Realzale bati espetxe zigorra jarri diote Ertzaintzari harriak jaurtitzeagatik

Ia lau urteko espetxe zigorra ezarri diote 2022an Realaren eta Alavesen arteko partidaren atarian Ertzaintzaren aurka oldartu zen gazte bati. Bi deliturengatik zigortu dute, eta bakarra leporatu zioten jatorrian.

Ertzaintza Anoeta inguruan, artxiboko argazki batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Ertzaintza Anoeta inguruan, artxiboko argazki batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2026ko apirilaren 23a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

2022ko martxoaren 13an, Realak eta Alavesek Ligako partida bat jokatu zuten Donostian, eta norgehiagoka haren atarian istiluak izan ziren zaleen eta Ertzaintzaren artean. Bada, gaur jakin da realzale bat kartzelara joateko bidean dagoela, Gipuzkoako epaitegiak hiru urte eta 11 hilabeteko espetxe zigorra ezarrita. 1.120 euroko isunak osatu du zigorra, gainera.

Otsailean egin zuten zale horren aurkako epaiketa, eta gazteak aitortu zuen «bi edo hiru harri» jaurti zituela Ertzaintzaren aurka; azaldu zuen alkohola edan zuela aurretik, «zortzi edo hamar garagardo», eta damuturik agertu zen: ertzainei barkamena eskatu zien. Hiru poliziak jasan zituzten harrikada horien eraginak, eta horiei 1.120 euroko kalte ordaina ematera behartu du ebazpenak, kartzela zigorra ezartzearekin batera.

Defentsak helegitea jarri du ebazpen horren aurka. Eskatzen du kartzela zigorraren luzapena murrizteko. Abokatuak azaldu du bere bezeroa bi atentatu deliturengatik kondenatu dutela, eta bakarra leporatu ziotela jatorrian. Horrez gain, defentsak dio akusatuak eragindako kaltea erreparatzeko urratsa egin duela, eta horrek zigorra apaldu beharko lukeela. Ia lau urteko kartzela zigor hori ez bada murrizten, gazteak espetxean sartzeko arriskua du.

Absoluzioa beste batentzat

Beste akusatu bat ere egon zen epaiketa berean, baina harentzat absoluzioa ebatzi du epaileak. Kataluniakoa da bigarren gazte hori; 2022an Gasteizen ikasten ari zen, eta Anoetara joatea erabaki zuen, Arabako bi lagunekin batera. Gazte horrek ukatu egin zuen istiluetan parte hartu izana. Taberna baten barruan ikusi zuen gertatutakoa, eta, handik ateratzean, Anoeta zelairako bidea hartu zuen. Bidean zihoala «zaborra» esan zien ertzain batzuei, eta haiek atxilotu egin zuten.

Ertzain batek eskainitako testigantzak «zalantza handiak» eragin dituelako absolbitu dute gazte hori. Epaiketan, polizia horrek esan zuen gazte hark istiluetan parte hartu zuela, baina «egindako identifikazioak» duda handiak eragin dizkio epaileari. Hark ebatzi du ez dagoela ertzain horren testigantzaz besteko frogarik Kataluniako herritarra zigortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA