. Iluntzetik goizaldera, berriz, kontzertu eta DJ saioak edukiko dituzte Gune Handian eta Ezker Pareta gunean. Gaur gaueko musika ekitaldiei dagokienez, Nafarroa 1512, Ezpalak, Maruxak, Perlata, Etxepe, Anuk eta Elene, Pary&Tiza, Skabidean eta DJ Bull igoko dira oholtzara.

Gazte mordoa topagunera bidea. JON URBE / FOKU
Gazte mordoa topagunera bidean. JON URBE / FOKU

Bihar, berriz, hitzaldi nagusia egingo dute 12:30ean, Naiz gunean, Ekinez independentzia. Irabaztera goaz! lelopean. Solasaldi horretan, Ernaiko kideek egungo egoeraren inguruan egindako interpretazioaren berri emango dute, eta haien proposamen politikoaren gaineko gogoetak aurkeztuko dituzte. Ondoren, gazte bazkaria egingo dute.

Kontzertuei dagokienez, Kiliki, Tapia eta Leturia, Fitoskins, Belako, Sedientos de Cumbia, Odei, Bassajaun Sound System, Bengo, Hofe, Siwanaba B2B eta La Fulana, eta DJ Bull arituko dira. Hurrengo bi egunetarako sarrerak erosteko aukera dago oraindik: ostiralekoa, 25,80 euroan; larunbatekoa, berriz, 31 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA