Allande Sokarros

Kazetaria eta ekintzailea

Ipar Euskal Herriko politikagintzan eta Zuberoako kulturgintzan gaztetatik engaiatua izan zen, eta Euskal Herriko hedabide anitzetan aritu zen lanean. Atzo zendu zen, 64 urte zituela.

JOANES ETXEBARRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki - Ainize Madariaga
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Allande Sokarros zendu da, 64 urterekin. Etxebarren jaioa (Zuberoa), urteetan izan zen kazetari Euskaldunon Egunkaria-n, besteak beste. Ekintzailea ere izan da, politika eta kultur arloan nagusiki, eta Zuberoako herri elkargoko presidenteorde ere izan zen. Kultur arloko eragilea zen Zuberoan, maskaradetan eta pastoraletan aditua eta aritua, eta azken urteetan Sü Azia elkartean parte hartzen zuen. 2018ko uztailean euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta Euskalkien, Euskara Batuaren Eskuliburuaren eta Euskara Eskuz Esku egitasmoaren lantaldeetan parte hartzen zuen. Itzultzaile lanetan ere aritzen zen, EEP Euskararen Erakunde Publikoarentzat, besteak beste. «Gure euskal gizartearen ezagutza handia zuen, zuberera eta euskara batua izugarri ontsa menperatuz», adierazi du Battittu Coyos Euskaltzaindiko Ipar Euskal Herriko ordezkariak. «Galtze handia da Zuberoa eta euskararendako».

1980ko hamarkadan piztu zitzaion kontzientzia politikoa, Hego Euskal Herriko gazteriaren «oldartzeak» ikustean. 1980ko martxoan, Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz Iparretarrak erakunde klandestinoko kideak hil ziren, Baionako suprefetaren kontra ezarri nahi zuten lehergailua lehertu zitzaienean. «Garaiko belaunaldi osoa bezala, izugarri erasan ninduen», kontatu zuen Sokarrosek Ipar Euskal Herriko Hitza-n, elkarrizketa batean.

Bera ere IK-ko militante izan zen. «Nire borroka ez zen armatua izan, klandestinoa baizik. Ni armarik gabeko sailean ari nintzen lanean; politikagintzan». 1991n sei hilabete eman zituen preso Parisko La Sante presondegian. 1993an berriz atxilotu zuten, baina aske utzi zuten.

Sokarros pertsona «libre, berezi eta autonomo» gisa deskribatu dio BERRIAri Xan Koskarat IK-ko militante ohiak: «Berak pentsatzen zuena erraten zuen, nahiz eta ez zen beti denen gustukoa». Zuberoari eta Ipar Euskal Herriari zien atxikimendua azpimarratu ditu. «Ikusten zuen Euskal Herriko askapen borrokan Iparraldea ez zela kontuan hartua». Bere burua «anti-ETA» gisa definitzen zuen Sokarrosek, haren «sudur sartzeen erabat kontrakoa» zela erranez. Koskaratek azpimarratu du Ipar Euskal Herriak autonomia estatutu bat lortzea defendatu zuela aspalditik Sokarrosek. «Lehentasun bezala ikusten zuen, baina, beretzat, lehen urrats bat zen».

Kazetaritzan

Kazetaritza arloan jardun izan du urteetan zehar Sokarrosek. Euskaldunon Egunkaria sortu zenean, Ipar Euskal Herriko sinaduretatik bat berea izan zen. Estatuak sailean aritzen zen garaian, Frantziako Estatuko eta haren meneko herrietako informazioak lantzen.«Bere kazetaritza lanei esker euskaraz segitu ahal izan dugu, bereziki Frantziaren meneko herrietan gertatzen zena», azpimarratu du Eneko Bidegain kazetari eta irakasleak. Gerora, Zuberoako aktualitatearen berri ematen ere aritu zen, eta BERRIAn ere jarraitu zuen kolaborazioak egiten. Aitzitik, Ekaitza astekari politikoko erredakzio zuzendaria ere izan zen eta Xiberoko Botzako administrari, laguntzaile eta kronikaria zen. Hitza Pitz bloga ere elikatzen zuen, bere gogoetekin.

Iker Aranburu BERRIAko kazetariak lankide izan zuen.«Hasieratik oso harreman ona izan genuen, bera helduagoa eta ni gaztetxoa, baina beti goxotasun handiarekin, doktrinarik gabe...». Gerora ere behin baino gehiagotan elkartu izan da harekin. «Hegoaldeko askorentzat Zuberoaren atea ireki zuen pertsona izan zen».

«Galtze handia»

Sü Azia elkartean Sokarrosekin ari zen Marcel Bedaxagar. Liburu andana argitaratu dituzte, horien artean, Zuberera-Euskara batua hiztegi txikia, Zuberoan Euskal Telebista hedatzen hasi zirelarik prestatu zutena. Xibokazt podcasta ere abiatu zuten elkarrekin. Zuberoari buruzko esplikazioak ematen zituzten, bereziki ahoskatzeari buruz. «Erakutsi nahi genizun guk nola ematen dugun euskara, ikusirik gero eta gaizkiago mintzo dela zuberotarrez». Astelehenean egin zuten azken alea, eta, Sokarros zendu denez, azkena izanen dela iradoki du Bedaxagarrek.

Sare sozialetan oso aktiboa zen Sokarros, eta han ere izan du omenaldirik. Erabiltzaile andanak azpimarratu dute zuberotarraren heriotzak ekarri duen «galtze handia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.