Lezoko alkateak, Haritz Salaberriak, eta Pasaiakoak, Maider Zigandak, Pasaiako kanpoko kaiaren proiektua alde batera uzteko eskatu diete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Pasaiako Portu Agintaritzari. Eskaera hori Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak idatzitako kanpoko portuaren egitasmoaren aurkako txostenean oinarritu dute alkateek. Gainera, Pasaiako badia «lehenbailehen» biziberritzeko eskatu dute biek.
Salaberriak eta Zigandak atzo egin zuten prentsaurrekoa, Pasaian, Espainiako Ingurumen Ministerioak Pasaiako kaiaren proiektuaren inguruan eginiko txostena ezagutarazi denetik izan diren erreakzioei erantzuteko. Izan ere, herenegun, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok adierazi zuen egitasmoa «inoiz baino osasuntsuago» dagoela eta ministerioaren ingurumen eskari guztiak gaindituko dituztela. Lucio Hernando Pasaiako Portu Agintaritzaren presidenteak, berriz, ministerioaren txostena «beste alegazio bat soilik» dela ziurtatu zuen.
Salaberriak eta Zigandak, aldiz, nabarmendu dute proiektua ez dela bideragarria, ez ekologikoki, ezta ekonomikoki ere. Txostenaren arabera, kanpoko kaia eraikitzeak kalte «ezin itzulizkoak» eragingo lituzke ingurunean. Gainera, portuaren jarduerak ez duela proiektua justifikatzen oroitarazi dute bi alkateek. Bide batez, ohartarazi dute txostenak dioela ezin direla egin «portuko erabilerarako ez diren betelanak». Izan ere, txostenak aintzat hartu du kanpoko kaian zentral termiko bat egiteko aukera.
«Espazio guztiak ezin dira patrimonializatu edo prozesu urbanizatzaile batean gehitu», Espainiako Ingurumen Ministerioaren txostenak jasotako hitz horiek ere nabarmendu dituzte alkateek. Kanpoko kaia ez bada bideragarria proiektuari lotutako gainontzeko azpiegiturak ere —errepide berriak, trenbideak eta abar— alde batera utzi beharko direla iritzi diote Lezoko alkateak eta Pasaiakoak.
Begirunea udalei
Kanpoko portuaren egitasmoak erakunde publikoetatik jaso duen aldeko txosten bakarra Gipuzkoako Aldundiak eginikoa dela ohartarazi diote Salaberriak eta Zigandak Olanori, eta aurkako txostenak egin dituztela, aldiz, Espainiako Ingurumen Ministerioak, Lezoko eta Pasaiako udalek eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. Olanok eta Hernandok herenegun esan zutenez, proiektuak ministerioaren eskariak beteko ditu. Bi alkateek ohartarazi dute, ordea, ministerioaren txostenak berak dioela Pasaiako Portu Agintaritzak ez dituela aintzat hartu 2009ko abuztuaren 12an ezagutarazitako txosten baten gomendioak. «Zergatik ez dira gainditu oztopo horiek? Ez delako posible», diote alkateek.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolaren jokabidea ere hizpide izan dute alkateek. Jakinarazi dutenez, Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluan Arriolak ez du izendatu Pasaiako Udaleko ordezkaria, eta Lezoko Udalari dagokion ordezkaritza Errenteriako Udalari eman dio. Hori administrazio kontseilu barnean kanpoko kaiaren proiektuaren aurkako iritzirik ez egoteko egin duela uste dute Salaberriak eta Zigandak. Biek udal eta herritarrekin «begirunea» izateko eskatu diete gainontzeko administrazioei.
Hainbat administrazio publikok —Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Portu Agintaritzak— hitzarmen bat sinatu zuten apirilaren 6an, egitasmoa «atzera bueltarik gabekoa» izan dadin. Bi alkateek diote, ordea, portu agintaritzak 2010eko abenduaren 9an jaso zuela Ingurumen Ministerioaren txostena, eta, beraz, administrazioek txosten horren aurkako argudioen berri bazutela protokoloa sinatu zutenean. Salaberriaren eta Zigandaren iritziz, protokoloa izenpetzea Gipuzkoako Foru Aldundirako bi hautagaien —Markel Olanoren eta Miguel Buenen— hauteskunde ekitaldi bat besterik ez zen izan.
Kanpoko kaiaren proiektua utzi eta badia biziberritzera deitu dute Pasaiak eta Lezok
Espainiako Gobernuak eginiko agiriak frogatu du egitasmoa ez dela egingarria, Lezoko eta Pasaiako alkateen ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu