Espainiako Ministro Kontseiluak erantzuna eman dio Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen atzoko agerraldiari, galdera batekin: Madrilek Generalitateari eskatu dio argitu dezala Kataluniaren independentzia deklaratu duen ala ez. Errekerimenduarekin, PPren gobernuak lehen urratsa eman du konstituzioko 155. artikulua ezartzeko. Konstituzioak jasotzen duenez, Espainiako Gobernuak presidente autonomikoari errekerimendua egin behar dio erkidego baten autonomia bertan behera uzteko, Senatuan eskaria aurkeztu aurretik. Ondoren, Senatuak gehiengo osoz onartu behar du proposamena. PPk gehiengo osoa du Senatuan.
Hala egingo balu, egoera politikoaren tentsioa baretuko litzatekeela ziurtatu du Rajoyk. Aldiz, Generalitateak Kataluniaren independentzia aldarrikatu duela erantzungo balu edo Espainiako legedia aitortuko ez balu, Madrilek atea irekiko lioke konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko aukerari; hau da, Kataluniako autonomia eteteari.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak iragarri du neurria, Ministro Kontseiluaren bileraren ondoren egin duen agerraldian. Aurretik, PSOE eta Ciudadanosen babesa bilatu du. Atzo gauean bildu zen Rajoy PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezekin eta gaur goizean telefonoz hitz egin du Ciudadanoseko presidente Albert Riverarekin.
Rajoyren esanetan, Puigdemotek estatuko legedia errespetatzeko borondatea agertuko balu, "ezegongortasun, tentsio eta elkarbizitza haustura aldi bati amaiera" emango litzaioke. Puigdemontek arduratsu jokatzeko "aukera" duela nabarmendu du. Kataluniako presidentearen erantzunak "hurrengo egunetako gertakariak" baldintzatuko dituela ohartarazu du Espainiako presidenteak.