Gazako kazolak eta eltzeak hutsik daude. Ez dago haiek betetzeko edo gutxienez hondoa estaltzeko janaririk. Jateko bila joatea ere arriskutsua bihurtu da, Israelgo soldaduek tiro egiten baitiete janari bila doazenei. Ezintasun soinua egiten dute Gazako kazolek eta eltzeek.
Amorru zarata atera dute gaur kazolek eta eltzeek Euskal Herrian. Burrunba egin dute Euskal Herriko ehun udalerritan baino gehiagotan, udaletxeen aurrean, Gernika-Palestina herri mugimenduak antolatuta. Genozidioa gelditzeko eskatu dute. Israelekin dituzten lotura guztiak eteteko eskatu diete erakundeei eta enpresei.
Herritarrek ez ezik, deialdiarekin bat egin dute hainbat eragilek eta elkartek: alderdi politikoen (EH Bildu, PSE-EE, Geroa Bai, Ahal Dugu, Sumar, Ezker Anitza) eta sindikatuen (ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, Etxalde, Hiru) ordezkaritza zabal batek eta hainbat eragilek (Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, SOS Arrazakeria, Gure Haurrak Ere Badira, Artistak Genozidioaren aurka...).
Sionismoa zuritzearen kontra
Bilbon mila lagun inguru elkartu dira. Plaza Biribiletik Miguel Unamuno plazara joan dira, eltzeak eta lapikoak jotzen. «Palestina askatu!», oihukatu dute. Israel Palestinan egiten ari dena genozidioa dela gogoratu dute: 64.000 pertsona baino gehiago hil dituela —horietako asko haurrak—, gosea erabili duela suntsiketarako arma gisa, eraso egin diela janaria banatzeko lekuei, ospitaleei eta errefuxiatuen kanpalekuei... «Horrek guztiak izena du: genozidioa».
Israelen kontrako protestek Vueltako Bilboko etaparen bukaera bertan behera uztea lortu zuten. Protesten kontra egin dutenei esan diete Bilbo ez dela ekitaldi erraldoien eszenatokia bakarrik: «Ezetz diogu. Bilbotarrok ez gara isilduko genozidio baten aurrean. Milaka bilbotar eta bizkaitar izan ginen. Ez dugu onartuko sionismoa zuritzea kultur, kirol eta musika ikuskizunen bitartez».
Israelen interesei boikot egiteko eskatu diete herritarrei. «Ez dago ekintza txikirik», esan diete. «Vuelta eta behar den guztia geraraziko dugu, ezin baitugu onartu halako izugarrikeria».