Ikastolen jaiak

Kilometroak 2023, «marea bizi bat» Errenterian

Gipuzkoako ikastolen festak jendea erruz erakarri du, giro paregabean

Kilometroak jaiaren une bat, gaur, Errenterian (Gipuzkoa). MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2023ko urriaren 1a
17:55
Entzun

Udazken beteko uda giroak ere lagundu du, eta jende asko hurbildu da gaur 2023ko Kilometroak jaira, Errenteriara. Erriola leloa ardatz, ekitaldi ugari egin dira urte osoan zehar, eta urriko lehen igandearekin biribildu da prozesua. Herri gunean izan dira ekitaldi guztiak, eta jai giro ederra nagusitu da. Antolatzaileen hitzetan, «marea bizi bat» izan da Errenteria.

Goizeko ekitaldian agintari ugari elkartu dira. Orereta ikastolako lehendakari Itziar Navarrok harrera egin die, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozari, eta herriko alkate Aizpea Otaegiri. Hainbat tokitan hartu dute hitza, eta aparteko izaera eman diote era horretan jaiaren hasierari. Ikastolen Elkarteko ordezkaritza zabala ere izan da.

Nakane Artola Ikastolen Elkarteko ordezkariak EAEn ontzen ari diren Hezkuntza Legea hizpide izan du ekitaldian. «Ahalik eta lege onena eta zehatzena nahi dugu», esan du. «Ausardia» eskatu du bidean, eta begirada zabal bat. Lurraldetasunari begirako gogoetak egin ditu. «Ikastolok Euskal Herria bere osotasunean landuko duen lege bat aldarrikatzen dugu», azaldu du. Eta eskola ereduari begirakoak. «Publiko-pribatua dikotomia faltsua gaindituko duen legea nahi dugu. Eredu herritar komunitarioa da gurea, eta ez gara identifikatuta sentitzen itunpeko ikastetxe pribatu terminoarekin. Ikastolak gara!».

Erantzun egin dio Bildarratzek. «Hezkuntza Legeak zerbait nahi baldin badu, gaur kalean ikusten ari garena da: hezkuntza komunitatea», azaldu du. Eta etorkizuneko erronken sakontasuna gogora ekarri nahi izan du. «Hiru ardatz azpimarratu nahiko nituzke datozen urteotarako: jaiotze tasa, hizkuntza eta aniztasuna».

Nekane Artola bada Kilometroak elkarteko lehendakaria ere, eta jaiaren lekukoa jaso du; datozen asteetan jakingo da nork antolatuko duen jaia heldu den urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.