atxiloketa

Karlos Apeztegia espetxeratzeko agindu du epaileak

Apeztegia gaur goizean igaro da Auzitegi Nazionaletik, Guardia Zibilak atzo atxilotu eta gero. "Gatazkaren ondorioen konponbidean eta bakearen alde" Apeztegiak eginiko lana goraipatu du Etxerat-ek.

Karlos Apeztegia, 2013an. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2018ko urriaren 17a
07:13
Entzun

Guardia Zibilak Karlos Apeztegia atxilotu zuen atzo eguerdian Hernanin, Gipuzkoan. Han du egoitza Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak, eta bertan egiten du lan Apeztegiak. Beharretik ateratzean joan zitzaizkion bi polizia, eta atxilo eraman zuten. Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten aurrena, eta, handik, Madrilera. Gaur igaro da Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik, eta hura fiantzarik gabe behin-behinean espetxeratzeko agindu du Diego de Egea epaileak.

"ETA erakunde terroristako kide" izatea egotzi dio epaileak Apeztegiari, eta, delitu horrek zigor "larria" duenez, epaileak uste du "ihes egiteko arriskua" dagoela; horregatik erabaki du Apeztegia espetxera bidaltzea. Epailearen arabera, Apeztegiak Malagako espetxeko zuzendariari buruzko informazioa helarazi zion ETAri, eta proposatu zuen ACAIP espetxe funtzionarioen sindikatuko egoitzari eraso egitea, funtzionarioek beste preso batzuk jipoitu zituztelako.

Espainiako Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi zuenez, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta atxilotu dute Apeztegia, larrigarritzat jota delitua "berriro" egin izana. 2016an hasi ziren ETAren argitu gabeko atentatuak ikertzen, eta, gobernuaren arabera, ikerketa horietan jakin zuten Apeztegiak, 2002. urtean, Puertoko espetxean preso zegoela, "komunikazio kanal egonkor eta seguru bat" eratu zuela ETAren zuzendaritzarekin. Kanal horren bitartez, hainbat funtzionariori buruzko informazioa helarazi zion ETAren zuzendaritzari, horien aurkako erasoak presta zitzaten, Barne Ministerioaren arabera betiere. Auzitegi Nazionalaren 3. Instrukzio Aretoak agindu du operazioa, eta Lenteak izena jarri diote.

Informazio hori 2003an konfiskatu zuten Frantzian, Saintesen eginiko operazio batean. Frantziako Gobernuak Espainiakoari ETAren aurkako jardunaz emandako dokumentazioaren artean zegoen Apeztegiaren aurka jotzeko baliatu duten agiria.

21 urteko espetxe zigorra bete zuen Apeztegiak, eta 2013ko maiatzean askatu zuten. Atzo iluntzean, batzar informatibo bat eta manifestazioa egin zuten Hernaniko Gudarien plazan. Gaur iluntzerako ere protestak deitu dituzte: manifestazioa egin dute Hernanin.

 

"Animoa eta elkartasuna" senideei

Etxerat elkarteak "animoa eta elkartasuna" adierazi die Apeztegiaren senideei: "Ustekabean eta atsekabez jaso dugu Karlos Apeztegiaren atxiloketa eta ondorengo espetxean sartzeko agindua. Karlos Apeztegiak Etxerat elkartean egiten du lana, Frantziako Estatuan dauden euskal presoen senideei ematen diogun laguntza tekniko eta humanoaren baitan, hain justu".

Halaber, Etxerat-tek azpimarratu egin du "gatazkaren ondorioen konponbidean eta bakearen alde, gure elkartearen baitan Karlos Apeztegiak egiten duen ekarpena".

Sarek ere atxiloketaren eta espetxearen aurkako arbuioa adierazi du: "ulergaitza" iruditzen zaio: "Atzera garamatza. Urteetako sufrimendua amaitzeko une historiko baten aurrean gauden honetan, aurreko egoera bortitza mantendu eta hain beharrezkoa dugun elkarbizitza egoera bat zapuzteko ekintza gisa baino ezin ulertu genezake Apeztegiaren espetxeratzea".

Espainiarko Gobernuari luzatu dio eskaera, aurreko gobernuak "hasitako mendekuan oinarritutako politikarekin ez jarraitzeko". Sareren iritziz, "jendartearen gehiengoaren behar eta nahiei erantzuteko ordua" da, "balentriaz jokatzeko" garaia "bakearen eta elkarbizitzaren alde". Atxiloketa eta espetxeratzea, ordea, "norabide horren aurka" doala uste du.

Mobilizazioak

Sortuk, bestalde, "bakean eta bizikidetzan sakontzeko garaia" dela nabarmendu du, "ez sufrimendua hauspotzekoa". "Edozein oztopo jartzeko kapaz izaten jarraitzen dute Euskal Herriari eta Kataluniari haien etorkizuna bakean eraikitzen ez uzteko. Hori ez da demokrazia. Utz gaitzazue bakean".

Zenbait batzar eta mobilizazio antolatu dituzte atxiloketa eta espetxeratzea salatzeko. Hernanin, gaur egingo du elkarretaratzea Sarek, 20:00etan, eta ostiralean manifestazioa izango da, ordu berean. "Bereziki" azken protesta horretan parte hartzera deitu du Sortuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.