azpiEGITURAK

Kanpo portua ahaztu eta badia "lehenbailehen" biziberritzeko eskatu dute Lezoko eta Pasaiako alkateek

Kanpoko kaiaren proiektuaren aldeko txosten bakarra Gipuzkoako Foru Aldundiak eginikoa dela ohartarazi diote Markel Olano ahaldun nagusiari Haritz Salaberria eta Maider Zigandak. 

jon olano
2011ko apirilaren 28a
14:22
Entzun

Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak Pasaiako kanpoko portuaren proiektuaren aurkako txostenean oinarrituz, Lezoko eta Pasaiako alkate Haritz Salaberria eta Maider Zigandak proiektu hori alde batera uzteko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Pasaiako Portu Agintaritzari. Gainera, Pasaiako badia "lehenbailehen" biziberritzeko eskatu dute biek.

Salaberriak eta Zigandak azpimarratu dutenez, proiektua ez da bideragarria, ez ekonomikoki, ezta ekologikoki ere. Txostenaren arabera, portuaren jarduerak ez duela proiektua justifikatzen oroitarazi dute, eta egitasmoa ezin dela gehigarriekin bete.

Espainiako Ingurumen Ministerioaren txostenak dio espazio guztiak ezin direla patrimonializatu edo prozesu urbanizatzaile batean gehitu. Kanpoko portua ez bada bideragarria, proiektuari lotutako gainontzeko azpiegiturak ere —errepide berriak, trenbideak eta abar— alde batera utzi behar direla iritzi diote Lezoko eta Pasaiako alkateek.

Kanpoko portuaren proiektuak erakunde publikoetatik jasotako aldeko txosten bakarra Gipuzkoako Aldundiak eginikoa dela ohartarazi diote Salaberriak eta Zigandak aldun nagusi Markel Olanori, eta aurkako txostenak egin dituztela, aldiz, Espainiako Ingurumen Ministerioak, Lezoko eta Pasaiako udalek, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak.

Jaurlaritzako Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriola ere hizpide izan dute alkateek. Esan dutenez, Arriolak ez du Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluan Pasaiako Udaleko ordezkaria izendatu, eta Lezoko Udalari dagokion ordezkaritza Errenteriako Udalari eman dio. Hori, Administrazio Kontseilu barnean kanpoko kaiaren proiektuaren aurkako iritzirik ez egoteko egin duela uste dute Salaberriak eta Zigandak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.