Katalunia. Elkartasuna Euskal Herritik

Kataluniari eskua luzatuta, bi herrien independentzia aldarrikatu dute

Independentziarako bidea prestatzen hasteko deia egin dute Hendaia, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko giza kateetanKataluniako prozesu subiranistari babesa agertu dio Independentistak sareak

Bilboko giza katea. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2013ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Elkartasun eta konplizitate mezuak bidali zizkion atzo Euskal Herriak Kataluniari. Ehunka eta ehunka herritarren babes keinuak. Eskuak elkarri lotuta bidalitako begirunezko aldarriak. Independentistak sareak deituta, Kataluniako burujabetzaren aldeko prozesuarekiko elkartasun ekitaldiak egin ziren atzo Hendaian, Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Modu horretan, hurrengo asteazkenean Katalunian ospatuko den Diada egunean egingo den giza kate erraldoiarekin bat eginzuten ehunka euskal herritarrek.

Catalunya-Euskal Herria, bi herri helburu bakarra. Independentzia leloa hartuta egin zituzten ekitaldiak. Eguerdian egin zuten giza katea eta elkartasun ekitaldia Hendaian, Kasinoaren ondoan, eta arratsaldean, berriz Iruñeko Sarasate pasealekuan, Bilboko Arriaga plazan, Gasteizko Foruen plazan eta Donostiako Gipuzkoa plazan. Donostiako ekitaldian gonbidatu gisa izan zirenPere Pyges eta Rose Loire ANC Biltzar Nazional Katalaneko ordezkariak.

«Euskal Herria Kataluniara begira dago, eta badu handik zer ikasi». Horixe nabarmendu zuen Independentistak sareak ekitaldietan. «Kataluniak eta Euskal Herriak urte asko daramatzate elkarri begira, norberaren askatasun ibilbideetan elkarrengandik ikasten, eta horrek bi herrialdeen arteko elkartasun eta konplizitatea sortu du», adierazi zuen Txutxi Ariznabarretak, sareko kideak, Donostiako ekitaldian. Haren esanetan, Katalunian hasi den prozesu independentistak indarra emango dio Euskal Herriari bere bidea egiteko. «Herrialde bakoitzak bere ezaugarri eta berezitasunak izanda ere, guk ere haiengandik ikasgaiak atera ditzakegu gure independentziarako bidea hasteko».

Datorren asteazkeneko Diada eguna «mugarria» izango da Kataluniako subiranotasunaren aldeko prozesuan, Ariznabarretaren ustetan. Biltzar Nazional Katalanak egun horretan giza kate erraldoi bat egitera deitu du, eta atzoko ekitaldiekin elkartasuna irudikatu nahi izan zuten sareko kideek, Kataluniak hasitako bidean «harritxo bat» jarrita: «Diada egunari begira, Euskal Herritik ere milaka eta milaka independentistok eskuak luzatu ditugu haien eskuekin bat egiteko, eta adierazi nahi izan dugu gu ere hango giza kate erraldoiarekin gaudela, gure eskuak luzatuta eta haien eskuei helduta».

Katalunian bezala, Euskal Herrian ere «etorkizuna» independentzia dela nabarmendu zuten atzoko ekitaldietan. «Katalunia badoa, eta hemen ere gero eta gehiago gara Euskal Herriarentzat aukera hoberena independentzia dela uste dugunok», adierazi zuten Gasteizko ekitaldian. Bidea «luzea» izango dela jakitun, «independentziarako bidaia» prestatzen hasteko deia egin zieten herritarrei. «Gure eguneroko jardueran dago giltza», gaineratu zuten.

Biltzar Nazional Katalanak ere elkartasuna agertu zion Euskal Herriari. Ekitaldietara igorritako mezu baten bitartez, independentziarako bidea lantzera animatu zituen euskal herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.