Kantu batean kabitzen da herria

Sabino Ormazabali omenaldia egin diote Donostiako Kristinaenea parkean. Askotariko jendea bildu da askotariko kausen militanteari kantu eta hitz artean azken agurra emateko.

Gaur Donostiako Kristinaenean Sabino Ormazabali egindako omenaldia. JON URBE / FOKU
Gaur Donostiako Kristinaenean Sabino Ormazabali egindako omenaldia. JON URBE / FOKU
maddi iztueta olano
DONOSTIA
2026ko abuztuaren 21a
20:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ateak zabal-zabal irekita daude, eta inurri talde bat harrizko aldapan gora doa: batzuk banaka, besteak taldean; hainbatek autobusean gurutzatu dute Urumea ibaia: «Sabinorenera goaz». Abuztu betean euskararen oasi bihurtu da Kristinaeneko jauregirako bidea. Handia da parkea, eta handia han bildu den jende multzoa: aspaldiko lagunek sorbaldetatik eusten diote elkarri, eta besorik askatu gabe kontatzen diote bata besteari azken urteetan zertan ibili diren. Jendetza izanagatik, aise entzuten da bozgorailutik aireratzen den melodia: «Ilun, ez da dena ilun / begirazazu leihotik / ikustazu baso hori, berdatzen». Kantua lagun zutela bildu dira ehunka herritar Donostiako Kristinaenea parkean, astelehenean zendu zen Sabino Ormazabal militantearen (Donostia, 1953-2026) omenez; ez baita merezi duen iraultzarik baldin eta kantatu, maitatu eta dantzatu ezin bada. 

«Eskuorri bat nahi?», aldarri beste kantu egin zuen Ormazabalek, eta Martak eta beste hainbestek zenbait abestiren hitzak banatu dituzte. Seiak pasatuta baretu da zurrumurrua, eta ahots bakar batean bildu da parkea: «Lau haizeetara / lau haizeetara / lau haizeetara / Baionatik hona». Leiar borobil bik eta urdintzen hasitako bizar batek jantzi dute kaperaren aurrealdea; lore sorta gorri bat fotografiaren aldamenean. Ramon Agirre aktoreak hartu du hitza: «Sabinoz akordatzean, kantua etortzen zaigu gogora». Eta berriro ere ahots bakar batean bildu da parkea: «Iduzki denean, zoin den eder itzala! / Maitia, mintzo zira, plazer duzun bezala». Oholtza gaineko mikrofonoari heldu, eta katalanez abestu ditu azken lerroak David Fernandez CUPeko kide ohiak.

Laguna zuen Ormazabal, «etxe» ere bai Euskal Herrira egindako bidaietan. Katalana bazter utzita, euskaraz mintzatu zaio jendeari. Martxelo Otamendik aurrez lagunduta, eta Euskaldunon Egunkaria-ren ale bat kapela gisa jarrita, hala definitu du laguna: «Inork ikusten ez zituen zubiak eta bideak eraikitzen zituen. Bizitzaren korapiloetan eta borrokaren sareetan zuri kantatzen jarraituko dugu». Desobedientzia eta herri mugimenduak zigortu zituen 18/98 makrosumarioan auzipetua izan zen Ormazabal, eta Fernandez burkide izan zuen tesi horren kontra. Joxemi Zumalabe fundazioaren patronatuko kide izan zen Ormazabal, eta, Dena da ETA estrategiaren eraginez, zortzi hilabete egin zituen espetxean, 2000. urtean Baltasar Garzon epaileak hura atxilotzeko agindu ondoren. 2005ean abiatu zen epaiketa, eta hamasei hilabete iraun zuen; 2007an, bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen 2009an.

«Gure aita ez zen bidaia luzeak egitekoa, sustraiak ondo errotutako zuhaitza zen, baina Euskal Herria alderik alde zeharkatutakoa» 

MARKEL ORMAZABAL Sabino Ormazabalen semea eta Donostiako EH Bilduko zinegotzia

Hamaika gizarte eta herri mugimendutan ibilitakoa zen Ormazabal, hala nola antimilitarismoan, ekologismoan, talde antinuklearretan eta desobedientzia zibilean. Hala ezagutu zuen Mariluz Esteban antropologo eta ikertzaileak, artean gizonen mundu hartan emakumeentzako lekurik ez zenean. Baina, Estebanen arabera, Ormazabalek «bazekien emakumeekin egoten, eta bazekien gizonen munduarekin kritikoa izaten». Bide berriak ireki eta zaharretara ailegatzeko zubiak eraiki zituen, baina, Estebanek azpimarratu duenez, «taldea zaindu zuen» batez ere. Eta uste du gauza bera egingo lukeela hemen egongo balitz. Horren erakusgarri da, akaso, Juantxo tabernako patata-tortilla pintxoekin eta sagardo botilekin hornitutako mahaia. 

Argituz giza eskubideen aldeko elkartean ibili zen azken urteetan, eta elkarte horretako kideek aitortu dute «arraroa eta gogorra» egingo zaiela Ormazabal hurrengo bileran ez egotea. Jostalari kontatu dutenez, smartphoneak eta Google Calendar nagusi diren garaiotan, Ormazabalek paperarekin eta boligrafoarekin egiten zuen lan; «solasaldiaren eta eztabaidaren» zalea zen, baina baita «egoskorra» ere. «Begi zorrotzeko eta begirada panoramikoko» gizona zen, «ikerlari aparta eta eskuzabala», gehitu dutenez.

Laguna, aita eta maisua

Aldarriz eta borrokaz beteriko bizitza baten sintesia egin du Ormazabalen seme eta Donostiako EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabalek. «Gure aita ez zen bidaia luzeak egitekoa, sustraiak ondo errotutako zuhaitza zen, baina Euskal Herria alderik alde zeharkatutakoa». Kontatu du elkarrekin egin zituztela bidaia horietako asko, eta taberna edo txosna baten bueltan amaitzen zutela aldiro. Leku horietan ere bazituzten lagunak eta ezagunak, eta, irri txikiz, semeak azaldu du nola beti kantatzen zieten abesti bera: «Aita-semeak tabernan daude». «Eta aitak erantzun:Ama-alabak ere bai». Algara kolektibo batek goxatu du giroa.

Sabino Ormazabalen omenaldia. David Fernandez hizketan. JON URBE / FOKU
Sabino Ormazabalen omenaldia. David Fernandez hizketan. JON URBE / FOKU

Askotariko kausen militantea izan zen Ormazabal, eta, horrenbestez, askotariko jendea elkartu da «Gladysenean», Iñake Irastorza aktoreak nabarmendu duenez: besteak beste, Gorka Torre, Mireia Gabilondo, Jose Luis Aizpuru, Martxelo Otamendi, Axun Lasa, Fermin Muguruza, Jule Goikoetxea, Harkaitz Cano, Kike Amonarriz, Idurre Eskisabel eta Rosa Zarraren senideak. Haien artean izan da Gladys del Estal ere, hantxe baitago haren omenezko monolitoa. Del Estal guardia zibil batek hil zuen, buruan tiro bat jota nuklearren kontrako prostesta batean, Tuteran (Nafarroa), 1979ko ekainaren 3an. Eguzki talde ekologistako militantea zen hura ere, eta haren heriotza zauri handi bat izan zen Komite Antinuklear eta Ekologistetan borrokan hasi zen belaunaldi harentzat. Hain justu, haren memoria berreskuratzeko eta bizirik iraunarazteko lanean ere jardun zuen Ormazabalek.  

Atzera begiratzea ezinbestekoa baita aurrera egiteko, eta horren jakitun izanda jardun zuen Ormazabalek ere. Ongi akordatzen da haren semea: «Gurasoek irakaspen asko eman dizkigute, baina bada bat ezinbestekoa dena: ‘Egin nahi baduzu, egin ezazu, baina egin aurretik ezagutu aurrekoek egin zutena’». Omenaldia izanagatik, gaurkoa ez da azken kanta izan. «Aupa bizipoza eta gora bizitza», esan du Ormazabalek, eta halaxe segitu dute kantuan: «Avanti popolo, alla riscossa / bandiera rossa, bandiera rossa».

Igo dira oholtzara berriro ere txistulariak eta danbor joleak, eta belar bustiaren gainean agurra dantzatu dute bi dantzari gaztek. Ez da, ez, azken kantua. Agirrek eskerrak eman dizkie bertaratutakoei, eta gonbita egin omenaldi «handiago eta zabalago bat» prestatzeko ideia zaparradan parte har dezaten. Parkea ahots bakar batean bildu da berriz: «Kantatu nahi dut bizitza / usteltzen ez bazait hitza / mundua dantzan jarriko nuke / jainkoa banintza». Eguzkia gordetzen hasiagatik, Del Estali eta Ormazabali kantari jarraitu dute batzuek. Kantatzen duen herri bat ez baita inoiz hilko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA