Fiskaltzaren arabera, mediku batek lan eskaintza publikoko azterketa teorikorako 50 galdera prestatu zituen —kirurgia plastiko, estetiko eta erreparatzailea espezialitateko azterketarako—, eta beste bati bidali zizkion; hark, galderak jakinda, erantzunak landu zituen, eta azterketan ondo erantzun zituen 50 galderetatik 48. Hark lortu zuen proba horretako notarik onena: ehun puntutik 72 lortu zituen, «gainerako oposiziogileek baino nabarmen gehiago». 2018an gertatu zen, Osakidetzaren lan eskaintza publiko batean. Arabako 2. Instrukzio Epaitegiak ahozko epaiketa zabaldu du bien kontra.
Bata Donostia ospitaleko Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Erreparatzailea espezialitateko zerbitzuburua zen; bestea, Osakidetzan lanpostua lortu nahi zuen oposiziogilea, eta, garai hartan, zerbitzuburu horren semearen neska laguna.
Fiskaltzak honako delitu hau egotzi dio medikuari: sekretuak argitara ateratzea, eta kausa publikoari eta besteei kalte larria sortzea. Bi urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, eta bost urtean lan edo kargu publikoren bat izateko debekua. Oposiziogileari, berriz, delitu hori egiten saiatzea egotzi dio. Urtebeteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, eta zortzi urtean diru laguntza publikoak jasotzeko debekua.
Lan eskaintza publikoari uko
Delitua egiten saiatzea egotzi diote oposiziogileari, ez baitzuen delitua burutu: azterketaren egunean bertan, azterketa teorikoaren eta praktikoaren arteko atsedenean, azterketaren arduradunek ohartarazi zioten haren nota susmagarria zela, eta azterketatik erretiratzeko gomendatu zioten; azterketa egiten jarraitu zuen, baina bi egun geroago, mezu elektroniko baten bitartez, uko egin zion lan eskaintza publikoan parte hartzeari. Kendu egin zuten hautagaien zerrendatik.
Azterketa horiek Osakidetzaren 2016-2017ko lan eskaintza publikoari dagozkio. Berez, hasieran, hemeretzi pertsona ikertu zituzten, azterketak filtratzeagatik. Arabako Probintzia Auzitegiak iazko irailean artxibatu egin zuen hamazazpi ikerturen kontrako prozedura, eta bi ikertu baino ez ziren geratu. Arabako 2. Instrukzio Epaitegiak haien kontrako ahozko epaiketaren prozedura abiatu du. Gaur jakinarazi du autoa.
Darponen dimisioa
Azterketen ustezko filtrazioak ondorio politikoak izan zituen: Jon Darpon orduko Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak dimisioa eman zuten.Â
LABek Arabako Probintzia Auzitegiaren iazko iraileko epaia kritikatu zuen, sindikatuaren iritziz lan eskaintza publikoko kategoria guztietan «filtrazio zantzu ugari» zeudelako. Azaldu zuen auzitegiak atzera bota zituela sindikatuak proposatutako eginbide ugari, «susmopean dauden kategorietako probak aztertzearena», esaterako. LABen esanetan, ez zuten ikertu oposiziogileen eta epaimahaikideen arteko komunikazio bakar bat ere.