Kapitain bat zigortu dute, Angelun sei tona pasa antxoa legez kanpo arrantzatzeagatik

Baionako Auzitegiak 30.000 euroko isuna ezarri dio 'Beti Aingeru' ontziko kapitainari; apirilean atzeman zuten, baimenik gabe arrantzan.

'Beti Aingeru' arrantzontzia, Getariako portuan. GORKA RUBIO / FOKU
'Beti Aingeru' arrantzontzia, Getariako portuan. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urriaren 30a
09:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beti Aingeru ontziko kapitaina epaitzekoak ziren atzo Baionako auzitegian, eta, hura bertaratu ez izanagatik ere, Nadine Regereau magistratuak 30.000 euroko isuna ezarri zion, «Frantziaren subiranotasunaren peko uretan itsas arrantzan aritzeagatik baimenik gabe».

Gipuzkoako ontzia iragan apirilaren 9an atzeman zuten, Angelun (Lapurdi), kostatik sei itsas miliara; baimenik gabe arrantzatutako 6,4 tona antxoa zeramatzan, orduko hartan Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak jakinarazi zuenez. Baionako porturaino eraman zuten, eta astebete egin zuen bertan, harik eta kapitainak 10.000 euroren bermea ordaindu zuen arte.

Beti Aingeru-ren armadorea ere ontzian zen Angelun atzeman zutenean, eta magistratuak ezarritako isunaren parte handi bat, 28.000 euro, hark ordaindu beharko du. Halaber, 10.000 euroren kalte ordaina jasoko du Itsas Arrantzaren eta Itsas Haztegien Akitania Berriko Batzordeak, eta 12.000 eurokoa, berriz, Akitaniako Sepanso elkarte ekologistak.

«Arrainak ikusi zituzten, eta haien atzetik joan ziren», esan zuen atzoko auzi saioan ontzikoen abokatuak, Ici Pays Basque irratiaren atariak kaleratu zuenez: «Ez zekiten Frantziako uretan sartzen ari zirenik». Sepansoren abokatuak, berriz, esan zuen zunda bat erabiliz atzeman zituztela antxoak, eta sare batekin harrapatu: «Bazekiten zer ari ziren egiten».

Marinelen salaketa

Ez da lehen aldia Beti Aingeru hedabideetan azaltzen dena. Iaz, haren patroiak ziurtatu zuen hamabi marinel matxinatu egin zitzaizkiola. Gainera, Gijongo portuan (Asturias, Espainia), armadoreak salaketa jarri zien hiru arrantzaleri; horietako biri, mehatxuengatik, eta besteari, mehatxuengatik eta erasoengatik. Marinelek, afrikar jatorrikoak, matxinatu izana gezurtatu zuten, eta «esplotazioa eta arrazakeria» egotzi zioten patroiari. 

LAB sindikatuaren babesean, ziurtatu zuten itsasontzi horretan 37 egun eman zituztela, hegaluzeak arrantzatzen, eta, etxean bi eguneko atsedena egin ondoren, beste 26 egun egin zituztela uretan, irailaren 27an egoerak eztanda egin zuen arte. Azaldu zuten lan egiteari utzi ziotela, patroiak «heriotza mehatxuak» egin zizkielako eta «hainbat objektu» bota zizkielako. 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA