Sortu, Ernai eta LABeko zenbait kide ezagunek agerraldia egin dute Bilbon, eta Herrien autodeterminazio eskubidearen alde izeneko agiria ezagutarazi dute. Esan dutenez, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurka ateratako epaia "oso larria" da, eta epaileek sinatu badute ere, "Estatuaren erabakia" da.
Epaiak "demokrazien oinarrien suspentsioa eta salbuespen egoeraren ezarpena" dakar, Sorturen idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek esan duenez, eta erakusten du ezker abertzaleak urteetan egindako analisia "zuzena" zela: "Afera ez zen indarkeria, politika baizik. Desobedientzia zibil baketsua eta borroka armatua berdindu dituzte; orain guztientzat gauza jakina da autodeterminazioaren defentsa baketsuak ere kartzelara eramaten zaituela".
Ezker abertzaleko kideen ustez, epaiak "denak" interpelatzen ditu, "bereziki Ahal Dugu eta EAJ, saldu nahi izan diguten fantasiazko hirugarren bide horretan kokatu nahian aritu direlako".
Ezker abertzaleak uste du beharrezkoa dela "amorrua kalera ateratzea", baina hori bezain garrantzitsua dela "urrats estrategiko eta begirada luzekoak" egitea, eta proposatu dute "indarrak artikulatu eta ahaleginak egoki koordinatzea" Kataluniaren eta Euskal Herriaren artean. "Indarrak biltzeko" prozesuan "eskua luzatuta" dutela erantsi dute.