Kasuek behera egin dute Hego Euskal Herrian

Azken orduetan 183 kasu atzeman dituzte, erdiak baino gehiago Nafarroan.

Bi lagun maskara jantzita paseoan, Zarauzko hondartzan. GORKA RUBIO/FOKU
2020ko uztailaren 27a
12:53
Entzun

Azken egunetan, eguneko 200 kasutik gora atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, baina, azken zenbaketen arabera, behera egin du positiboen kopuruak: 183 izan dira. Halaber, Nafarroan izan dira kasu gehien, eta herrialde horretan ugaritu egin dira kutsatzeak: beste 97 kasu atzeman dituzte, 15 gehiago. Asteburuan, Bizkaian goia jo dute kasuek, 107 positibo atzeman baitzituzten atzo. Gaur, berriz, 54 izan dira positiboak. Gipuzkoan eta Araban ere joera beheranzkoa izan da: 24 kasu atzeman dituzte lehenengoan, eta zazpi bigarrenean. Jaurlaritzak jakinarazi du kasu bat atzeman dutela EAEtik kanpo.

Azken orduetako datuak larunbatekoak baino hobeak dira, baina egin diren PCR proben kopurua ere txikiagoa izan da. Larunbatean, 6.271 PCR proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta atzo, berriz, 3.978; hau da, 2.000 proba gutxiago. Bestalde, COVID-19 gaitza dela eta, 5 pertsona ospitaleratu dituzte, eta beste 4 ZIUn daude. 

Herrietako agerraldiei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak gaur eman du haien berri, ez ordea Nafarroako Gobernuak. Asteburuan, Bilbon detektatu dituzte kasu gehien: 77 bi egunetan. Aurreko astean, Nekane Murga Osasun sailburuak hiriko taberna batean izandako agerraldi baten berri eman zuen, baina ez dute jakinarazi beste oldarraldirik izan den. Agerpenak izan diren gainerako herrietan, baretu egin dira kutsatzeak: Ermuan (Bizkaia) zortzi positibo atzeman dituzte, eta Eibarren, (Gipuzkoa) hiru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.