Katarroaren kontrako erremedio batzuk ez hartzeko gomendatu du Sendagaien Frantziako Agentziak

Actifed Rhume, Dolirhume, Humex Rhume, Nurofen Rhume, Rhinadvil eta Rhinadvilcaps erremedioak ez hartzeko gomendatu dute, buruko odol kolpeak eta miokardioko infartuak eragiten ahal dituztelakoan. Halere, zehaztu dute ondorio txar horiek oso gutxitan gertatzen direla.

Baionako farmazia bat artxiboan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko urriaren 23a
15:57
Entzun

ANSM Sendagaien Frantziako Agentziak gaur publikatutako iritzi batean gomendatu du katarroaren kontrako erremedio batzuk ez erabiltzeko. Zehazki, Actifed Rhume, Dolirhume, Humex Rhume, Nurofen Rhume, Rhinadvil eta Rhinadvilcaps dira erremedio horiek, eta Ipar Euskal Herriko farmazietan eskuragarri dira medikuaren errezetarik gabe. Erremedio horien osagai aktiboa pseudoefedrina da, eta hodi uzkurtzailea da; bestela erranda, sudurra libratzen dute katarroaren ondorioz tapatua denean. Baina, agentziaren arabera, buruko odol kolpeak eta miokardioko infartuak eragiten ahal dituzte.

Zehaztu dute ondorio txar horiek bakan gertatzen direla, baina, hala ere, ez erabiltzea gomendatzeko «bezain larriak» direla. Ondorio txarrak ez dira erabileraren araberakoak, eta ez dute zerikusirik hartutako dosiarekin eta epearekin.

Erremedio hodi-uzkurtzaileak bi eratara har daitezke: pilulatan, edo sudurreko esprai gisa. Pilulak errezetarik gabe har daitezke, eta, agentziaren ustez, erabiltzaileek «molde desegokian» hartzen dituzte. Sudurreko espraiak, berriz, medikuaren errezetarekin soilik eskuratzen ahal dira. Agentziaren arabera, ordea, anitzetan bata bestearen osagarritzat jotzen dituzte erabiltzaileek, eta,halakoetan, are gehiago emendatzen da ondorio txarrak izateko arriskua.

Europako ikerketen zain

Sendagaien Frantziako Agentziak ez du eskumenik erremedio horiek debekatzeko, EMA Sendagaien Europako Agentziaren esku baita hori erabakitzea. Sendagaien Frantziako Agentziak, ordea, EMAri galdegin dio erremedio horiei buruzko ikerketak egitea, eta otsailean hasi zuten horretarako prozedura. Oraindik ez dute ondoriorik jakinarazi.

Izan ere, Sendagaien Frantziako Agentzien arabera, urtero paziente batzuek buruko odol kolpeak eta miokardioko infartuak izan dituzte hotzeriaren kontrako pilula horiek hartu ondoren. Kausa-efektu lotura, hala ere, ez dute erabat frogatu ahal izan. Europako emaitzen esperoan, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian ezin dituzte debekatu, baina farmazialariei galdetu diete ez gehiago saltzeko eta ez aholkatzeko bezeroei. Christelle Ratignier-Carbonneil mediku eta ANSMko zuzendariak herritarrei aholkatu die oraindik etxean dituzten botika horien kaxak farmaziara itzultzeko.

Nahiz eta erremedio horiek «eraginkorrak» diren, agentziak aholkatu du sudurra libratzeko ur anitz edateko, serum fisiologikoa erabiltzeko, burua pixka bat altxatuta lo egiteko eta logelan behar bezalako tenperatura atxikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.