BILBO. KES Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak «egokitzat» jo du Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Publikoaren lege aurreproiektua, baina «kezka» adierazi du hizkuntza eskakizunen inguruan. Legearen inguruko txosten bat egin du, eta adierazi du «arretaz» aztertu behar dela euskara eskakizunen eta normalizaio planen auzia; 2015ean ere iritzi bera agertu zuen. KESen ustez, «eskatutako hizkuntza profila egiaztatu ezin duten langileen ibilbide profesionalean ondorioak» izan ditzakete euskara administrazioan normalizatzeko neurriek: «Helburua da barne sustapena ez blokeatzea». Ildo horretan, 45 urte gainditzen dituzten funtzionarioak euskara maila egiaztatzetik salbuestea proposatu du KESek.
Bestalde, administrazioko langileen artean dagoen behin-behinekotasunarekin ere kezka adierazi du: «Nekez justifikatu daitekeen anomalia bat da». Era berean, berdintasun planei buruzko xedapena aurreproiektutik desagertu izana gaitzetsi du; «ezinbestekotzat» jo du alor hori berreskuratzea.