Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa. HONDAKINEN KUDEAKETA

Kea dario berriro

Errauste plantaren proiektua berriz hasteko asmoa azaldu dute oposizioko alderdiek. Ahal Dugu-k ez du bazter uzten. EH Bilduk bereari eutsi nahi dio.

Erakunde ekologistek errauste plantaren aurka egindako protesta bat, Gipuzkoako diputazioaren aurrean. J. CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRES.
inaki petxarroman
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gipuzkoako agintaldiko gai beroenetako bat izan da, tira-bira eta desadostasun askoren sortzaile. Baina hondakinen kudeaketaren eztabaidak ez du etenik, hauteskundeetara aurkeztu diren hiru alderdik —PSE-EEk, EAJk eta PPk— errauste plantaren aldeko apustua egin baitute berriro. Hitz eta intentsitate ezberdinarekin bada ere, hirurak dira EH Bilduren erakundeek egindakoa atzera botatzearen aldekoak.

«Balorizazio energetikoaren aldeko apustua egin, ingurumen gaietan aurreratuen dauden herrialdeetan egiten ari direnaren ildotik. Zer esan nahi du horrek? Birziklatu eta konpostatu ezin diren hondakinak erraustuz, energia sortzea». Programaren sei proposamenetatik lehena du EAJk hondakinena, gaiari ematen dion garrantziaren seinale.

PSE-EEk ere errauste plantarenaldeko apustua egin du, baina irekiago ageri da, esaterako, hondakinak beste herrialdeetara eramateko. «Sakontasunez aztertuko da EAEko herrialdeen arteko balizko lankidetza». Finean,hondakinak Zabalgarbira eramatea. Hori aztertzeko konpromisoa hartuta ere, PSE-EErentzat «lehentasuna» da errefus bolumen errealaren arabera birdimentsionatutako errauste planta bat eraikitzea. Gauza bera aipatu du PPk.

EH Bildu da horren aurka azaldu den bakarra. «Gure errealitatera eta Europaren irizpideetara egokitutako azpiegitura sarea diseinatu dugu. Lehen errauste planta zen ardatza, baina Gipuzkoak ez du horren beharrik».

Ahal Dugu-k berrerabilpenaren, birziklatzearen eta hondakinak gutxitzearen alde egin du. «Politika horren ondorioak erabakigarriak izango dira azpiegiturak erabakitzeko. Ahal Dugu-k ez du baztertzen errauste planta, baina kudeakeaketaren ardura duten administrazioek erabaki behar dute estrategia». Bizkaian errauste planta bat egonda, dena den, beste bat eraikitzea beharrezko ote den ere galdetu du.

Diputazioak agintaldi honetan hondakinen kudeaketan egindako bideak oposiziokoen kritika gogorrak eragin ditu. Finean, kudeaketa horrek helburu bat izan du: errauste plantaren proiektua desaktibatzea. Horretarako, enpresa eraikitzaileekin kontratuak bertan behera uzteko akordioa lortu zuten GHK-k eta diputazioak 2013an, zortzi milioi euroko kalte ordaina eskainita.

Kontratua indarrean jarri zen 2011ko irailean, EAJk eta PSEk artean kontrolatzen zuten GHK-ko administrazio kontseiluak sinatu egin zuelako, Bilduk gidaritza hartu baino astebete lehenago.

Sei hilabete lehenago lotu zuten errauste plantarentzako finantzazioa ere, Europako Inbertsio Bankuarekin (195 milioi euro) eta Banesto eta La Caixa bankuekin (67,5 milioi). Bi banku horiekin sinatu zituen GHK-k agintaldi osoan zeresan handia eman duten swap edo interes tasa truke finantzarioak. Arrisku handiko inbertsio kontratuak dira, haien zama bizkar gainean daramate Gipuzkoako erakundeek. Izan ere, dirua erabili ez arren, 670.000 euro ari dira ordaintzen hilero interesengatik. Donostiako Auzitegiak, gainera, ordaintzen jarraitu behar duela ebatzi du, GHK-k jarritako salaketa atzera botata. GHK-k helegitea jarri du erabakiaren aurka.

Bilketa eta galdeketak

EH Bilduren erakundeek, errauste planta gelditzeaz gain, hondakinen bilketa sistema irauli dute herrietan eta mankomunitateetan. Jada hondakinen erdiak gaika biltzen ditu Gipuzkoak, eta bildutako materia organikoa 5.000 tonatik 25.000 tonara handitu du 2011tik 2014ra. Oraingoz organikoaren zati handi bat Funesera (Nafarroa) eramaten ari dira, eta beste zati bat Lapatxera (Azpeitia). Epelen (Bergara) egiten ari dira beste konpost planta bat, eta 2015ean jarriko dute martxan.

Horrez gain, Gipuzkoak agindu du herrialdean irekita dauden zabortegiak itxiko dituela 2016rako. Urtetakoa (Zarautz) iazko abenduan itxi zuten, eta Lapatx aurtengo udazkenean itxiko dute. Sasieta (Beasain) orain obretan dago, eta 2016rako itxiko dute, aurreikusita dauden azpiegiturak egiten badira, behintzat.

Izan ere, Bilduk ez du lortu martxan jarri nahi zituen azpiegiturak bideratzea. Horien artean oinarrizkoa Zubietako tratamendu mekaniko biologikorako (TMB) planta. 170.000 tona jasotzeko ahalmena izango luke azpiegitura horrek, nahiz eta, 2016an, eta aurreikusita dagoen bezala, %60ko birziklatze tasa lortuz gero, 126.000 tona jasoko lituzkeen —errauste planta 260.000 tonarako diseinatu zuten—. Han tratatu eta gero, 70.000tona errefus geratuko litzateke, Zestoako Osinbeltzeko materia geldoen biltegira eramateko.

Hain zuzen ere, bi azpiegitura horiek eman dute zeresanik. TMB plantak, adibidez, ez du lortu Jaurlaritzaren ingurumen baimen bateratua, errauste planta hondakinen planetik desagertuta, hasierako proiektuan «funtsezko aldaketak» egin dituztela argudiatuta. Beraz, beste proiektu bat aurkeztu beharko du Gipuzkoak, eta horrek urtebete atzeratuko ditu obrak. Osinbeltzen ere eragingo du horrek.

Materia geldoen planta horrek kritikak jaso ditu oposiziotik. Esate baterako, EAJk esan du Bilduk «iraganeko» apustua egin duela «zabortegi» berriak eraikita. Bilduk ohartarazi du Osinbeltzekoak ez duela zerikusirik zabortegi batekin, hara eramango den materiak ez duelako kutsadurarik sortuko. Aldi berean, iragarri du herri galdeketa bat antolatuko duela Zestoan gaiaren inguruan.

Bide batez, atez ateko bilketa herri askotara zabalduta, zenbait tokitan liskar politikoa ere izan da, esaterako, Legazpin, Zizurkilen, Azkoitin, Bergaran eta Pasaian. Giro hori asko apaldu da, eta atez atekoarenaldeko apustua egin duten herrietan, Bergaran eta Pasaian, adibidez, hondakinen %75 baino gehiago gaika biltzen dituzte. Edonola ere, oposizioko alderdiek atez ateko bilketa bertan behera uzteko konpromisoa hartu dute, EAJren kasuan bezala, herri galdeketak eginez. Errauste plantari buruz, berriz, ez du aurreikusten galdeketarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE